Kontzeptua

Armen historia

Historikoki arma eskaria bi arlo zeharo desberdinetakoa izan da, bata pribatua, ehiza eta norberaren defentsarekin zer ikusia zuena, eta bestea publikoa, jarduera militarrei lotua. XVI. mendearen erdialdera arte euskal armagilek mota anitzeko armak ekoitzi zituzten, zuriak naiz su-armak, bi esparruetako. Baino eskari militarrekin zer ikusia zuenak gehituz joan zen euskal ekoizpenaren helburu bakarra bihurtu arte, taktika eta teknika militarrek jasaten ari ziren aldaketak eta gobernuen erabakiak baldintzatu zuten bere bilakaera.

XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran Euskal Herrian egindako armen erreferentzietan honoko hauek aipatzen dira: azkonak, mota guztietako alabardak, lantza-erdiak, matxeteak, sastakaiak, ezpatak, alfanjeak, pikak, lantzoiak, dardoak, eztendun makilak, baleztak, dagak, fainak, txurroak, etab. Arma zurien sail horren barruan daude baita ere soldaduen defentsa horniduraren zati bat egitea hala nola kasketeak , larruzko korazak, eta ezkutu borobilak; baita ere setio gerra baten hain beharrezkoak diren zulatzaileen lanabesak. 

Lehen su-armak eramangarriak makila bati lotutako burdin-hodi soilak besterik ez ziren, bolboraz eta metrailaz bete ondoren tiro egiten zuten kargari zuzenean su eman ondoren tutuak horretarako prestatua zuen zulo batez, gaztelaniaz “oido” deitua, haren errekamara kanpoaldearekin lotzen zuena. Arma hauen fidagarritasuna, tiro-gaitasuna eta zehaztasuna oso mugatua zen, gainera pertsona bat baino gehiago behar ziren martxan jartzeko. Beraz arma hauen eragina psikologikoa baino ez zen.

XVI. mendearen hasieran egindako armak aurrekoak baino kalibre, bolbora karga eta pisua txikiagoa zuten, baita ere kanoia arinago eta luzeagoa. Arma sorbalda gainean finkatzen zuen kulata edo kureinak eta kanoi luzea eusteko urkila gehitzeak emaitzak hobetu zituen naiz eta zehaztasuna eta helmena nahiko eskasa izaten jarraitu zuen. Sutze sistema landuagoa, metxa-giltza, eta pisua arintzeak erabakigarriak izan ziren tiratzaile bakar batek erabil zezan.

Metxa-giltza

XV. mendean jada kainoiko lehertze-kargari su emateko era mekanikoa jada garatua zen, “S” itxurako, “serpentinata”, metalezko pieza bat zeinek bere muturretako batean piztutako metxa eusten zuen. Serpentina ardatz baten gainean biratzen zen, eta beste muturra zanpatzean, honek behera egiten zuen, tutuaren barrualdearekin lotura zuen, almutxan zegoen  bolbora finarekin kontaktu eginez. XVI. mendean zehar arma abiarazten zuen sistema mekanikoa konplexuagoa egin zen eta armaren kulataren barruan ezarri zen. Tiro egiten zen kanpoko palanka bat sakatuz, metxarekin burdin pieza malgukietatik askatu eta berau almutxan erortzen zen.

Baina sistema honek hainbat akats zituen, zeren tiratzaileak beti metxa piztuta eraman behar zuen, istripu arriskua areagotuz, gainera ezinezkoa zen arma zorro batean edo arropa tartean eramatea eta era berean azkar tiro egiteko prest egotea. Euriak eta haizeak erabilera zailtzen zuen.

Giltza biribilkia

Metxa-giltzaren eragozpenak izan ziren XVI. mendean giltza biribilkiaren sorrera bultzatu zutenak. Sistema honek armaren almutxaren atzean kokatuta dagoen hortzdun biribilkia bat du, aldez aurretik giltza emanda katua sakatzerakoan bira egiten du. Indar horrek berak malguki bat askatzen du, bira egiten duenean mailu kolpatzailea bultzatzen du non pirita puska bat ezarri den, almutxan dagoen bolborak su hartzen duelarik sortutako txinparten ondorioz. Sistema honekin edozein unetan tiro egiteko prestatua zegoen arma eraman zitekeen, eta hori su-armen historian aurrerakuntza kualitatiboa izan zen, lehen arma txikien sormena sustatu baitzuen. Baino giltza biribilkia erresistentzia eskasekoa eta lanketa konplexua eta garestikoa zen, beraz, naiz eta ehizarako eta zenbait armadetako zalditegiak erabili , sekulan ez ziren izan infanteriako  arma ofizialak.

