Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Neoklasizismoak Euskal Herrian arrakasta handia izan zuen. Guda eta istilu ugari izan arren, Euskal Herrian arte-agerpen interesgarriak garatu ahal izan ziren, batez ere, arkitektura mailan, barrokoaren aurkako erantzuna agerian uzterakoan gainerako jakintza-arloei aurrea hartuz eta funtsezko papera bereganatuz. Izatez, arkitekturak Ilustrazioaren oinarrizko ideia oso ondo laburbiltzen zuen, hau da, apaindura gutxiko estetikaren alde egin zuen, forma geometriko sinpletan oinarritutako marra zuzenak nagusitzen direlarik. Berez, Ilustrazioaren oinarrizko ideia horiek alor estetikoan ez ezik, morala eta etika mailan ere txertatzen saiatu ziren. Aitzitik, arkitekturari dagokionez, euskal arkitektoek halako ideiekin bat egiteko aukera ugari izan zuten, aurretik ere soiltasuna eta apaindura urria nabarmenduz bestelako estilo artistikoak garatzen eta interpretatzen ohituta baitzeuden. Iraupenari dagokionez, Euskal Herrian neoklasizismoa XVIII. mendearen amaiera aldean sartu zen, eta XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian gertatu zuen.

Bizi izandako aurkako baldintza historikoak ugariak izan arren, Euskal Herrian gauzatutako eraikinen kalitatea eta kopurua apartekoa izan zen. Bestalde, gure lurraldeak eztabaida teorikoan ere esku hartu zuen garai horretako obra eta arkitektorik interesgarrienetako batzuren bitartez. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zeharbidez gure lurraldera iritsi zen estiloa izan. Aitzitik, hasiera hasieratik jorratu zen eta artearen inguruan beste estilo berria nagusitu zen arte neoklasizismoari eutsi egin zioten. Berez, estilo berri hori eklektizismoa izan zen, XIX. mendearen bilakaera historikoarekin bat zetorren estiloa alegia.

Gure garaietaraino heldu diren adibideen artean nabarmentzekoak dira, arkitektura zibilean Gasteizen Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak Justo Antonio de Olaguibel arkitektoaren lanak, Gipuzkoan Pedro Manuel de Ugartemendiak Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa, Bizkaiari dagokionez Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak, Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitalea eta Antonio Echeverriak egindako Gernikako Batzar Etxea; arkitektura erligiosoan nabarmenduko ditugu Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntza Ventura Rodriguezen lana, Araban Justo Antonio de Olaguibelen Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Gipuzkoan Silvestre Perez arkitektoari dagokion Mutrikuko Jasokundearen eliza, Bizkaian Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak, lehendabizikoa Ventura Rodriguezek egindakoa eta bigarrena Silvestre Perezek diseinatutakoa, eta azken lurralde honetan ere hilerriak nabarmendu behar dira, Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak.