Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

Hogei bazkidek sortu zuten Elkar argitaletxea Baionan 1972an. Hastapenak aski motelak izan baziren ere, 1974an beste hogei bazkide gehitu zitzaizkien proiektura, eta Hego Euskal Herrian Franco hiltzeak argitaletxearen zabaltze- eta handitze-prozesua bizkortu zuen. 1976/77 urteetan Donostiako Bilintx liburu-denda historikoa zabaldu eta argitaletxea Hego Euskal Herrian ere ezarri zen. Liburuak nahiz diskoak produzitzen zituen orduan, eta horretan jarraitzen du gaur egun ere, euskararen munduan argitaletxe handienetarikoa izanik.

70eko hamarkadaren amaieran euskarak eta, batik bat, euskararen irakaskuntzak jasandako gorakadaren ondorioz, premiazko bihurtu ziren lehenago egon ez edo aski urriak ziren materialak: ikastetxeetarako liburuak, ikasleentzako irakurketa-liburuak, haurrentzako irakurgaiak, etab. Bada, beharrizan horiei eta euskal literaturan egile berriak agertzeari esker finkatu zituen bere oinarriak Elkar argitaletxeak, beste batzuen artean, 1980. urtearen inguruan. Orduan zabaldu zituzten biltegiak Bilbon eta Iruñean eta beste zenbait erakunderekin ( UZEI, Elhuyar, GILE, etab.) elkarlanean hasi ziren ikasketa-materialak prestatzeko.

Jada 90eko hamarkadan, Ttarttalo argitaletxea erosi eta Megadenda liburu-denden katea sortu zuen Elkarrek. Horrekin batera, apurka-apurka Euskal Herriko hiriburu eta bestelako herri garrantzitsuetako argitaletxe historikoak sare horrekin egin zuten bat. Hamarkada horren amaieran bertan sortu zen Elkar Fundazioa, hots, liburugintzaren inguruan (ekoizpena, banaketa, salmenta, etab.) lan egiten duten zenbait enpresa bere baitan hartzen dituen fundazioa.

Gaur egun bi mila eta bostehun erreferentziatik gora daude Elkarren katalogoan disko eta liburuen artean. Azken horiei dagokienez, euskarazko lanak hiru atal nagusitan daude banatuta: haur-literatura, gazte-literatura eta helduen literatura. Bada, atal nagusi horien barruan dozenaka sail daude. Izan ere, urtean-urtean ehun liburutik gora argitaratzen ditu Elkar argitaletxeak gaur egun, eta ehunka dira, halaber, azken hogeita hamar urteotan bertan argitaratu duten egileak.

70eko hamarkadaren amaierako giro soziokultural eta politiko hartan sortu zen, era berean, Erein argitaletxea Donostian; hots, aurrekoa bezalaxe, gaur egun euskal liburugintzan dagoen beste argitaletxe handienetariko bat. 1976ko abenduan sortu zuen ESEI alderdi politikoan zebilen pertsona-talde batek ( Julen Lizundiak, Anjel Lertxundik, Xabier Letek, J.M. Castellsek eta Edorta Kortadik, besteak beste).

Arestian esan bezala, euskara irakaskuntzan sartzeak, euskarak hizkuntza legez gutxieneko maila lortzeak eta euskal literatura bera egile berri eta onen eskutik sendotzeak garaiko zenbait argitaletxetan buru-belarri lanean hasi behar izatea ekarri zuen: aipatutako testu-liburuak prestatu behar ziren, baita haien osagarriak ere, hots, bestelako irakurketa-lanak, haur eta gazteei bideratutakoak tartean. Eta hori guztia helduen literatura ahaztu gabe, noski.

Argitaletxe handia da Erein, eta argitaratzen dituen lanak bi adar nagusitan banatzen dira: irakaskuntzara bideratutakoak eta literaturari dagozkionak. Literatur lanen baitan, bada, beste bi alor bereizi behar dira: haur- eta gazte-literatura eta helduena. Horien barruan, azkenik, hainbat azpisail ageri dira: Behin batean, Letra magikoa, Antzoki Txikia, Holaxe bizi da Xola, Iholdi saila, Perzebal edo Gure Klasikoak daude Haur eta Gazte Literatura sailean beste batzuen artean, eta Poltsikokoak, Saiopaperak, Euskal Kultura, Narratiba, Bakanak nahiz Unibertsitate saila helduentzako atalean.

Sail horiek guztiak eta aipatu gabe geratu direnak betetzen dituzten egileak ere asko eta asko dira, euskal literaturako lehenengo mailako idazleak: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Iban Zaldua, Pello Lizarralde, Joxemari Iturralde, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Karlos Linazasoro edo Patxi Zubizarreta, esaterako.

80ko hamarkadan beste argitaletxe batzuk sortu ziren. 1979an Susa aldizkaria sortu zuten zenbait idazle gaztek, eta aldizkariari 1994ra arte eutsi zioten. Alabaina, tartean izen bereko argitaletxea sortu zuten 1983an Josu Landak, Mikel Hernandez Abaituak, Iñaki Uriak, Pablo Sastrek, Tere Irastortzak eta beste batzuek. Urteak aurrera joan ahala sendotu egin da argitaletxea, eta hainbat egileren lan eta bilduma aipagarriak argitaratu ditu azken hogeita bost urteotan, tartean gazte askoren lehenbiziko lanak: Xabier Montoia, Mikel Antza, Jon Alonso, Iñigo Aranbarri, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Pako Aristi, Lutxo Egia, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Juanjo Olasagarre, Pablo Sastre, Jokin Urain edo Juan Luis Zabalaren lanak aurki daitezke argitaletxearen katalogoan.

2000. urtetik aurrera Koldo Izagirrek prestaturiko XX. mendeko poesia kaierak bilduma kaleratu zuen Susak. Orotara 50 liburukik osatzen dute, eta XX. mendeko euskal poesiaren nondik norakoa ezagutzeko aukera ematen du bildumak.

XXI. mendearekin batera, bestalde, teknologia berrien munduarekin uztarturik agertu da argitaletxea; izan ere, ohikoa da web-gunean liburu-pasarteak nahiz obra osoak agertzea, baita euskal literaturarekin lotutako material andana irakurle eta erabiltzaileen eskueran egotea ere.

Hasierari dagokionez, Susa argitaletxearen antzeko ibilbidea egin zuen Ipar Euskal Herriko Maiatz argitaletxe independenteak: izen bereko aldizkaria sortu zuten Luzien Etxezaharretak eta Itxaro Bordak, eta argitaletxea haren ondokoa dela esan daiteke. Bordaren Bizitza nola badoan (1984) poema-liburua izan zen argitara emandako lehenbizikoa, eta ordutik hona batik bat Ipar Euskal Herriko idazleek argitaratu dute bertan: Bordak berak, Jean Louis Davantek, Eñaut Etxamendik, Marie Louise Legorburuk, Antton Lukuk, Imanol Txabarrik, Auxtin Zamorak, Luzien Etxezaharretak, etab.

Lehenengo pausoak 1983an eman zituenetik, bostehun liburutik gora kaleratu ditu Pamiela argitaletxeak. Hainbat sailetan argitaratzen dira liburuok, baina aipagarria da Euskal Herriaren eta bereziki Nafarroaren historiari buruz atondu eta kaleratutako lanak. Lan horien baitan dago, esate baterako, Jose María Jimeno Jurío-ren lan guztiak argitaratzeko proiektua, baita euskararen kanpoko historiari buruzko zenbait ale aski interesgarri ere.

Literaturaz denaz bezainbatean, Pamielak argitaratzen du Euskaltzaindiaren babespean Bernardo Atxagak zuzendutako Erlea aldizkaria, eta euskal egile ezagunen lanak argitaratu ditu: Joseba Sarrionandia, Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Asun Garikano, Aingeru Epaltza, Joxe Angel Irigaray, Xabier Lete, Xabier Etxaniz Erle, Fermin Etxegoien, Antton Luku, etab.

Nafarroan bertan eta 80ko hamarkadan sortu ziren Txalaparta eta Igela argitaletxeak. Lehenengoa Bilbon sortu, baina 1988tik aurrera Tafallara lekualdatu zen. Euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratzen du, eta ezkerreko pentsamoldearekin eta gizarte-kritikarekin hertsiki konprometiturik ageri da. Urtean hogeita hamar liburutik gora kaleratu ohi ditu, eta bere ekoizpenaren barruan aipatzekoak dira historia, aipatutako gizarte-kritika nahiz saiakera politikoari buruzko lanak. Euskal Herriko nahiz atzerriko egileen lanak kaleratzen ditu Txalapartak.

Igela argitaletxea, bestalde, 1989an sortu zen Iruñean Xabier Olarraren zuzendaritzapean, eta euskarara ekarritako itzulpenak baino ez ditu argitaratzen. Beste askoren artean, honako egile hauen lanak kaleratu ditu Igela etxeak: Ballinger, Baricco, Cain, Chandler, Capote, Celati, Celine, Agatha Christie, Conan Doyle, Ernaux, Ginzburg, Henry James, Maupassant, Nothomb, Queneau, Roth, Tabucchi, Thompson, Vian, Xukri edo Zweig.

90eko hamarkadan sortutako euskal argitaletxe handiena Alberdania da. Inazio Mujika Iraolak eta Jorge Giménezek sortu zuten. Euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratu dute, eta argitaletxearen ibilbidea sendotu egin da sorreratik hona. Liburu gehienak hiru sail nagusitan daude banatuta: Haur eta Gazte Literatura, Helduen Literatura eta Liburu Bereziak, hots, aurreko bi sailetan sartzen ez direnak. Aipatzekoa da, halaber, saiakera laburrek argitaletxe honetan daukaten lekua.

Euskal egileei dagokienez, hainbatek argitaratu du bertan obraren bat: Harkaitz Cano, Aurelia Arkotxa, Javi Cillero, Iban Zaldua, Andoni Egaña, Aingeru Epaltza, Hasier Etxeberria, Juan Gartzia, Joxerra Gartzia, Aritz Gorrotxategi, Juan Kruz Igerabide, Arantxa Iturbe, Felipe Juaristi, Anjel Lertxundi, Karlos Linazasoro, Jokin Muñoz, Joxean Sagastizabal, Patxi Zubizarreta, etab.

Aipatzekoak dira, bestalde, zenbait egileren itzulpenak, hala nola, Tabucchi, Flem, Kafka, Joyce edo Beckett-enak (horietako batzuk EIZIek bultzatutako Literatura Unibertsala sailean).

Azken urteotan sortutako argitaletxeak direla eta, ez dira asko izan, baina horietako batzuek gutxieneko egonkortasuna lortu dute. Utriusque Vasconiae da horren lekuko: Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak sortu zuten 2000. urtean Elkar Fundaziotik kanpo utzi zituztenean. Argitaletxeak 10 sail ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da Ur Apalategik zuzentzen duen Literatur Kritika saila, non literatur kritikan aritzen diren lehenengo mailako ikertzaileek zenbait obra kaleratu baitituzte (Apalategi bera, Kortazar, López Gaseni, Atutxa, Billelabeitia, Retolaza, Egaña, etab.).

Aurrekoez gain, badira beste hainbat argitaletxe ere, hala nola, nahiz eta bestelakorik ere argitaratu ekoizpen gehiena irakaskuntzara bideratzen duten Ibaizabal, Elhuyar, Giltza edo Zubia bezalakoak, unibertsitate-mailako argitaletxeak, erakunde pribatuen esku daudenak, etab.