Kontzeptua

Artoa

Aita Larramendik (1690-1766) Gipuzkoari buruzko lanean idatzitako testua da.

Artoa gehiago erabiltzen da Gipuzkoan; Gonzalo Percáizteguik ekarri zuen lehenengoz Indietatik, eta gero beste probintzietara zabaldu zen. Ugari datorren alea da, eta San Markos egunetik aurrera landatu behar da. Horren irinarekin ogi handiak eta txikiak egiten dira, eta opil meheak, bero daudenean onak direnak, eta baita ere ogi sendoagoak; eta ohitzen direnez, jende askok gari-ogia baino nahiago ditu. Eta mendi-gizonek, ikazkinek, egurgileek eta bestek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-irinez egindakoa baizik, elikagai sendoa delako, eta hori janez hobe egiten diotelako aurre euren lanari gari-ogia janez baino. Eta horrela irina mendira eramaten dute, txaboletan masa landu eta artopilak egiten dituzte, errauts azpian egosten dituztenak. Horrekin eta era berean elikagai sendoa diren egositako babekin ekaitz guztiei egiten diete aurre, euri-jasei, izozteei, elurteei eta urakanei. Jende pobre eta nekazarien ohiko ogia ere bada artoa.

Fausto Arocena Hernaniko udal artxiboan aritu zen Gonzalo de Percaztegui edo Percaizteguiri buruzko datuak ikertzen. Izen hori zuen pertsona baten berri aurkitu zuen bertan, 1538an jaio eta Hernaniko alkate izatera iritsi zena (1574-1575). 1576ko apirilaren 28an hil zen. Arocenak bere ikerlanean ondorioztatu zuenez, Gonzalo de Percaztegui edo Percaiztegui hori Aita Larramendik aipatutako berbera izan bazen, 1552 eta 1560 urteen artean egon zen Indietan, baina zalantzan jartzen du datua. Guk pertsona berbera ez zirela ondorioztatu dugu. Izan ere, 1552 eta 1571 urteen bitartean Hernaniko eskribau izan zela jakin dugu. Era berean, Arocenak dio Hernanin bizi bazen ere Markinan jaioa izan zitekeela. Azkenik, ikertzailearen arabera, litekeena da artoa Percaiztegui jaio baino lehen ere izatea Gipuzkoan, 1521eko dokumentua baitago Donostian arto-zelaiak aipatzen dituena (era berean adierazten du litekeena dela eskribauak arto-zelaiak aipatzean mahastiak edo mahatsa esan nahi izatea).

Beraz, ez dakigu ziur hernaniarra izan ote zen gure probintzian artoa sartu zuena. Baina hala izan bazen edo ez bazen ere, artikulua bere oroimenez landu dugu.

Larousse entziklopedia ospetsuaren arabera, 1604. urtean sartu zuen artoa Asturiasen Gonzalo Méndez de Cancio Floridako gobernadoreak (beste Gonzalo bat, paralelismo bitxia). XVIII. mendean hedatu zen Europan, batez ere Kantauri aldean.

Artoa Mesoamerikako elikagai nagusia izan da eta gaur egun ere hala da. Bertako biztanleek hasieran basa-artoa erabili zuten, eta gero, landatzen ikasi zutenean, tamaina eta kalitate hobeko alea lortu zuten. Gainera, zonalde horretan elikagai hutsa izatetik herri kulturaren osagai izatera iritsi da.

Artoaren jatorriari buruz hainbat bertsio daude. Horrela azaltzen du horietako bat maien mitoak eta kondairak jasotzen dituen Chumayelen Chilan Balan liburuak:

Artoa haitz handi baten azpian zegoen ezkutatuta, eta inurriek bakarrik zuten haren berri. Egun batean azeriak inurriei erori zitzaizkien ale batzuk aurkitu eta jan egin zituen. Ezin hobeak iruditu zitzaizkion. Gau horretan inurriak artoa zegoen tokira itzuli zirenean azeria atzetik joan zitzaien, baina haitzaren arrakala estuegia zen berarentzat eta ezin izan zuen artorik hartu. Horrenbestez, inurriei erori zitzaizkien aleak besterik ezin izan zituen jan.

