Kontzeptua

Artearen Historia. Modernitatea

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektismoa Euskal Herrian egindako arkitektura-lanik gehienen estilo nagusia izan zen. Hala ere, aldi horren ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Bere sorkuntzatik forma eta funtzioa bat eginarazi, material berriak erabili, eraikuntzen beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagokien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria-formak erabiltzea proposatzera zetorren lengoaia berri hori bere garaiko gizartearen beharrizanekiko arkitektura-erantzun bezala egituratu zen. Bere beharrizanak betetzeko bakarrik ez ezik, nabarmentzeko ere, antzaldaketa eta aldaketa prozesu etengabean zebilen gizarte horrek arkitektura erabili izan zuen.

Berriz ere, bigarren korronte hau Euskal Herrian sartzerako orduan Iparraldeak betekizun erabakigarria izan zuen. Horretara, estilo neoeuskalduna garatzen zihoan hamarkada berean, Iparraldean ere Lapurdiko itsasertzaren turismo abiadarengatik bultzatu eta era formal garbi batez lengoaia modernoa sortu zuten arkitektoek sustatutako arrazionaltasunaren erabilerara bideratutako art déco izeneko estilo bat ere hedatu zen. Adierazitako arkitektura mota horren adibideetariko bat Donibane Lohizungo Robert Mallet Stevens arkitekto frantziarrak egindako kasinoa dugu.

Arte

Era berean, gainerako Euskal Herrian mendearen lehen bi hamarkadetatik aurrera lengoaia modernoa besarkatu gabe, xehetasunetariko batzuetan gerora izan zen arrazionaltasuna izendatuko den mugimendurantz joko duten eraikuntzak aurkituz joango gara. Eraikuntzon artean azpimarragarriak dira Mario Camiñak egindako Gorlizko Erietxeaz gain, lehen estilo modernoaren garapenean hain garrantzitsua izan zen itsaso-estetikaren xehetasunak biltzen dituen Antonio Araluceren Algortako Igeretxe balnearioa eta hiru arkitekto bizkaitarren -Teodoro de Anasagasti, Antonio Palacio eta Secundino Zuazo- lana, egindako lanik garrantzitsuenak Euskalerritik at egin bazituzten ere, gaztaroko proiekturen batzuetan Bilbon modernotzat hartu ditzakegun espirituaren aztarnak utzi baitzituzten.

Hirugarren hamarkadatik aurrera lengoaia modernoaren postulatuen onarpena zabalagoa izan zen eta euskal gizartean erabiltzen saiatu ziren lengoaia eurenganatu zuten arkitektoen belaunaldi bat sortu zen. Belaunaldi horrek protagonista esanguratsu bat izan zuen Jose Manuel Aizpurua gipuzkoarrarengan eta Joaquin Labayenekin, eta arkitekto gazte talde txiki batez -Luis Vallejo, Joaquín Zarranz, Tomás Bilbao, Eduardo Lagarde eta Jose Antonio Ponte, besteak beste- GATEPACaren (Arkitektura Garaikidearen Aurrerapenerako Espainiar Teknikari eta Arkitektoen Taldea) abentura sortzaileari gehitu zitzaizkion Euskal Herrian talde horren ipargunea eratuz. Talde horren helburua eklektikotasuna ordeztu zezan forma arrazionalista eta espiritu modernodun arkitektura berri bat egitea izan zen.

Arte

Estilo horretan egindako lanak urriak izan ziren arren, sortu ziren gutxiak berritzaileak izateaz gain esanguratsu azaldu ziren. Aipagarriena Aizpurua eta Labayenen Donostiako Club Nautico izenekoa izan zen, estetika berriaren eredua, iraganeko arkitekturarekin berariaz etena sortaraztera zetorrena eta elementu arrazionalista eta espresionistak harmonizatu zituenak. Taldeko gainerako kideek ere Tomas Bilbaoren Bilboko Ripa kaleko etxebizitzen eraikina bezalako edifizio batzuk eraikitzea lortu zuten. Hala ere, egindako eraikuntzarik gehienak taldekide izan gabe taldeko kideak ezagutu eta taldearen beraren jardueren informazioak jasotzen zituzten arkitektoek egindakoak izan ziren. Horrela, Fernando Arzadunek Bermeon Kikunbera etxebizitza eraiki zuen, Emiliano Amannek Bilbon Solokoetxeko etxebizitzak, edo Pablo Zabalok Biasterin Lezako tuberkulosiaren aurkako osasun-egoitza.

Hogeita hamargarren hamarkadaren amaieran, lengoaia modernoaren asimilazioa eta onarpena askoz hedatuagoa izan zen eta aurreko hamarkadan bezalako hain kanoniko eta hitzez hitzeko ikuspegitik baino azal azaleko izaeradun era garbi batez lengoaia modernoaren erabilera gauzatzen zuen art décoren irakurketatik egindako adibide gehiago aurkitu ditzakegu. Estilo horretan eraiki zituzten Manuel Maria Smithek Areetan etxebizitzen eraikin bat, Manuel Ignacio Galíndezek Bilbon egindako Equitativa eraikina, eta konpainia berarentzako Fernando Arzadunek Donostian egindakoa, Gasteizen José Luis López Uraldek egindako Goya zerbitzugunea eta San Antonio Kalean Jesus Guinearen etxebizitza-sorta, eta Iruñan Joaquin Zarranzek egindako Sarasate Ibilbideko Caja Navarraren eraikina.

Hala eta guztiz aldi honen amaieran ere Luis Astizaranen Arrasateko Unión Cerrajera eta Billabonako SACEM fabrikak, Manuel eta Enrique Laborderen Andoaingo Laborde Anaiak fabrika, Eugenio Maria de Aguinagaren Donostiako Sollube etxea, Aizpurua eta Eduardo Lagarderen etxebizitza-eraikina eta Pedro de Ispizuaren Bilboko Luis Briñas eskola-multzoa bezalako eraikuntzen kasuan estilo moderno berriari era kanonikoago baten erantzuten zioten eraikuntzak aurki ditzakegu.

Amaitzeko garai horretan arkitekto berezi bat nabarmendu beharra dago, ordura arte ikusitako guztia laburbiltzen duena: Victor Eusa nafarra. Bere lana Iruñan egindakoa izanik, Eusak ikuspegi pertsonal eta asmatzaile batetik jatortasun material eta egiturazkoarengatik, bolumenen erabilerarekiko trebetasunagatik eta eraikuntza-zintzotasunagatik beti nabarmendu izan zen lanean lengoaia eklektikoa, modernista eta modernoa bateratzen jakin zituen. Bere lanik interesgarrienen artean Iruñan, Seminarioa, Eskolapioen Ikastetxea, Miserikordiaren Etxea eta Bahia eraikina aipatu ditzakegu, eta Tafallari dagokionez udalerri horretako nagusien etxea.