Kontzeptua

Albaitaritza

XVIII. mendeko pentsamendu frantsesa ekimen berrientzako lur ongarritua zen, animalien osasuna xedetzat izango zuen zientzia medikua sortzeko, esaterako; garai horretan nagusia zen naturaren filosofian animalien askatasuna eta ongizatea primeran ikusiak zeuden, eta aita santuek anatomia, fisiologia eta patologia konparatzailearen ikerketan beren ideia ilustratuak praktikara eramateko aukera paregabea ikusi zuten, eta ideia hauen jarraitzaileen artean Claude Bourgelatek beharrezko babesa lortu zuen bere objektiboa bete ahal izateko: Albaitaritza Eskola sortzea.1

Lyonen (Frantzia) 1702an jaio zen familia noble baten barruan eta zaldun titulua zuen. Zuzenbidea ikasi zuen, abokatutzan jardun zuelarik; garaiko espirituan murgilduta, ilustratu honek d"Alembertekin adiskidetasuna eta korrespondentzia ugaria mantentzen zuen. Bere jaioterrian eskuratzen zituen Ekitazioari eta Hipiatriari buruzko tratatuak ikertzen zituen, batez ere Newcastlekoak eta Solleyselkoak, eta herriko Ekitazio Eskolako zuzendari izendatu zuten; 1740an Nouveau Newkastle ou Traité Cavalerie zaldien ikerketari buruzko liburua argitaratu zuen garai hartan materia horri buruz zegoen jakintza bilduz. Lyongo Pouteau eta Charmenton zirujauen laguntzaz, anatomia ikertu zuen zaldiak disekzionatuz; fisiologiari eta animalien oinarrizko patologiei buruzko nozioak eskuratu zituen. 1750ean Eléments d"Hippiatrique argitaratu zuen.

Bourgelat entziklopedista konbentzitua da eta, bere ustez, albaitaritzako medikuntzan aritzen direnek ez dute inoiz behar bezalako heziketa izango ikasketa horretara zuzendutako zentruak egon arte, horregatik Ekitazio Eskola Albaitaritza Eskola bihurtzen du, Frantziako aristokrazian zituen harremanen laguntzaz, batez ere Lyongo intendentea zen eta geroago Luis XV.aren Finantza Kontrolatzailea (ministroa) izango zen Jean-Henri Bertinen laguntzaz. Hura ilustratua eta agronomiaren zale amorratua zen eta Bourgelatek Parisen izango zuen babesle nagusia bihurtuko zen, 1761eko abuztuaren 4ko Errege-Dekretua kudeatuko zuelarik; honen bitartez animalien gaixotasunen tratamenduak ikertzeko Lyonen Eskola bat egotea baimentzen da.

1762ko otsailaren 13an, Bourgelatek sei ikasleekin batera Lyongo Guillotière auzoko ostatu xume batean, orain Albaitaritza Eskola bihurtua, bere ibilbidea hasi zuen, ikasleei informazio zientifikoena eskaintzeko helburuarekin.

Eskolaren sorrerak aurrekaririk gabeko arrakasta izan zuen, berria berehala Europa osoan zehar zabaldu zen eta ikasle atzerritarrak onarpena eskatzen hasi ziren; Frantsesekin gauza bera gertatu zen.

1762ko udan bertan, agintarien eskaeraz, ikasleak Meyzeura misio berezian eraman zituzten epizootia bat kontrolatzeko, eta higiene-arau2 sinpleak ezarriz misioa bete zuten. Bourgelatek arrakasta goraipatuko zuen eta Parisetik Bertinek gainerakoa egingo zuen, 1764ko ekainaren 1eko dekretuaren bitartez Albaitaritza eskola berrien sorrera sustatuz eta Bourgelat Lyongo Errege Albaitaritza Eskolako eta Frantzian errotu ahal izango ziren albaitaritza eskola guztien zuzendari eta ikuskatzaile orokorra izendatuz.

1766. urtearen bukaeran, Bourgelatek beste eskola bat inauguratu zuen Parisetik hurbil, Maisons-Alforten; urte horretan bertan Limogesen beste eskola bat zabalduko zen, baina 1768an desagertuko zen zabarkeria batzuen ondorioz.

1 ETXANIZ MAKAZAGA, J.M. (2002) De albéitares a veterinarios. La Inspección de Carnes. EHAE-ren aldizkaria. LVIII Tomoa-2-2002, 437 - 481 orr., Donostia.

2CLAIVAZ, Jean-Blaise. (1997). Vache triste, vache malade. Société d'Histoire et d'Archeologie de Genève. 18 or. Genève.