Kontzeptua

Albaitaritza

Animaliak sendatzearen artea gizakiek etxekotu zituztenean hasi zen, duela hamabi edo hamabost mila urte. Animaliak etxekotu eta bere zerbitzura jarri bezain pronto, gizakia hauen zainketaz eta zituzten gaitzetaz arduratu behar izan zen. Horrela albaitaritza jaio zen. Hasieran, animalien gaitzak eta lesioak sendatzeko historiaurreko gizakiak bere gaitzak sendatzeko erabiltzen zituen erremedioak animaliekin erabiltzen zituen logikoki.

Aurkitu dituzten aztarna arkeologiko batzuetan Neolitikotik albaitaritza existitzen dela ikusi dute, Nilo eta Eufrates ibaien haranetan, emankortasun aparteko lurretan, maila handiko zibilizazioak garatu ziren tokian.

Horrela, Hammurabi Kodean (k.a 1792-1750) albaitaritza jardueren arauak ematen dira eta ordainsariak zehazten dira. Pariseko Louvre museoan kontserbatzen da, Kodea dioritaz grabatua dago eta akadio kuneiformean idatzita. K. a. XIV-XII. mendeetako taula hitita batean hainbat etxe-abereren prezioa zehazten da, eta Kahuko papiroa (Egipto) (k.a. 2230-1900) albaitaritzarekin erlazionatutako arazoetara eskainia dago.

Hasieran medikuntza eta albaitaritza oso identifikatuta zeuden eta bi lanak pertsona berberak egiten zituen.

Hipokratesek, gizateriaren historiako medikurik famatuenak (k.a. 470-356), medikuntzan eta albaitaritzan ordurarte ezagutzen ziren jakintzak hirurogei liburuetako bilduma batean bildu zituen, eta bere kontsultan pertsonak zein animaliak onartzen zituen inolako bereizketarik egin gabe. Alderantziz, Hipiatrek edo greziako albaitariek pertsonak zaintzen zituzten, haien ustez pertsonak eta animaliak gauza bera zirelako eta horrela, medikuntza eta albaitaritza elkarren ondoan joan ziren mendeetan zehar, elkarrekin guztiz identifikatuta.

Bi jakintzen arteko bereizketa ez zen zientziaren ekimenaren edo beharraren ondorioz gertatu, baizik eta Sokratesek (k.a. 470-399) hasitako korronte filosofikoen ondorioz, izan ere gizakiek animaliek ez zituzten ezaugarri batzuk zituztela iradoki zuen eta haren dizipulu Platonek (k.a. 427-348) gaian sakondu zuen horiek zerrendatuz: arrazoitzeko gaitasuna, adimen-maila, sentikortasuna, ondo eta gaizki dagoenaren kontzientzia; ezaugarri bereizgarri hauei arima deitu zien.

Platonen ustez arimaren ezaugarriak espiritualak dira, ez dauka euskarri fisikorik, eta horrela, ezin da hil. Hau ikusita pertsona bakoitzak bi parte dituela ondorioztatzen du: gorputz hilkorra eta arima hilezkorra.

Platonek arimari buruz egindako dedukzioak haren dizipulu Aristotelesek (k.a. 384-322) jaso zituen eta bere idazlanetan garaiko giza jakintza osoa bildu zuen. Maisuaren ideiekin bat egiten zuen eta hedapen nabarmena eman zien.

Beranduago, Kristautasunak Aristotelesek konfirmatu zuen Platonen pentsamendua bere egin zuen, eta ez hori bakarrik, kristau-ikasbideetan gizakien arima hilezkoarra izateaz aparte jatorri jainkotiarra zuela eta Jaungoikoak pertsona bakoitzari pertsonalki ipini ziola esaten zuten. Pertsona hiltzen denean gorputz fisikoa hondatzen da, baina arima hilezkorrak bizirik jarraitzen du betikotasunean eta bere ekintzen jabea da. Planteamendu honetan gizakiaren gorputza Jaungoikoaren tenplua edo santutegia bihurtzen da, gizakia beste kreaturak baino maila gorenago batera igotzen du eta, beraz, beste tratu desberdina eman behar zaio, bere izaeraren araberakoa.

Argudiaketa filosofiko-erlijioso honek giza medikuntzaren eta albaitaritzaren arteko banaketa ekarri zuen Kristautasunaren hastapenetan.