Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

Jesusen Lagundiak 1915ean sortu bazuen ere, 70eko hamarkadan hasi zen Mensajero etxea euskarazko lanak argitaratzen "Etor Bidean Kultura" sailean. 1972-73an, baina, zuzendaritzan banaketa egon zen, eta Enrique Ayerbek Etor argitaletxea sortu zuen, Mensajerotik kanpo. Hori dela eta, Mensajero etxeak Gero izena hartu zuen 1973an, eta besteak beste Deustuko Unibertsitateko irakasle Gotzon Garateren marxismoari buruzko liburuak (baina ez horiek bakarrik) eta Patxi Altunaren obrak kaleratu ziren. Literaturaren eremuan, Xabier Lete, Orixe, Mikel Zarate eta Anjel Lertxundi (Ajea du Urturik, 1971) eta Joan Mari Irigoien (Oilarraren promesa, 1976) hasiberrien lanak kaleratu ziren hamarkada hartan. Azken urteotan zenbait euskal idazle zaharren lanak argitaratu ditu "Klasikoak" bilduman nahiz bertatik kanpo, hala nola, Kirikiño, Zaldubi, Errose Bustintza, Iturriaga, Zamarripa edo Tartasenak.

Etor argitaletxeaz den bezainbatean, Etor-Ostoa da gaur egun, eta, betiere Euskal Herria ardatz legez hartuta, hainbat gairi buruzko lanak kaleratu ditu azken hamarkadetan: historia, geografia, antropologia, etnografia, gizartea, artea, natura, musika, literatura, mitologia, fauna, kirola, komunikabideak, etab. Euskal idazle batzuen lanak ere argitaratu ditu, Txomin Agirre, Lauaxeta, Orixe eta Koldo Mitxelenarenak, adibidez.

Jakina da 60ko hamarkadan zehar (baita aurretik ere kasuren batean) haize berriak jo zuela euskal literatura, idazle gazteen eskutik; izan ere, aurreko molde gehienak hautsi eta euskal literatura eraberritzea ekarri zuten.

Bada, eraberritze-sasoi horretan zenbait argitaletxe sortu ziren. Kriseilu antzerki-taldea sortu zen sasoi hartan Gabriel Arestiren inguruan, eta poeta bilbotarrak berak sortu zuen izen bereko argitaletxea. 70eko hamarkadan hainbat liburu kaleratu ziren bertan Arestiren zuzendaritzapean, harik eta Luis Haranburu Altuna argitaletxearen zigiluaz jabetu zen arte. Gabriel Aresti hil eta urtebetera, Ibon Sarasolak eta Jon Juaristik haren lan guztiak kaleratu zituzten Kriseilu etxean Obra guztiak izenburupean eta bi liburukitan (1976).

1960ko hamarkadaren azken urteetan, bestalde, Lur argitaletxe garrantzitsua (garai hartan kaleratu zituen lanak direla eta) sortu zen Donostian. Gabriel Aresti, Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Luis Haranburu Altuna eta Xabier Kintana izan ziren sortzaileak, eta euren obrez gain, beste lan interesgarri batzuk ere kaleratu zituzten. Lur argitaletxeak berak bi sail sortu zituen lanak argitaratzeko: Kriselu eta Hastapenak, eta hogeita hamar liburutik gora argitaratu zituzten.

1969an Euskal elerti 69 lan-bilduma kaleratu zuen Lurrek (Gabriel Arestiren ardurapean), non hainbat egileren saiakerak, iritzi-artikuluak, eleberriak, antzerki-lanak, ipuinak eta poemak bildu baitzituzten. 1970ean Jon Miranderen Haur besoetakoa kaleratzera ausartu ziren eta 1972an Euskal literatura 72 bilduma berria atondu zuten (bertan ageri dira Bernardo Atxagaren lehenbiziko antzerki-lanak eta Urretabizkaiaren lehenengo poema-bilduma, esaterako). Saizarbitoriaren hasierako eleberriak, Sarasolaren Poemagintza eta Euskal literaturaren historia, Arestiren Harrizko herri hau, Xabier Kintanaren Behin batean, Lertxundiren Hunik arrats artean eta beste hainbat lan kaleratu zituzten Lur argitaletxekoek, zenbait itzulpen tarteko.

Lur argitaletxea itxi zenean, sortzaile bakoitzak bere bidea hartu zuen, baina Luis Haranburu Altunak edizioaren munduari eutsi zion eta 70eko hamarkadaren erdialdean Luis Haranburu Editor argitaletxea eratu zuen. Historiaz eta antropologiaz liburu batzuk argitaratu bazituen ere, kaleratutako obra nagusiak literaturaturazkoak dira, hala nola, Gabriel Aresti hil ostean prestatutako Azken harria poema-liburua.

1999an Hiria argitaletxea sortu zuen Haranburu Altunak, eta batik bat euskal egile zahar eta klasikoen obrak berrargitaratu ditu bertan: Txomin Agirre, Azkue, Daskonagerre, Elizanburu, Sarako Joannes Etxeberri, Etxeita, Irazusta, Iturriaga, Leizarraga, etab.

70eko hamarkadan hasi ziren argitaratzen, bestalde, Leopoldo Zugaza eta Hordago argitaletxea. Lehenengoak euskararen irakaskuntzari lotutako lanak kaleratu zituen, hala nola, Iñaki Eguzkitzaren euskara ikasteko metodoa edo Mikel Zarateren euskal literaturari, deklinabideari eta ortografiari buruzko lanak. Bigarrenak, aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko lanak kaleratu zituen, eta aipatzekoa da euskal klasikoen berrargitalpen faximilekin osatutako bilduma.