|
Gora behera handiko historia da pinturarena Euskal Herrian. Paleolitoko aztarnen ugaritasuna eta kalitatea eta Aro Garaikideko egoera oparoaren artean, garai ahulagoak tartekatzen dira egoera ekonomiko eta sozial eskasagoei lotuta.
Hala ere, salbuespenak salbuespen, Euskal Herria ez zen izan pintore handien lurraldea, inguruko lurraldeen egoera ekonomiko aberatsagoarekin alderatzen badugu behintzat. Horrela, batez ere XV. mendetik aurrera Europako pinturak aukeratu zuen euskarri eramangarriari esker, arte zentro nagusietatik ekarritako pintura edo koadro asko ditugu Euskal Herriko elizetan edo museotan gordeta.
Frantzia eta Espainiako estatuetan pintura lan gehienak boterearekin lotuta egon ziren historian zehar, eta Euskal Herriak botere gune horiek bere lurraldean oso gutxitan izan zituen, Nafarroako gortea kenduta. Hain zuzen Erdi Aroko pinturak, gotikoak batez ere, garapen handi xamarra izan zuen Nafarroako erresuman.
Bestalde, XV. eta XVI. mendetan Euskal Herriko hiri eta herri batzuek Flandesko hiriekin izan zituen harremanak lurralde haietatik ekarritako pintura ugari gordetzearen arrazoia da.
Azkenik, XIX. mendearen bukaera aldera Euskal Herriak izan zuen industri iraultzak ekonomi sistema modernoa ezarri zuen, Bilbo aldean batez ere. Horrek pintura modernoaren hasiera ahalbidetu zuen eta horregatik produkzio zentro nagusi bihurtu zen, pinturaren protagonismoarekin gainera.