Suharri giltza

XVI. mendeko bigarren erdian lehen aldiz aipatzen dira suharri edo silexko giltzak ahalbidetuta metxa-giltza erabiltzen zuten baino fidagarriagoak ziren su-arma ugari edukitzea kostu nahiko merkearekin. Giltza berri honek bi pieza nagusi zituen, mailu kolpatzailea eta arraspa. Lehenengoa almutxaren atzealdean zegoen eta suharri puska bat zeraman finkagailu batez lotua. Aurrez-aurre arraspa zegoen, torloju baten gainean zabukatzen zen arrastodun burdin xafla. Katua sakatzerakoan, mailu kolpatzaileko silexak arraspa jotzen zuen txinpartak sortuz, hauek bolboran erortzen ziren eta honela tiro egiten zen. Metxa-giltza eta giltza biribilka nahiko berandu arte erabili baziren ere, XVIII. mendearen hasieran suharri giltza nagusitu zen behin-betirako.

XVI. mendeko euskal armen sutze sistemak

Euskal Herrian XVI mendean izenpetutako arma egiteko kontratuak begiratuta nabaritu daiteke hurrenez hurrengo sutze sistemen sartze geldoa. Horrela, dokumentu horietan aipatzen da “almutxadun”, “kolpezko”, “sorgintze”, “txinparteko” arkabuz eta mosketeen fabrikazioa. Hitz hauen definizio eza arren bistakoa da mende horren amaieran metxa, biribilki eta suharri sistemak ezagunak zirela Euskal Herrian.

XVI. mendearen amaieran Gipuzkoa eta Bizkaiko Arma Errege Fabrikak (EEFF) sortzearekin eta Eugiko lantegian, gero Tolosara eramana, ekoitziko defentsa armamentuarekin Euskal Herriak garai hartan espainiar tropek behar zituzten arma panoplia osoa egin zezakeen. Tertzioa, sasoiko unitate taktiko nagusia, 3000 bat gizonez osatzen zen, horietatik %75 pikadunak, %15 arkabuzdunak,  % 8 mosketedunak eta besteak ofizialeak.

Pikak eta bestelako arma zuriak

Pikadunen tresneria desberdina zen, larruzko korazadunak edo pikadun soilak izanik. Larruzko korazadunak unitatearen oinarria ziren eta pikaz gain, koraza eta kasketeak izaten zituzten. Pikadun soilak, maila txikiagoko tropaz jotzen ziren eta bere defentsa hornidura kasket edo buruko bat besterik ez ziren. Ohiko zen baita ere alabarda, bere izena alda arazten zuen (alabarda, “partesana”, “lanza jineta” eta abar)  muturrean arma zuria zuten bi metro inguruko lantzak, tertzioen ofizialeria eta zaintzale taldearen berezko arma. Defentsa armei gehitu behar litzaizkieke ezkutu borobila eta ezkutu arrunta, zenbait eragiketa militar eta gudu txikietan mosketeen baletatik babesten zutenak.

XVI. mendetik Euskal Herria izan zen espainiar koroako armadaren piken hornitzaile nagusiena, ekoizpenaren zatirik handiena Elorrio (Bizkaia) eta bere inguruan kokatzen zen , non lizarrak landatzea garrantzizko zeregina bihurtu zen. Alabarda, larruzko koraza eta beste arma defentsiboak, ezkutu borobilak adibide, dagokionez Italian erosten ziren, 1595an koroak Eugiko (Nafarroa) lantegira hainbat artisau milandarrak ekartzea erabaki zuen arte. 1630ean hango instalazioak Tolosara (Gipuzkoa) ekarri zituzten, Errege Armategiaren sorkuntza izanik, eta alabarda, kasketeak, koraza eta ezkutu borobilak egiteaz gain, inguruko lantegiei eskatzen zieten ezpata  eta bestelako arma zuriak ekoizteko koroarentzat.

Arkabuzak eta mosketeak

XVII. mendea zehar tertzioetan arma zurien erabilera urrituz joan zen su-armak bere lekua hartuz. Arkabuza gailendu zen, 1,5m luzaerako arma, 5 kg pisua eta 17mmko kalibrea. Giltza-metxakoa zen eta bere helmena, teorian, 50 metrokoa zen. Erabil ahal izateko eramaileak osagarri pilo bat eraman behar zituzten, nola hala metxa pizteko eta balak egiteko egingaiak, bolborentzat hainbat ontzi, kainoia kargatzeko ziria eta arraspa garbitzeko. Defentsa armei dagokionez, arkabuzdunak burukoa edo kasket batekin babesten ziren.

