Eleberria

Muñoz, Jokin

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Castejon, 1963.

Donostian Irakasle ikasketak eta Euskal Filologia burutu dituen Jokin Muñoz idazlea Castejonen (Nafarroa) jaioa da, berak dioen bezala, "Ebro ibaiak eta trenbideak bat egiten duten tokian". Gaur egun institutuko irakasle da, eta, familia ugaria duen arren, idazteko astia ere badu. Argitaratu dituen bost liburuetan bere esperientziez baliatu dela pentsatzeko arrazoirik ez da falta: Castejonera trena iritsi zeneko garaia, bertako paisaia lehorrak, Donostian gaztaroan ezagututako giroa, Muñozek berak Nafarroan zehar oinez egindako bidaia, etab.

Gizartearen aldaketak, euskal gatazka, gerra zibila, pertsonaien barne-ezinegona etab. azaleratzen ditu egileak narrazioetan, gehienetan irakurlearen gogoa astinduz. Jokin Muñozek berak aitortzen du bere helburuetako bat irakurlearengan eragitea dela: "(...) idazten dugunak ukitu, hunkitu, jo, harritu eta, zergatik ez, haserretu behar du irakurlea. Orain eta hemen, ezin dut jarduera literarioa ulertu helburu hori gabe" (2008). Eta horretarako kontakizun guztiak euskara ederrean ematen ditu, lexiko oparoa eta joskera naturala erabiliz.

1995ean argitaratu zuen bere lehenengo lana, Hausturak, eta ordutik aurrera zeresan handia eman duten liburuak plazaratu ditu. Hausturak kontakizun-bilduma da. Izurkiz herrian kokaturiko bost narraziok osatzen dute, eta narraziootan trena heldu zenetik gertaturiko aldaketak dira ardatz. Kontakizun horietan, baina, poesiak, gutunak eta egunkarietatik ateratako pasarteak tartekatzen dira, genero ezberdinak irakurleari modu atseginean gerturatuz. Narrazioak lotzen dituen trenaz eta tren geltokiaz aparte, elementu bateratzaile gehiago ere aurki daitezke, esaterako, gerra zibila; izan ere, zeharka aipatuagatik ere gerra zibilak garaiaren berri ematen digu.

Bigarren liburuak Joan zaretenean (1997) izena du. Kritikari batzuek eleberri existentzialistatzat hartu dute, Alvaro Egiazabal protagonistak bere neska-lagun ohiari zuzendutako gogoetak dituelako oinarri. Beste batzuen ustez, aldiz, nobela psikologikoa da. Edozein etiketa jartzen zaiola ere, protagonistak, neskak utzi berritan, lagun baten bisitaren ondorioz gertaturikoa kontatzen du. Donostian jaio baina Madrilen bizi den Alvarok telebistan ikusi du bere etxetik hurbil izandako atentatua, eta etxean ezkutatu duen txikitako lagunak, -Mikelek-, gertakari horrekin lotura zuzena duela hasieratik susmatu arren, ez du egoeraz ezer jakin nahi, ondorengo aipuak erakusten duen moduan: ""Ez iezadak ezer kontatu" erregutu nion Mikeli" (1997, 7). Beranduago, ordea, poliziak Mikel atxilotzen du, eta, orduan, Alvarok Donostiara bueltatzeko erabakia hartzen du. Ahaztuta zituen sentimendu eta oroitzapenak ekartzen dizkio gogora hiriak, eta, horien deskribapenen bidez, garai hartan gizartean gertatzen ari ziren aldaketak ezagutuko ditu irakurleak ("tabernetan, esaterako, pegatinak kendu zituzten, zoluko zerrautsa eskobatu, eta bertan baino entzuten ez ziren kantak isildu ondoren, modako irratietakoak jartzen hasi ziren", 1997, 118), baita giro nahasi horretan gazte askok izandako joera nagusiak ere: drogazaletasuna ala talde armatuan parte hartzekoa.

Jokin Muñozek idatzitako hurrengo liburua, Atlantidara biajia (2000), izenburuak adierazten duen gisan, bidaia-kronika bat da, aurrekoek baino tonu ironikoagoa duena. Bertan Nafarroako herri batzuetan zehar egindako ibilaldian izan zituen bizipenak ditu kontagai egileak. Lau eguneko txangoak bide ematen dio Muñozi Nafarroako hegoaldeko egoera azaleratzeko eta irakurleari gogoeta eragiteko.

Lau urte beranduago, Bizia lo (2004) lanak ikusi zuen argia, eta ipuin liburu horrekin idazle castejondarrak Euskadi Saria eskuratu zuen. Obrak bost narrazio ditu, bata bestea baino gogorragoa, izan ere, errealitatearen aukerak baliatzen ditu Jokin Muñozek kontakizun batzuetan, egiazko erreferenteak bere gisara erabiliz: Boluetako gazteen heriotza, aita atxilo duen semearen egoera... Pertsonaia guztiek dute presente euskal gatazka euren bizitzetan, zuzenean ala zeharka. Haatik, idazleak datu horiek fikzioa sortzeko erabiltzen ditu, ez gertaera horien errepikapena birsortzeko. Ez ditugu inoiz ere benetako izenak topatuko istorioetan, baina bai itzalak, irakurleak benetakotzat har ditzakeen pertsonaiak eta egoerak, alegia. Ibon Egaña kritikariak diosku "erreferente errealak eta hurbilak erabiliz, eta pertsonaien barne psikologia borobila egituratuz, irakurleak beldurra ematen duen hurbiltasuna sentitzen du[ela] pertsonaiekiko" (2008). Eta Bizia lo ipuin-bildumako "Isiluneak" narrazioari buruz ari dela, hauxe zehazten du:

"Harrigarria da Muñozek zelako egiantzekotasunez lortzen duen berreraikitzea halako egoera batek gurasoei sorraraz lekizkiekeen pentsamendu eta egonezinak" ["Asombra la verosimilitud con la que Muñoz logra reconstruir los pensamientos y las inquietudes que unos padres podrían tener ante esa situación"] (2005, 149).

Azkenik, Antzararen bidea (2007) eleberria argitaratu zen. Jokin Muñozek hainbat lorpen izan zituen nobela horrekin: Espainiako Kritika Saria, Euskadi Saria eta Beterriko Liburua Saria. Narrazioak bi plano nagusi ditu: bata, Gerra Zibilak eztanda egin aurretiko Nafar Erribera eta, bestea, 2003ko Donostia. Bi kokaleku horien bidez, narratzaileak pertsonaien eta gertaeren antzekotasunekin ispilu-jokoa egiten du, nahiz eta nobelaren hastapenean den aipuak dioen bezala ("iragana bizi-bizi dago eta ispiluek ez dute obeditzen") bi planoek ez duten guztiz bat egiten. Lisaren semea, Igor, bonba bat manipulatzen ari zela hil zen, eta ordutik aurrera emakume horren bizitzak norabide bakarra du: semeak atentaturen bat egiteko izan zezakeen arrazoia ulertzea. Bide horretan, Jesus ezagutzen du, gerra garaian Donostiara bizitzera joandako agurea. Lisa eta Jesusen arteko harremanaren hasiera, baina, ez da samurra. Bien arteko tirabiren eta ulertezintasunaren muina azaldu ahala, erlazioa baretu eta hobetu egiten da, batak bestearen beharra izateraino. Tartean Jesusek kontatutako istorioek eta Lisaren gogoetek eta ikerlanek, poliki-poliki, irakurlearen jakin-mina aseko dute.