Kontzeptua

XX. mendeko euskal narratiba, edo Nazioaren memoria

Espainiako demokraziaren aroa hasi zen 1975ean, baina horrek ez zuen euskal literatura-paradigmetan inongo aldaketarik ekarri; hala ere, hegoaldeko euskal probintzietan euskal literatura-sistema finkatzeko baldintza objektiboak ahalbidetu zituen (Olaziregi, 2005). Autonomiaren Estatutua onartu (1979) eta Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Legea sortu izanak (1982), besteren artean, hezkuntzan eredu elebidunak ezartzea ahalbidetu zuen, bai eta euskaraz editatzeko diru-laguntzak esleitzeko deialdiak egitea ere. Laguntzei esker argitaletxe berriak agertu ziren, eta nabarmen hazi zen euskal argitalpenen produkzioa. Gaur egun 1.500 lan inguru argitaratzen dira urtean. Euskal literaturan argitaratutakoaren % 59 narratiba da eta genero horrek, zalantzarik gabe, erabateko garrantzia izan du gure literatur sistema finkatzeko prozesuan. Ehun enpresa baino gehiagoko sare editorialaren jabe gara, eta 300 bat idazle izango dira gurean (% 85 gizonak, % 15 emakumeak). Gainera, 1977an Euskal Filologia unibertsitate-ikasketak ezarrita, kritika akademikoa oso-osoan garatzeko azken bultzada eman zen. 80ko hamarkadan bertan sortu ziren, halaber, Euskal Idazleen elkartea, EIE, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, EIZIE. Zalantzarik gabe, obra unibertsalak euskarara itzuli izanak euskara literarioa finkatzen lagundu du, bai eta euskaraz idatzitako obrak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko ekimena sustatu ere (basqueliterature). Euskal literaturak autonomizazio-prozesu argia bizi izan du orduz geroztik, eta sistemaren irriken artean da ziurtagiri literarioa lortzea, hizkuntza zentraletara itzulpenak eginez. Casanovak halaxe defendatu zuen (2001: 182-3): itzulpenak, naturalizazioaz gainera (nazionalitatea aldatzearen esanahian), literarizazioa ere badakar, hots, legitimazio-erakundeen aurrean literatura gisa agertzea. Erakundeetako batzuek, literatura-sariak ematen dituztenak, kasurako, Espainiako Literatura Sari Nazionalak esleitzen dituztenak, euskal autoreen lanak saritu dituzte 80ko hamarkadaren hondarretik gaur arte. Sarituen artean ditugu, esaterako, Bernardo Atxagaren Obabakoak ezaguna (1989; Erein eta Ediciones B) edo Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian (2003), baina baita gazte zenbaiten lehen nobelak ere, Narratiba Sari Nazionalak jaso dituztenak. Horixe da Unai Elorriagaren kasua: 2002an saria jaso baitzuen SPrako tranbia (2001) eleberriarekin. Kasu bera daKirmen Uriberena: 2009an jaso zuen saria Bilbao-New York-Bilbao (2008) eleberriarekin.

Beste literatura-sistema batzuetan gertatu bezala, euskal literatura-jarduera ere eleberriaren inguruan polarizatu da azken urteotan. Gaur egun, entzute gehien eta sona literario handiena dituen generoa da, bai eta edizio-errentagarritasun handiena duena ere, noski. Esan daiteke azken hiru hamarkadetako euskal eleberriak bere egin duela oinarri postmodernoa: dena dago kontaturik, baina berriro kontatu beharra dago. Eraginetan eta literatur testuartekotasunean eklektizismo nabarmena ageri duen eleberriaz ari gara. Modernitatearen teknikak bereganatzen baditu ere, generoen konbinazio parodiko eta ironikoak egiteko joera du, eta orotariko tipologia anitzak eskaintzen ditu. Kontsumo gizartearen beharretara errenditutako eleberrigintzaren igoera, barrura eta iraganera begiratzen duten istorioak (autobiografikoak, memorietan oinarritutakoak....), metafikzioak, generoen arteko hibridazioak, eleberri beltzak.... dira nagusi gaurko panoraman. Nolabait, iraganari begiratzen dion eleberri garaikideak, poetika errealista subjektiboaren alde egiten duenak, markatzen du deskribatu gura dugun gaurko nobelaren argazkia. Hartara, esan daiteke euskal eleberriak, azken hamarkadotan, gainditu egin duela, azkenean, ezintasun jakin bat, Lasagabaster (1990: 22), kritikoak, kasurako, errealitateari "aurre emateko" ezina gisa definitu zuena. Nola egin duen? Bada, fikzioak "errealitatea" birsortzen, irudikatzen edo islatzen ez duen kontzientziatik, fikzioak "errealitatea" eraikitzen duen kontzientziatik. Horrek lagundu du, batez ere, 90eko hamarkadaren ostean ugarituz joan diren ETAren inguruko eleberriei esker, terrorismoaren tabuak apurtzen eta haren elementu fetixistak eta erritualizatuak ezabatzen, bai eta terroristaren bermitologizazioa eteten ere (Zulaika, 1999: 88).

