Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

Esan bezala, XIX. mendea baino lehen Euskal Herria pintura inportatzailetzat har dezakegu; ez dugu tailer nabarmenik ikusten edo ereduak eta berrikuntzak emateko indarra duen tailerrik edo pintorerik.

XIX. mendearen lehen urteek ildo horretatik jarraituko dute. Hala ere, Euskal Herriko pintore batzuek Parisko eta Madrilgo Akademietara joaten hasi ziren, nahiz eta oso gutxik nazioarteko mailara edo ezagun egitera iritsi. Akademiatik irtendako pintorearen eredutzat har dezakegu Leon Bonnat baionarra (1833-1922). Akademian ikasi ondoren, Erroma zen pintore guztien egin beharreko egonaldia, gero beraien hiri edo herrietara itzultzerakoan eredu klasikotan oinarritutako pintura egiteko, gaia edozein zela ere. Bonnatek, bost urte Erroman pasa ondoren, Parisera bueltatu zen pintatzera eta ordutik Baiona eta Paris artean izan zuen bere tailerra. Erretratuak, historia koadroak, alegoriak eta Euskal Herriko paisaia eta ohiturak irudikatzen zuen genero pintura egin zuen Parisko eta, oro har, Europako aberatsen artean saltzeko.

Madrilgo Akademiara joan zirenen artean, Pancho Bringas, Eduardo Zamacois, Antonio Lekuona, Juan Barroeta, Jose Etxenagusia, Eugenio Azkue, Alejandrino Irureta, Eugenio Arruti eta Ricardo Ugarte aipatu behar ditugu.

Horietako gutxi batzuek pixkanaka Bilbon biltzen hasi ziren, hiria jasaten ari zen aldaketa ekonomikoen babesean.

XIX. mendearen azken urtetan Bilbo pintura zentro izateko urratsak ematen ari zen: artea eskatzen zuten burges aberatsak mezenas lana egiteko prest zeuden, artea salerosketarako produktu bihurtzen ari zen, arte azpiegiturak garatzen ari ziren -Arte eta Ogibide Eskola, saltzeko tokiak, artisten topaketak, erakusketak-, eta arteari gero eta babes sozial handiagoa ematen ari zitzaion.

Aldaketa hauek guztiek arte modernoaren aldaketekin bat egin zuten XIX. mendearen azken urtetan eta XX. mendearen hasieran. Jadanik artistek ez zuten Akademiak inposatutako bidea jarraitu nahi izan eta hegoaldetik Madrilera jo beharrean, Parisko berrikuntzak ikusi eta ikasi nahi zituzten. Horregatik Adolfo Guiardek Akademiako bideari uko egin zion eta 1878 Parisera jo zuen. Bitartean, euskalduna ez zena baina Euskal Herriarekin lotura zuen Dario de Regoyos pintorea, Bruselasen zegoen bertako berrikuntzen parte hartzen. Bi pintore hauen berezitasuna ikasitako guztiarekin Euskal Herrira bueltatzea izan zen. Horrela pintura modernoa Euskal Herrira iritsi zen.

Akademiaren kontrako bide inpresionista eta inpresionismoaren ondorengoak bat egin zuten lehen aipatutako Bilboren aldaketa ekonomikoekin; horrela, hiria Euskal Herriko pintura zentro garrantzitsuena bilakatu zen.

Guiarden eta Regoyosen bideari jarraitu zioten XIX. mendearen bukaeran pintore gazteagoak: Ignazio Zuloaga, Manuel Losada eta Frantzisko Iturrino, adibidez. XX. mendearen hasieran, berriz, Angel Larroque, Alberto Arrue, Jose Arrue, Aurelio Arteta, Gustavo Maeztu, Antonio Gezala, Juan Etxebarria, Julian Tellaetxe eta, modu batera edo bestera, Valentin eta Ramon Zubiaurre.

Mendearen hasierarekin batera Regoyosek, Guiard eta Losadak arte modernoko erakusketak antolatzen hasi ziren; zertxobait beranduago, 1911n, lehen aipatutako artista askok Asociación de Artistas Vascos delakoa osatu zuten, gizartean eragin handiagoa izango zutelakoan.

Mende hasieran Parisen ibilitako artista belaunaldi honen asmoa tokiari lotutako arte modernoa, baina ez puskatzailea, egitea zen. Horrela, hasi zen euskal pinturari buruz hitz egiten, batez ere, Juan de la Encina -Ricardo Gutierrez Abascalen ezizena- arte kritikoak La Trama del Arte Vasco izeneko liburua argitaratu zuenean 1919an. Ordutik aurrera euskal artearen balizko izateari buruzko eztabaidak ugaritu ziren, nahiz eta ia beti arteari baino gehiago pinturari buruz hitz egiten zuten. Hain zuzen, pinturaren nagusitasuna da garai horretako artearen ezaugarrietako bat.

Pintura modernoa eta, aldi berean, tradizioan oinarritutakoa lortzearen aldeko joerak jarraipena izan zuen 20ko eta 30eko hamarkadetan, gazteagoak ziren pintoreen eskutik. Hala ere, inpresionismoaren ondorengo berrikuntza plastikoak nagusi izan arren, abangoardien ekarpen oso puntualak ikusiko ditugu garai honetako pintura lanetan, adibidez, Jose Maria Uzelai, Juan Aranoa, Jose Benito Bikandi, Jeronimo Urrutia, Asuncion Garcia Asarta eta abarren koadroetan.

Errepublikaren urteetan abangoardien joera batzuek eragina izan zuten Espainiako eta Euskal Herriko artearengan, batez ere Surrealismoak. Artista gazteagoak, tradizioaren zama kentzeko edo tradizioarekin beste moduko harremana izateko gogoa zuten. Oteizaren eskulturan jatorrira buelta ikus daitekeen modura, Nikolas Lekuonaren pinturan lurrarekin duen harreman suma daiteke; Juan Cabanas Erauskin, Jesus Olasagasti eta Carlos Riberarekin batera Madril aldean surrealismoarekin zegoen harremana erakusten du. Aurreko urtetako pinturaren eragin handiagoa jasan zuten Gaspar Montes Iturriozek, Bienabe Artiak eta Flores Kaperotxipik.