Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Euskal Herrian sortu ziren lehen adierazpen arkitektoniko garrantzitsuak erromanikoa esaten diogun estiloari dagozkio. Izan ere, elizak, nobleziak eta erregeek sortu zuten honako estilo hau, Europa mendebaldeko kristau lurraldeen batasuna bideratuko zuten ikurrak behar zituztelako. Beraz, aniztasun geografikoa, ekonomikoa eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko.

Frantziako Cluny ordeneko monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Estilo honek mendebaldeko kristau munduaren kohesioa eta batasuna bermatu behar zituen. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabala eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan. Gero, horren bitartez eta hortik bertatik abiatuta, adierazpen arkitektoniko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Beraz, erromanikoa da Euskal Herrian garatu zen lehen estilo arkitektonikoa. Halere, Euskal Herrian landu zen erromanikoa oso ezaugarri xumeak zituen.

Erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan hedapen handiagoa izan zuen, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan. Araba eta Iparraldean ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloari so eginez, Euskal Herriko lurraldearen arabera, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoaren elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Dena den, esan genezake lurralde guztietan arkitektura arte plastikoei nagusitu zitzaiela, eta arte erlijiosoa, arte zibilari.

Garai honetako adierazpen artistiko garrantzitsuenei dagokienez, arkitektura arloan honako hauek nabarmendu behar dira: Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia, Biana, Arrada eta Artaxonako herri harresidunak, Leireko San Salbatore monasterioa eta Aralarko San Miguel eliza, Iratxeko monasterioa eta Uxueko Santa Maria eliza, Lizarran Ruako San Pedro eliza, Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza, Estibalizko Andre Maria eliza eta Armentiako San Prudentzio eliza, eta Zuberoako Santa Graziko eliza.