Memoria historiaren berreskurapenak gertaera historiko eta politikoen deseraikitzea ahalbidetzen du, mitifikaziotik edo planteamendu manikeotik ihes egiten duen idazketari esker. Diskurtso historiografikoaren objektibotasuna ezbaian jarrita (Halbwachs, 1992: 49), egiaztatu egiten da literaturak "beste egia" horiek, historiaren diskurtso epikotik baztertutakoak, kontatzeko balio duela. Gerra Zibila eta haren zenbait euskal episodio Intxorta mendiak edo Gernika bezalako oroimen guneen bidez testuratu dira eta abertzaletasunarena bezalako diskurtsoak deseraikitzeko eta Euskal Nazioaren kontzeptu monolitikoa hausteko balio izan dute. Gure hurbileko historia berriro idazteko saiakerak izan dira, besteak beste, honako eleberri hauek: Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979),Jose Agustin Arrietarena; Euzkadi merezi zuten (1984), Koldo Izagirrerena; Azukrea belazeetan (1987), Inazio Mujika Iraolarena; Izua hemen (1990) eta Kilkerra eta roulottea (1997), Joxemari Iturralderenak; Badena dena da (1995), Patxi Zabaletarena; Azken fusila (1994), Edorta Jimenezena; Tigre ehizan (1996), Aingeru Epaltzarena; Agur, Euzkadi (2000), Juan Luis Zabalarena eta berriki saritutako Antzararen bidea (2007), Jokin Muñozena. Azken autore honena da, halaber, Bizia lo (2003) izeneko ipuin-liburua, euskal terrorismoaren desmitologizazioari ekarpena egin diona. Memoria historikoa berreskuratzeko prozesua izan da, era berean, Ramon Saizarbitoria idazlearen azken hamarkadetako eleberri-ibilbidearen ardatz nagusia. Horra hor Hamaika pauso (1995), ETAn parte hartutako 70eko hamarkadako belaunaldiaren inguruko nobela; edo, Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996), non Gerra Zibileko eszenak kontatzen dituzten zenbait jubilatuk, eta kontakizunok kontrapuntu narratibo interesgarriak bihurtzen diren istorioko protagonista den bikotearen gerra domestikoan. Saizarbitoriaren azken liburuan, Gorde nazazu lurpean (2000) lanean, bost narrazio dakartza egileak; bada, argumentuaren harian autorearen azken literaturan ageri diren bi obsesio handi ditugu: emakumeen eta gizonen arteko komunikazio-arazoak, alde batetik (ikus, adibidez, Rossettiren obsesioa eleberri laburra, psikoanalisia eta pintura prerrafaelita oinarri dituen testuartekotasuna baliatuz sorkuntza literarioaren eta desiraren arteko loturak aztertzen dituena. Ik. Olaziregi, 2004); eta, bestetik, gudariek Gerra Zibilean bizi izandako gertaera latzak. Saizarbitoriak emozioz omentzen ditu gerra galdu zuten gudari zaharrak Gudari zaharraren gerra galdua eta Asaba zaharren baratza narrazioetan. Lehenengoak, zangoa Intxortako mendietan galdu zuen gudari zahar baten istorioa aurkezten digu, iragan hori oroituz, sortuz, gerrak berarekin dakarren tragediari buruzko hausnarketa eskainiz; bigarrenean, berriz, egilearen belaunaldian herentzia abertzaleak utzitako zamaren ingurukoak astintzen dira. Finean, euskal gizartearen arazo eta obsesioak aztertzen ditu Saizarbitoriak, eta iraganera itzultzeko saiakerek iragana birsortu beharra dakartela nabarmentzen.

