Kontzeptua

Albaitaritza

Karlos III.a zen Espainiako erregea eta 1763ko otsailaren 10ean sinatutako Pariseko Itunaren ondorioz, atzerriko gerrateak desagertu ziren. "Bake iraunkorraren" aro honetan zabalkundea eta lasaitasun erlatiboa izan ziren, "herrialdearen adiskideen elkarte ekonomikoak" sortu ziren, egoerak despotismo ilustratua baimenduko zuen, eta gosetearen ondorioz 1766an izan ziren barne-errebolta batzuek bakarrik zipriztinduko zuten lasaitasuna: Esquilacheren matxinada, Zaragozako erreboltak, andaluziako herri batzuetan edo Azkoitiako (Gipuzkoa) "Matxinada"5 , beste euskal herri batzuetara zabalduko zena.

Giro honetan, 1776ko azaroaren 5eko Errege Aginduaren bitartez Alforteko Eskolara albeitar ordezkari bat bidaltzea adostu zen, zentruko funtzionamendua ezagutzeko eta iniziatiba Espainiara eramateko. Aukeratutako albeitaria Bernardo Rodriguez, Errege Zalditegien mariskala, izan zen, garaiko nabarmenetarikoa, gizon saiatua, profesional ikasia eta gogotsua, intelektuala, liberala eta Madrilgo Elkarte Ekonomikoaren kidea. Alforten 1777ko urtarrilaren lehen egunean matrikulatu zen Nicolas Casa de Mendozak6 kontatu bezala eta bertan, zeukan jakintza ikaragarria baieztatu baino ez zuen egin, Risueñoren arabera.7

Alforten azken kurtsoko ikaslea zenean , bere jakintza zabalari esker "anatomia irakaslearen laguntzailea edo irakasleordea" izendatu zuten 1780an, osteologia eta miologia irakatsiz; itzuli zenean, ikasketak 1780ko uztailaren 2an bukatuta, lehendabiziko albaitari espainiarra izango zen.

Bernardo jaunaren jarduera profesionalari buruzko erreferentziak gutxi dira; "El Catalogo" izeneko memoria anonimoaren egiletza eta Carlos Risueñok aipatutako 1784an Albaitaritza Eskolarentzat eginiko Ikasketa Plan baten egiletza aitortu zaio, Maximo Herrero Rojo8 doktorearen aburuz martxan jarri ez zena, izkutuko arrazoiengatik, ziurrenik politikoak eta Arandako Kondeak eragina galtzearekin lotutakoak.

Gutxira, 1783an Karlos III.aren Errege Agindu baten bitartez, Segismundo Malats eta Hipolito Estevez, Lusitaniako eta Almansako Dragoien Errejimentuen mariskal nagusiak hurrenez hurren, Alfortera joan ziren Chaverten, Bourgelaten ondorengoaren, klaseak hartzera. 1787an ikasketa probetxugarriak amaitu zituzten eta ondoren, beharrezko baimenak bilduta, ikasketa bidaia egin zuten Alemania, Danimarka eta Ingalaterra bisitatuz. Bueltatu zirenean, 1788ko irailaren 12ko Errege Aginduaren bitartez Madrilen eta Kordoban eskola berriak ezartzeko antolakuntza eta ikasketa planak egitea agindu zieten, baina azkenean Madrilgoa bakarrik egin zuten giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak ez zeudelako.

1788ko irailaren 9ko Errege Aginduak Albaitaritza Eskola Madrilen ezartzen du eta Malats zuzendari izendatzen du.

Madrilgo Albaitaritza Eskolaren fundazioa, Espainiako lehena, Karlos IV.aren 1792ko otsailaren 23ko Errege Aginduaren bitartez ezarri zen.

Ikasketa plana 1793ko martxoaren 26an onartu zen, eta bertan "zientzia honen sorkuntza, profesio honena, nekazaritzari eta abeltzaintzari interesatzen zaien printzipio zientifikoak eta praktikoak hedatzeko egiten da, Erreinuaren trafikoa, indarra, aberastasuna eta elikadura baitira" esaten zen.

Eskola, izaera militarrekoa baina zibilei sartzeko aukera ematen ziena, Lyongoaren antzera diseinatua zegoen eta 1793ko urriaren 8an zabaldu zen "La Solana" izeneko etxe eta ortu batean, gaur egun Liburutegi Nazionala dagoen lekuan.

5Revolución, motín, revuelta.

6Boletín de Veterinaria, IV. Urtea; 80. zkia. 1848ko maiatzak 15; 178. or. Madril.

7RISUEÑO, Carlos. (1829). Diccionario de Veterinaria. Libk. 10. or. Madril.

8HERRERO ROJO, Máximo. (1984). La Albeyteria Española en el Siglo XVIII. SYVA Laborategien eskaintza da. Cervantes Grafikoak. 163. or. Salamanca.