Kontzeptua

Artearen Historia. Modernitatea

Arte

Jakintza-arlo plastikoen artean, margolaritza izan zen aldi honetan zehar garapen mailarik handiena lortu zuena. Geroago eta handiagoa eta aberatsagoa zen burgesia bezeria zorrotza izatera iritsi zen zeren, bai beraien ekonomia kaudimena bai euren giza-ospea ere, margo-lanak erosi izateak islatzen zuen. Margolaritzaren gorakada hori artista ugariren agerpenarekin eta bereizgarri eraberritzaile batzuen abiarazpenarekin batera eman zen. Edozelan ere, sarreran aipatu dugun bezala, euskal arte-testuinguruan ez zen bere garaiko abangoardiaren aldeko erantzun ez azkarrik ez muturrekorik nagusitu, Frantziatik zetozen bereizgarri berritzaile batzuen bereganatze motel eta mailakatua baizik.

Horrela, inpresionismoa, sinbolismoa eta postinpresionismoa izan ziren gure artistek Parisera egindako bidaia ugarien bitartez garaiko euskal artea zehaztu zuten hiru mugimendurik garrantzitsuenak. Gehienek, atzerrian izan zituzten egonaldiez geroztik, lengoaia berriak azal azaletik egokitzen zituzten, jada nagusia zen gogoa konbentzionaltasunak eta kontserbadoretasunak zehazten baitzuten. Horrela, Guinea, Guiard eta Regoyosen belaunaldiari, euskal artearen inguruan eragin handia izan zuen XIX. mendearen azkenetan jaiotako artisten belaunaldi ugari eta berri batek jarraitu zion. Une horretan euskal artearen hiriburua Bilbo izan zen; hiriburu horretan bizi izan ziren artistarik garrantzitsuenak, interesik nagusieneko erakusketak eta lehiaketak ospatzen ziren, eta asoziazionismoak funtsezko eragina izan zuen, garaiko arte-inguruaren dinamizatzailerik garrantzitsuena Euskal Artisten Elkartea -Bilbon 1911n sortua- nabarmenduz.

Jatorri ezberdinetako margolariak integratu zireneko belaunaldi horrek, XIX. mendeko euskal margolaritzarena zen ezarritako lengoaia klasikoari paristar eraginak erantsiz joateko joera nagusiarekin jarraitu zuen. Hala ere, eraginaren eta bere asimilazio mailaren arabera, belaunaldi horretan bi talde bereizi ditzakegu. Alde batetik, inpresionismora eta postinpresionismora hurbildutako margolariak ditugu, eta euren artean Francisco Iturrino, Pablo Uranga, Manuel Losada, Juan de Echevarría, Julian de Tellaeche, Ascensio Martiarena, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala eta Fernando de Amarica azpimarratu ditzakegu. Gainera, lehendabiziko talde honetan, bi artista mota aurki ditzakegu. Alde batetik, XIX. mende-bukaerako marrazkiaren izkurritik urruntzen hasiberria zen trazu eta tonalitate argiko paleta bitartez margoarekiko argitasuna lantzearen aldeko estilo eraberritzaileek sustatutako margolariak -Uranga, Losada, Martiarena-. Bestetik, hasi eta modernitateak gutxika gutxika onartu zuen burgesiaren gogora egokituz eraberritzearen eta tradizioaren arteko etenik gabeko -kasu batzuetan behintzat eduki sozialekoa izan arren- lan atsegina egin zuten lehendabiziko abangoardien -faubismoa, kubismoa, futurismoa- eragin neurritsua izan zuten -Iturrino, Arteta, Echevarría, Tellaeche, Guezala- margolarien artekoak.

Hala ere, hori ez zen euskal artearen inguruan lehen hamarkadetan zen joera bakarra izan. Aldi berean, europar sinbolismotik zetorren sorta kromatiko jakin bat onartu eta ohiko eta klasikoagoa zen lengoaia bati zintzo jarraitzea nahiago izan zuten bigarren artista talde bat ere izan zen; gainera, joera honetako kide zirenek laurogeita hamargarrenekoa eta birsortzailea zen kultura mugimenduarekin bat etorriz gai kostunbristei heltzea nahiago izan zuten. Talde honetako margolaririk garrantzitsuena Ignacio de Zuloaga izan zen baina Zubiaurre anaiak, Angel Larroque, Ricardo Baroja, Alberto Arrue eta Gustavo de Maeztu ere aipatu beharra dago.