Birsortze horretan hartzen du arnas gure autorerik unibertsalenaren, Bernardo Atxagaren, narratibaren zati handi batek (Olaziregi, 2011). Gizona bere bakardadean (1993) eta Zeru horiek (1995) autorearen ibilbidean errealismorako bira egiten duten eleberriak dira, eta egilea Obaba mundu fantastikotik aldentzen da bi eleberriotan. Biek ageri dute errealismo kronotopikoa: ETAren biolentziaren ingurukoak dira, bai eta gizartearen zatikatzearen eta horrek eragindako sufrimenduari buruzkoak ere. Autoreak errealismo subjektiboa darabil eta "euskal arazoaz" diharduten komunikabideetan ahotsik ez dutenei ematen die hitza. Iraultzarako ilusioen galera (Gizona bere bakardadean), ETAko presoen birgizarteratzea (Zeru horiek) edo biolentzia terroristaren jatorriari eta garapenari buruzko hausnarketa (Soinujolearen semea, 2003) bilakaera literarioaren adibide dira. Hain zuzen ere, diskurtso monologikoa (abertzalea izan edo ez) etetea lortu gura duen bilakaera literarioaz ari gara. Horrez gain, eleberrion beste helburuetako bat biolentziaren kontrako aldarria eta bizitzaren aldeko apustua egitea ere bada. Ziutateaz (1976) eleberri abangoardistaren ostean, Obaba geografia imajinarioan kokatutako narrazioak izan ziren Atxagaren ibilbidean erabateko aldaketa eragin zutenak. 70eko hamarkadako esperimentalismotik literatura fantastikora pasa zen Atxagaren narratiba 80eko hamarkadan. Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984) obrak, esaterako, euskararen eta ingelesaren erabilera heterofonikoa agertu zuen, bai eta Ameriketako euskal diasporaren nortasun hibridoa ere. Halatan ere, Bi anai eleberrian (1985) eta saritutako Obabakoak (1988) ipuin bilduman irudikatu zuen ondoen egileak Obabak zekarren poetika aldaketa (Olaziregi, 1998). Bizi izandako geografia bat da Obabako deskribapenetan agertzen dena, antzinako mundu bat non Naturaren eta Kulturaren arteko borroka den nagusi. Obaban kokatutako istorioek konbinatu egiten dute hausnarketa metanarratiboa eta literatura fantastikoaren estrategia-multzoa. Testu-arteko bidaia ziragarri gisara ere defini genezake Obabakoak: Mila gau eta bat gehiago lanarekin hasi eta XIX eta XX. mendeko ipuingile maisuenganaino iristen den bidaia, hain justu. Hortik, Txekhov, Maupassant, Villiers de l'Isle Adam, Waugh, Borges, Cortázar, edo Calvinori egiten zaizkien keinu literarioak.

Esandakoaz bat, azken hamarkadetako euskal narratibaren berritasun interesgarrienetakoa da, dudarik gabe, emakume idazleen ekarpen berritzailea. Euskal literatura-sisteman apurka-apurka hartu duten ikusgaitasuna bat dator genero eta sexualitate femeninoaren deseraikitzea lortu nahian egindako proposamen narratiboekin. Nabarmentzekoak dira emakumeen obren forma autobiografikoen nagusitasuna, feminismoaren inguruko gaiak lantzeko interesa (ama/alaba harremana, amatasuna, esparru pribaturako bazterketa, sexuen arteko komunikazio-arazoak...) eta pertsonaia femeninoen inguruan sortutako unibertso literarioak. Unibertso horientzako lekua aldarrikatzen da. Arantxa Urretabizkaia dugu, ezbairik gabe, egile aipagarrienetakoa. Ezberdintasunaren feminismotik gertuko eleberria da bere Zergatik, Panpox (1979); Koaderno Gorria (1998), berriz, amatasunaren eta militantzia politikoaren inguruko gogoeta iradokitzailea, kontamolde autobiografikoak erabiliz. Azpimarratu beharrekoak dira, halaber, Eta emakumeari sugeak esan zion (1999), Lourdes Oñederrarena; Sisifo maite minez (2001), Laura Mintegirena edo Itxaro Bordaren trilogia, nobela beltzaren klabean hard boiled detective estereotipo klasikoa deseraiki gura duena. Narratzaile gazteen lanen artean gogoratuko genituzke Uxue Alberdiren Aulki jokoa (2009), Karmele Jaioren Musika airean (2009) eta Iratxe Esnaolaren Galerna (2010) nobelak, edo Eider Rodriguezen Haragia (2007) ipuin-bilduma.

