Kontzeptua

Albaitaritza

Izena Columelari, "De re rustica" idatzi zuen patrizio cadiztarrari, zor zaio. Albaitaritza esan zaio (latinezko veterinae, zamaberea) animalien gaixotasunak sendatzen eta prebenitzen dituen zientziari eta arteari, abereen osasun-programei eta animalia basatien eta etxe-abereen kontrolari arreta berezia eskainiz. (Animalien Osasuna).

Osasun publikoarekin erlazioa duten gaietaz ere arduratzen da, hala nola elikagaien produkzioaren eta kontserbazioaren ikuskapenaz eta kontrolaz (Bromatologia eta Osasun Ikuskapena), eta animalien gaixotasunen prebentzioaz eta kontrolaz, bereziki gizakiak kutsatu ahal dituztenetaz (Zoonosia) eta hauen jatorri eta bektore posibleetaz (Izurriteen kontrola).

Abereen ustiapenei etekin handiena atera ahal izateko egiten diren azterlanak ere biltzen ditu, elikadurari, aukeraketa genetikoari eta etxe-abereen erabilerari buruzko ezagutzak ezarriz (Zooteknia).

Albaitaria medikuntzarekin lanean aritzen da serumak eta txertoak prestatzen, bi ogibideak elkarren osagarri izanez.

Era berean, garrantzitsua da ingurumenaren kontrolean parte hartzea, naturaren oreka biologikoak bermatzeko eta gizakiaren osasuna babesteko.

Esan genezake Albaitaritza orokorrean gizakiarentzat probetxugarriak diren animalien produkzioaren, ustiapenaren, medikuntza prebentiboaren eta sendagarriaren zainketaz eta ikerketaz, eta erlazio higieniko-sanitarioetaz eta ingurumenekoetaz, zein animalia jatorria duten produktuak lortzeaz, industrializatzeaz eta tipifikatzeaz arduratzen dela.

Zientzia honetan jarduten duen profesionala Albaitaria da eta bere aitzinekoa Espainian albeitaria izan zen.