Gainontzeko animaliengana itzuli zenean, azeriak puzkerra bota zuen; beste animaliek azeriak zer jan ote zuen jakin nahi izan zuten, haren haizeen usaina ona baitzen. Azeriak ukatu egin zien elikagai berria aurkitu zuenik, baina beste animaliak ezkutuan atzetik joan zitzaizkion eta jaten zuena ikusi zuten. Haiek ere artoa jan zuten, gustatu zitzaien eta ale gehiago ateratzeko eskatu zieten inurriei. Hasieran inurriek beste animalien eskaria onartu zuten, baina gero konturatu ziren ez zegoela guztientzako arto nahikorik, eta ale gehiago ateratzeari uko egin zioten. Animaliek laguntza eskatu zieten inurri gorri handiei, gero arratoiei, baina ezin izan ziren arrakalatik sartu. Azkenik, elikagai zoragarri haren sekretuaren berri eman zioten gizakiari, eta hark haitza apurtu eta artoa atera ahal izan zuen.

Yucataneko (Mexiko) kondaira da. Guatemalan izan nintzenean, Atitlan inguruan, bestela kontatu zidaten kondaira bera. Interesgarria delakoan jarraian azalduko dut:

Duela urte mordoa gizakiak ez zuen artoa ezagutzen. Egun batean arto-alea bizkarrean zeraman inurria aurkitu zuen azeriak. Alea jan zuen eta gustatu egin zitzaion. Gero gainontzeko animaliek ere probatu zuten, gustatu zitzaien, eta azkenean gizakiak ere jan zuen. Alea nondik zetorren jakin nahi izan zuen gizakiak, eta konturatu zen inurriak haitz batzuen atzetik ateratzen zuela, zulotxo batetik. Gizakiak elikagai hori nahi zuen, eta gau eta egun errezatzen eta errituak egiten hasi zen. Chac euriaren jainkoari errezatzen zion, tximista batekin haitza apur zezan, modu horretan barrura sartu eta artoa hartu ahal izateko. Chac jainkoak hasieran ezetz esan bazuen ere, azkenean bere laguntzaileari baimena eman zion gizakiek eskatutakoa egiteko. Gau euritsu batean laguntzailea haitz gainera tximistak jaurtitzen hasi zen, baina gaztea zenez ez zuen lortu. Laguntzaileak gertatutakoa azaldu zion gizakiari, Chac jainkoari errezatzen segi zezan adierazi zion, eta berak ere laguntzeko eskatuko ziola agindu zion. Azkenean Chac jainkoak gizakiari laguntzea erabaki zuen. Horretarako okilari deitu eta mendi osoan haitzari mokoka egiteko eskatu zion. Horrela, soinuagatik, haitzaren alderik ahulena zein zen jakingo zuen eta bertara bideratuko zituen bere tximistak. Toki hori aurkitzean alde batera jar zedila esan zion txoriari, tximistak jo ez zezan. Txoria lanean hasi eta haitzaren alderik ahulena aurkitu zuen. Chac jainkoak tximistak jaurti zituen eta haitza apurtu zuen. Txoria, jainkoak esandakoari muzin eginez, haitza apurtutakoan barrura sartu zen zer zegoen ikustera. Orduan harria erori zitzaion buru gainera eta odoletan hasi zen. Horregatik du gaur egun okilak burua gorri. Odola artoaren gainera erori zen. Odol gehien jaso zuen artoa beltz gelditu zen, eta urrutiago zegoena, berriz, gorri. Odolarekin ia busti ez zena hori gelditu zen, eta batere busti gabea, berriz, zuri. Hori da artoaren koloreen jatorria.

Euskal Herrian ere baditugu artoaren jatorriari buruzko kondairak. On Jose Miguel Barandiaranek bildutakoak dio Samartinek (San Martin), Samartintxiki eta San Martinico ere esaten ziotenak, lapurtu zuela artoaren hazia:

Ondoren honako kanta hau entzun zuen: Elorritxoa loran dago, artoa ereinda lo dago. Horrek artoa ereiteko garaia adierazten zuen, eta landatzetik ernamuintzen zen arte lo zegoela esaten zuen. Uste horrek lotura du, zalantzarik gabe, erne hitzaren ernamuindu eta esnatu esanahiekin. Kondairaren beste bertsio batean Basajaunek horrela abesten du: Elorritxoa loran dago, arica ereiten giro dago.

Kondairen arabera, Samartinek lehen gari-haziak, zerra eta soldadura egiteko sekretua eta errotak eraikitzeko era hobeak ere ostu zizkien.

Zalantzarik gabe, kultura guztietan bizirauteko funtsezkoak diren elementuek euren jatorriari buruzko azalpena behar dute. Hortik sortu dira mitoak eta kondairak, artoarena kasu.