Memoria historikoaren berreskurapena klabe errealistan egindako eleberrien bidez egin bada, errealismo magikoa eta literatura fantastikoa erabili da euskal nazionalismo tradizionalak goretsi zuen nekazari-mundua deseraikitzeko. Euskalduntasunaren esentzia gisara kontsideratutako mundu hori izan zen, hain justu, 80ko hamarkadan ugaritu ziren erruralismo beltzaren ildoko narrazioek deseraiki nahi izan zutena. Horra hor, esaterako, gorago aipatu dugun Azukrea belazeetan ipuin liburuaz gain, Joan Mari Irigoienen Babilonia eleberria (1989) edo Pako Aristiren Kcappo (Tempo di tremolo) (1985) lana, adibide gutxi batzuk aipatzeko. 90eko hamarkadako eleberrigintzak, berriz, ingurune urbanoak berreskuratu ditu eta ugariak dira eleberriotan espazio postmodernoak, espazio heterotopikoak, hiri heterogeneo eta etenak, Harkaitz Canoren Beluna Jazz (1996) eta Pasaia Blues (1999) eleberri beltzetan azaltzen direnak, esate baterako. Ez da zaila gaurko euskal narratiban errealismo zikina deritzonaren zantzuak kausitzea, baita eleberri beltzetako kontatekniken erabilera ere ingurune urbanoetan kokatutako hainbat eleberri edo ipuinetan. Horra hor, adibidez, Xabier Montoiaren ipuin liburuak (Emakume biboteduna, 1992; Gasteizko hondartzak, 1997) eta nobelak (ik. Blackout, 2004), Aingeru Epaltzaren Rock'n'Roll (2000) gogoangarria, edo Fermin Etxegoienen Autokarabana (2009) eleberria.

Anjel Lertxundiren ibilbidea ere nabarmendu beharrekoa dugu. Lertxundiren narraziozko lanak errealismo magikoaren inguruan ibili ziren 80ko hamarkadan (beherago aipatuko dugun, Hunik arrats artean ipuin liburua edo Hamaseigarrenean aidanez, 1982, eleberri ezaguna, esaterako), bai eta literatura fantastikoaren inguruan ere, Azkenaz beste (1996) bezalako nobeletan. Etengabeko bilakuntza poetikoak definitzen du Lertxundiren ahalegin narratiboa. Hortik, bere ibilbidean kausi ditzakegun tipologia desberdinak, eragin eta poetiketan eklektikoa dela ere esan genezake. Aipatutakoez gain, metanobelak (Argizariaren egunak, 1998), ETAren biolentziari buruzko eleberri errealista moralak (ik. Zorion perfektua, 2004), edo tratu txarrei buruzko nobela beltza (Zoaz infernura, laztana, 2009) azpimarratu beharko genituzke.

Euskal narratibaren birpasa azkar hau bukatu aurretik, euskarazko ipuingintza modernoari ere tarte bat egin behar diogu.Esan dezagun 1950-1960 bitartean hasi zirela generoaren modernotasunaren zantzuak agertzen, Gabriel Arestiren edo Jon Miranderen eskutik; haien ipuinek, besteak beste, Poe, Gogol edo Maupassanten tradizio modernoari egin zioten men. Ezin ahaztu, halaber, Martin Ugalderen Iltzalleak (1961) ipuin bildumaren berritasuna. Edonola ere, kritikaren arabera, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) ipuin-bilduma izan zen euskarazko lehenengo ipuin-liburu modernoa; bertan, ageri-agerikoak dira errealismo magikoaren oihartzunak (García Márquez, Rulfo...) edo absurduaren literaturarenak (Kafka, Artaud...). Hamarkada berean argitaratutako beste ipuin-liburu batzuek kontakizun tradizionalen ildoari jarraitu zioten, edo eleberrietan bogan zen esperimentalismoa txertatzen ondo asmatu zuten. Halatan ere, bada euskal ipuingintza modernoaren bilakaeran inflexio-puntua markatu zuen hamarkada bat: 80koa. Bada, espainiar literaturan legetxe, literatura-aldizkariak eta sariak hedatu ziren, eta horrek ipuingintzaren ugaltzea eta sendotzea ekarri zuen. Gainera, Pott banda (1978-1980) agertu zen euskal literaturaren panoraman. Bandako kide ziren, besteak beste, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorika; taldeak erreboluzioa eragin zuen genero laburren panoraman, hain zuzen ere, ipuinen eta poesiaren panoraman. Pott bandako kideek aitortu duten bezala, tradizio anglosaxoiak (polizia-eleberria, zinema, abentura-fikzioa...) nahiz erteuropako idazleek (Kafka, Trakl...) liluratu zituzten eta Jorge Luis Borgesen liburutegi zabalean aurkitu zuten lilura horietaranzko bide zuzena.

Metaforez eta irudi iradokitzailez betetako prosan, Sarrionandiak Narrazioak liburua ekarri zuen (1983), elementu fantastikoz mukuru, kondairetatik eta ipuin tradizionaletatik hartutako elementuak txertatuta, sirenei eta marinel zaharrei buruzko ipuinak erabilita. Hala, agerian geratu zen autorearen eta Samuel Taylor Coleridge edo Herman Melville idazleen arteko lotura. Ginebra zein Galahad pertsonaiak, adibidez, ziklo arturikoko narrazioen omenez sorturikoak dira, eta eszenario ilunek Poeren kontakizunak dakarzkigute gogora. Ipuin metanarratiboak ere badira Narrazioak lanean. Euskal ipuingintzan orainaren eta geroaren arteko muga markatu zuen beste ipuin-bildumetako bat, zalantza izpirik gabe, lehenago ere aipatu dugun Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) saritu zuten.

Pixkanaka-pixkanaka, ipuinen tipologia aberastu egin da 80ko hamarkadaz geroztik, eta, gaur egun, eleberriarekin gertatu bezala, ipuinaren panorama eklektikoa da egiazki. Egungo panorama postmodernoaren ezaugarrien harira, euskal ipuingintzan azken hamarkadetan nagusitu izan diren joerak errealismotik egin dute ibilbidea, izan ebakera fantastikodun errealismotik (Unai Elorriagak landu izan du), izan Carver edo Wolff idazleen estiloko Ipar-Ameriketako errealismotik. Nabarmendu beharrekoak dira: Harkaitz Cano (2005, Neguko zirkua), Xabier Montoia (1997, Gasteizko hondartzak), Arantxa Iturbe (1995, Lehenago zen berandu), Pello Lizarralde (1998, Un ange passe-isialdietan); kontakizun metanarratiboak, Iban Zaldua (2005, Etorkizuna eta Gezurrak, gezurrak, gezurrak, 2000); absurduaren literaturaren inguruan koka daitezkeen narrazioak, Karlos Linazasoro (2000, Ez balego beste mundurik) eta mikroerrelatuak, Joseba Sarrionandia (1989, Ez gara geure baitakoak eta 1992, Han izanik hona naiz). Esan daiteke 70eko hamarkadako ebakera esperimentaleko narrazioak desagertu egin direla, eta istorioak kontatzeko gustua berreskuratu dela. Gainera, azkenaldiko ipuinetan ikus daitekeen errealitate zatikatuak bere egiten du zinemaren, musikaren edo komunikabideen eragina, eta kontatzeko modu berrietan, erritmo berrietan eta hizkuntza-erregistro berrietan sakontzen du