Euskal Herriko lurraldetan garai honetako lehen ekoizpen arkitektoniko adierazgarrienak eraikin megalitikoak izan ziren, bai kopuruagatik eta barietateagatik -trikuharriak, harrespilak eta menhirrak- bai denboran tarte luzea iraun zutelako -Metalen Aroan horrelako adierazpenek egiten jarraitu egin zuten- baita aldez aurretik finkatutako espazioaren kontzeptu baten arabera eraikitako lehen eraikin arkitektonikoak izan zirelako, eta haien diseinuak xede praktikoari baino xede sinbolikoari erantzuten diotelako. Jatorriz era horretako eraikinak Europako iparraldekoak ziren, eta artzaintzarekin harremana zuten bizimodu berriekin izan zuten lotura.
Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, material berri hori aurkitzeak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakion bizitzako esparru guztietan, esaterako, merkataritza sortu zen eta horrekin batera lehendabiziko herrixkak. Herrixkei dagokionez, Euskal Herriko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ondoen kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira.