Mairuekin muga baskoniarra (1016). Urteak ziren Aragoi ibaiaren muga eta inguruak musulmanekiko borroken antzoki izaten ari zirela. Jakina da Uncastillo Almanzorren garaian galdu zela eta Leire musulmanen erasoaldiren batean suntsitua izan zela. Egun Sos (Aragoi) dena Iruñeko erresumaren defentsarako zentroa zen orduan. Funesko bailarari buruzko dokumentu bat da, faltsua, baina borroka horien berri ematen du, zalantzarik gabe. Litekeena da Leireri egindako dohaintzak benetakoak izatea nahiz eta dokumentua faltsua izan. Haran hori, Iruñera joateko bide naturala, Antso Nagusiak gotortua izan behar zuen, Sos eta Luesia bezalako beste leku batzuk bezala.