1567ean mosketeak tertzioko armamentuari gehitu ziren. Tamaina handiagoko su-arma zen, zeren 1,60 luzaera, 23mm kalibre eta 9 kgkoa zen, tiro egiteko zurezko urkila bat behar zelarik arma pausatzeko. Bere ezaugarri teknikoak ez ziren arkabuzarenetik zeharo desberdinak, bere pisua eta tamainagatik tiro maiztasuna geldoagoa eta urkila tente mantentzen zen bitartean birkargatu behar bazen ere bere zehaztasuna eta helmena handiagoak ziren luzeagoa izategatik eta kainoiaren erresistentziari esker.

Euskal Herrian arkabuz eta mosketeen ekoizpena handituz joan zen XVI. mendearen bigarren zatiaren zehar, espainiar koroaren beharrak gora egin zutela eta. Taktika militarren aldaketak armadetan su-armen presentzia handiagoa bultzatu zuten, ondorioz fabrikazioa areagotu zen, merkatu pribatukoak aldera utzita, gutxi gorabehera  400.000 unitate egiten ziren.

Suharri giltza sutze sistemetan nagusitu zen XVII. mendean zehar, urkila alde batera uzteak  mosketearen pisua arindu zuen eta honek arkabuza baztertu zuen behin betirako su-arma nagusiena lez XVIII. mendean zehar. Era berean arma zurien, eta bereziki pika, erabilera gutxituz joan zen armada gehienetan. XVIII. mendearen amaieran baioneta asmatu zenean su-armak pika txikiak bihurtu zitekeen beharrezkoa zenean.

Arkabuzak eta mosketeak XVII. mendean

XVII. mendean Euskal Herrian armen fabrikazio pribatua debekatu zen, ekoizpena Soraluzeko EEFF (Errege Fabrikak) eta Tolosako Errege Armategiaren enkarguen menpe geratu zen ekoizpena. Finantzia arazoak izan arren, euskal ekoizpena mende osoan mantendu zen, eta amaiera aldean mota guztietako armak hartzen zituen: arkabuzak, mosketeak eta pistolak bere osagarri guztiekin, pikak, ezpatak, baionetak, gotortzeko eta amiltze lanetarako zulatzaileek behar zituzten tresnak, ezkutu borobil eta korazen ekoizpena baztertuta.

Arma-ekoizpena Euskal Herrian XVII. mendearen amaieran
Arma 1688-1693 1694
Iturria: Gómez Rivera (1999)
Arkabuza 28.302 9000
Arkabuzen ontziak eta karabinak bere ontzitxoekin 50.892 9.550
Mosketeak 4.014 9.000
Urkilak 54-22 9.000
Mosketeen ontziak bere ontzitxoekin 22.692 9.000
Eskopetak 5.204 9.000
Baionetak 1.400 9.000
Karabinak 5.668 550
Malgukiak 5.475  
Pistolak 10.534 1.100
Pistola zorroak 5.494  
Pistoentzako ontziak 4.876 550
Pikak 19.170 9.000
Txurroak 716  
Txurroentzat eztenak 3.310  
Txinparta giltzak 4.400  
Ezpaten hornidurak 2.293  
Zulatzaileen tresneria 24.119  

XVIII. mendeko fusilak

XVIII. mendearen hasieran euskal armagilek zenbait  teknologia atzerapen arazoei aurre egin behar zieten, Borbondarren armadan erabiltzen zen fusila Frantziako bera baitzen. Artisauak ez zekizkiten suharri giltzaren oinarri teknologikoak, Espainiakoaren desberdina. EEFF martxa ez eragozteko giltza horietako hainbat erosi behar izan ziren Frantzian. Baionetak egitea, garai hartako berrikuntzatako bat, ez zituen hainbeste arazo sortu zeren erreza izan zen Tolosako Errege Armategiren ekoizpena produktu berrira bideratzea.

Zailtasunak arren , armen fabrikazioak maila handia lortu zuen, eta naiz ez lortu tropen hornidura osoa, bai lortu zela inportazio beharra arras gutxitzea. 1735tik mendearen amaiera arte, Gipuzkoako Caracaseko Errege Konpainia eta bere ondorengoa Filipinetako Errege Konpainiak  EEFFko  agintea izan zuten sasoia, armen ekoizpenak ordura ikusi ez zen garaiera lotu zuen. Konpainiak koroarekin izenpetutako asentu gehienak 12.000 fusil urteko izan ziren, horiei merkatu pribaturako berreskuratutako ekoizpena gehitu beharko litzateke.