Aldi honen bukaeran, euskal artearen eszenan aurreko belaunaldia ordezkatu gabe bererekin bizi izan zen margolari belaunaldi berri bat agertu zen. Gizaldi berriarekin jaio zen belaunaldi hori ere zati bitan banandu daiteke. Alde batetik, ezarritako ohiko tradizioaren oinordeko eta jarraitzaile ziren margolariak, une honetan gai berrietan ikertzen hasi berriak izanik arinago Frantziatik ekarritako teknika berritzaileetariko batzuk erabat baztertu gabe, ditugu. Lehendabiziko talde horretakoak dira euskal gaien berreskurapenaren aldeko Iparraldetik etorritako modatik abiatuz euskal nortasunaren ezaugarriak goraipatzen dituzten gai kostunbristak garatu zituzten José eta Ramiro Arrúe, Elías Salaverría, Javier Ciga eta Mauricio Flores Kaperotxipi bezalako margolarietatik hasi eta Bidasoaren Eskola deritzon joera bat zabalduz genero horretan kubismoa erabili zuen Daniez Vázquez Díazen lanetik abiaraziz paisaia berreskuratu eta gai horiei ekitea nahiago izan zuten gorago aipatutako ibai nafarraren ertzean etorria aurkitu nahi izatearen jardunean ekin izan zioten Gaspar Montes Iturrioz edota Bernardino Bienabe Artía bezalako margolarietara artekoak.

Arte

Bigarren artista taldea, hala eta guztiz ere, abangoardiekin konpromisoari eutsi eta euren lengoaiei beraien ezaugarri bereizgarriak gehituz jarraitu izanagatik nabarmendu izan zen. Euretariko gehienak, beraz, tradizioa utzi gabe aurreko aldiarekiko elementu eraberritzaileen kopuru handiago bat gehitu zituen estiloa garatzeko margolaritza metafisikora eta surrealismora jo zuten. Lehendabiziko aldi honen amaieran zehar, Donostian izan zen arte-gunerik garrantzitsuena. Izatez, artistarik garrantzitsuenenak hiriburu gipuzkoarrean bizi izan ziren, eta aldiaren hasieran Bilbon gertatu izan zen bezala Donostian ere erakusketa eta jardunaldirik garrantzitsuenak eta GU elkartea bezalako arte taldeak bezalako sorkuntzak ospatu izan ziren. Nabarmendu ziren margolarien artean Jesús Olasagasti, Juan Cabanas Erauskin, José Sarriegui, Nicolás Lekuona, Narkis Balenciaga eta Carlos Ribera aipatu beharra ditugu; Bilbori dagokionez José María Ucelay eta Juan de Aranoa ditugu adierazgarri.

Zizelkaritzari dagokionez, akademikotasunetik urrundu eta modernitatera hurbiltzen ausartu ziren lehendabiziko zizelkariak Francisco Durrio, Nemesio Mogrobejo eta Joaquín Lucarini izan ziren. Hala eta guztiz ere, arazo tekniko eta ekonomikoengatik zizelkaritzak ez zuen margolaritzarekin bateratsu garatzerik, eta momentuz, modernismoa edo sinbolismoa bezalako estiloek eragin zuten arlo horretan. Horregatik, zizelkaritzak oroigarri publikoak egiteagatiko eskabide ugari izanari esker aldi horretan garapen unerik ezagutu zuen arren, kasurik gehienean ohiko estilo batera jo izan zen. Aldi horretan zehar gehien lan egin zuten zizelkarien artean, gorago adierazitakoez gain, León Barrenechea, Julio Beobide, Carlos Elguezua, Moisés Huerta, Quintín de la Torre, Ramón Basterra y Fructuoso Orduña nabarmendu behar ditugu. Hala ere, aldi honen amaieran zehar, euskal artearen geroagoko garapena ulertzeko funtsezko artista baten bitartezko eraberritzearen arnas berriak helduz joan ziren; Jorge Oteiza, bere lehendabiziko eskulturak abangoardiarengandik jasotako eraginpean egiten hasi zen gipuzkoar zizelkariaz ari gara.