Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Erromako arkitekturari dagokionez, aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu zehatz batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesua abian jarri bazuten ere, ezin esan daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Kontuak horrela, orduko adierazpen arkitektoniko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere garrantzizko kokalekua bazela erakusten digute.

Idatzizko testigantza ugarik dioten arabera, erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu zituzten, baina arkitektura eta hirigintzarekin lotutako aztarnak oso urriak dira. Indusketa arkeologikoen bidez zenbait eraikinen arrastoak agerian utzi dira -etxeak eta tenpluak, batez ere-, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, azken horiek bigarren mailakoak badira ere. Heldu zaizkigun testigantza gehienak erromatarrek beraiek sortutako herrietakoak dira, hala nola, Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa), eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledea (Nafarroa).

Amaitzeko, garai honetako kristau artearen lehen eredu aipatuko ditugu, hau da, Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzak zulatuz eraikitako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira.