Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

XVI. mendetik aurrera pinturaren egoerak ia aldaketa handirik gabe jarraitu zuen Barrokoko mendetan. Lehen aipatutako hiru joera nagusiak jarraipena izan zuten: erretaulak margotzeko lanak, horma pintura elizetan nahiz jauregietan, eta kanpoko pinturaren ekartzea.

Agian, azken honen indartzea izan daiteke garaiko ezaugarririk aipagarriena. Barrokoan pinturak garrantzi handia hartu zuen, Kontrarreforma katolikoaren ondorioz elizak eskaera handitu zuelako eta lurralde protestanteetan burgesiak neurri ez oso handiko eta gai ezberdinetako pintura lanak eskatzen hasi zelako. Horrela, Flandesko, Italiako, Parisko, Gaztelako, Andaluziako, Valentziako, eta beste gune aktiboetako pintura lanak iritsi zitzaizkigun XVII. eta XVIII. mendetan.

Jatorrizko tokitan gordetzen direnen artean, Mutrikuko Zurbaranen Kristo gurutziltzatua eta Iruñako Agustina Errekoletoen Vicente Carduchoren Ama Birjina aipatu daitezke. Gasteizko bilduma partikular batean berriz Murillok pintatutako Antonio de Salcedo y Hurtado de Mendoza delakoaren erretratua dago.

Museotan, bestalde, elizetatik, komentuetatik eta bilduma partikularretatik iritsitako lan ugari daude, adibidez Berantevillako Alonso Canonen Ama Birjina eta Riberaren hiru koadro Gasteizko Santo Domingo komentutik iritsita Arte Sakratuko Museora.

Hala ere, Bilboko Arte Ederretako Museoan, Baionako Bonnat Museoan, Nafarroako Museoan, Gasteizko Arte Sakratuko Museoan, Donostiako San Telmo Museoan eta beste museo partikularretan, Europako Barroko garaiko artelan ugari ikusi daitezke.

Bertako pintore eta tailerrei dagokionez, erretaulak margotzen jarraitu zuten, koadroak eta horma pintura lantzearekin batera.

Agian Nafarroako Erriberan kokatu behar ditugu garaiko tailerrik aktiboenak. Aragoiko jatorria zuen Vicente Berdusan pintoreak Tuteran tailerra jarri zuen eta kalitatezko lan asko egin zituen Madrilgo estiloari jarraituta.

Hala ere, lurralde guztietan egon ziren pintura tailerrak, baina kalitate eskas xamarrekoak. Aipagarria da Iparraldean XVII. eta XVIII. mendetan erretaulagintzaren garapenak pintore tailerra bultzatu izana, batez ere pintatutako oholak eskatzen zirelako erretauletan kokatzeko. Dartigacave izeneko familiak lan asko egin zuen Nafarroa Behereko Oragarreko elizako erretauletan ikus daitekeenaren arabera.

Euskal Herritik kanpo lan egindako euskal pintoreen artean, Baltasar Etxaberen jarraitzaileak aipatu behar dira Mexikon eta Ignazio Iriarte Sevillan, azken horren paisaiak azpimarratu daitezke, garaiko pintura generoaren garapena dela eta.