Kontzeptua

Txuntxuneroa

Txuntxuneroa, tuntuneroa, thunthuneroa, ttunttuneroa... izan dira Euskal Herrian esku bateko flauta (gaur egun normalean txistu izenaz ezagutzen dugu euskal adierazlea) eta danborra batera jotzen duen musikaria izendatzeko hitz arruntak. Ez da horretarako erabili izan den izen bakarra. Euskaraz, danbolin, danbolintero eta beste forma batzuk gogokoenak izan dira. Nabaria den bezala, hitz hauek jotzen den danborratik, eta ez flautatik, eratortzen dira. Horrelako musika-tresnak jotzen diren ia leku guztietan gertatzen da hau, zalantzarik gabe instrumentu hauen tradizioan flautaren gaineko izandako danborraren nagusitasunaren seinalea. Euskal Herrian, Iztuetaren testigantzaren arabera (1824), XVIII. mendean instrumentu hauen interpreteek nahiago zuten flautarekin zerikusia zuten erderazko izenak, eta batez ere silbo. Gaur egun gehien erabiltzen den hitza, txistularia, ez da ia XIX. mendeko amaiera arte agertzen, eta bakarrik 1930reko hamarkadan, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak bultzatu ondoren, zabaldu eta normalizatu zen.