Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Arkitekturaren esparruan, erromantizismoaren eragina Euskal Herrian ere sumatu zen, berandu eta indar gutxirekin izan bazen ere. Sentsibilitate berri horren adibiderik onena arte plastikoetan aurkitzen ditugu, historizismoak arkitekturaren alorrean ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, garai horretan Euskal Herriko hiri nagusiak, bereziki kostaldean zeudenak, izugarrizko hazkundea bizi izan zuten. Hazkundea Industria Iraultzaren eraginez gertatu zen, garai horretan lehen urratsak eman baitzituen, eta horrez gain bestelako eragileak izan ziren, turismoa bera esate baterako. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egin zituzten eta hazten hasi ziren, aldi berean behar berriekin bat zetorren artea eskatuz.

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar garatu zen estiloari eklektizismoa esaten diogu. Berez, nagusi izan zen sentsibilitate erromantikoa izan arren, garai horretan zehar hainbat estilo sortu eta konbinatu ziren, bat ere nagusitu ez bazen ere. Berez, arkitektura mailan, historizismoaz gain, modernismoak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Hala ere, punturik interesgarriena zera litzateke, garai hartako arkitektura guztiz aldatu zuten estilo eta forma berriak -burdinaren arkitektura, adibidez- Euskal Herrira ere ailegatzen hasi zirela.

Aldi honetako protagonista nagusia arkitektura eklektikoa izan zen arren, XIX. mende bukaeran Europako burgesiak estilo berri baten aldeko apustua egin zuen, modernismoaren alde alegia. Modernismoak eklektizismoa gainditzea aldarrikatzen zuen eta inspirazioa landare eta forma organikoetan oinarritzen da. Euskal Herrian, hain berritzailea zen estilo horrek eragin arina izan zuen, eraikuntzetako etxaurretan eta batez ere, arte aplikatuen eremuan. Hala ere, modernismoari esker Euskal Herriko arkitekturak dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa erdietsi zuen eta horrekin batera materialen erabilera trebeagoa.

Burdina eta porlana bezalako material berrien erabilera, arkitekturaren esparruan benetako iraultza baten ataria izan zen. Berez, material berri horien erabilerak eraikitzeko modua antzaldatu eta baldintzatu egin zuen, eta horrekin batera estetika ere aldatu egin zuen, formen diseinuan soiltasuna eta marra zuzenen aldeko apustua egitea ekarriz. Hala ere, euskal industriagintzak bere garapen ekonomikoa metal preziatu horretan oinarritu zuen arren, zutik dirauten garai horretako eraikinak gutxi dira, burdinez edota beste material berritzaileak erabiliz burutuak alegiak.

Garai honetako obra eta arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.