Kontzeptua

Ipuingintza Euskal Herrian.1970-2000

50eko hamarkadaz gero euskal literaturan izandako aldaketen testuinguruan kokatzen da euskal ipuin garaikidearen benetako sorrera. Berori aitzindaritzat jo ditzakegun idazle batzuei zor diegu. Edozelan ere, sorrera hori benetan gorabeheratsua izan zen, salbuespenak salbuespen, garaiko aldizkarien orrialdetarako mugatzen baitzen. Horrela, sorrera horren aitzindariak, besteak beste, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jean Etxepare, Martin Ugalde eta Nemesio Etxaniz aipatzen dira. Testuinguru horretan ikusi behar dugu modernotzat jotzen dugun lehenengo ipuin-bilduma, Martin Ugaldek Venezuelan argitaratu zuen Hiltzaileak (1961) liburua. Baina, ez zen izango 70eko hamarkadara arte ipuinak aldizkarietako orrialdetik bildumen argitalpenetara igarotzen ikusten ditugunean. Sasoi horretan beste mugarri esanguratsu bat ezarri behar da gure ipuingintzaren historian, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970). Lertxundiren lan horrek generoarekiko kontzientzia zabaltzen du. Harrez gero, ipuin-bildumen argitalpenak ugaritzen hasi ziren. Generoak ekin zion gure literaturan ibiltzeari, berandu baina arin.

Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) bilduman ikusi behar dugu euskal literaturan ipuina lan oso baten oinarria eta helburua, gainera modu kontziente batean. Lertxundik, bere lehenengo lan honetan, ipuingintza garaikidearen ezaugarriak bere egiten ditu. Bertan nabarmenak dira Hego Amerikako errealismo magikoaren nahiz absurduaren antzerki eta ipuingintzaren eraginak. Beraz, ipuingintzaren hastapen honetan ikusi eta nabarmendu behar dira kanpoko eraginekiko harremanak, erabat ezaugarri arrunta sasoiko idazle gazteen artean, baina berri-berria orduko euskal literaturaren alorrean. Harreman hori, bestalde, ez zen gauzatuko nazioartean ipuingintzak arrakasta lortu izan ez balu, arrakasta hori zetorkion adierazpen narratiboak lortzeko ipuinak zeuzkan berezko ezaugarrietatik, eleberriaren aurrean genero garatuago eta zailago egiten zuten ezaugarriak. Lertxundi berehala jabetu zen ipuin garaikideen ezaugarri narratiboez eta horietan aurkitu zuen sormenerako adierazpide egokia.

Oso bestelakoa izan zen Mikel Zarateren ahalegina. Mikel Zarate bere lan guztien artean hiru ipuin liburu utzi zizkigun: Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975), Utopiaren Fantasian (1979) eta Bilbo irribarrez (1980). Azken hau bera hil eta urtebetegarrenean argitaratu zen. Zalantzarik gabe lehenengoa, Ipuin antzeko alegi mingotsak, izan da denetarik ospetsuena. Zarate, bere lan horrekin, ipuin tradizioa berritu ez ezik, bizkaierazko tradizio zaharraren eta batuazko berriaren arteko zubilana ere egiten ahalegindu zen.

Luis Haranburu Altuna (Zera, 1975 eta Desgizona, 1978) eta Patxi Zabaletaren (Euskomunia eta Zoroastroaren artaldea, 1977) ipuin bildumak garaiko esperimentalismoaren adibide garbiak dira. Oro har, esperimentalismo horrek aurreko joera existentzialista gainditu zuen, beronek zenbait testutan zirauen arren.

Hamarkadaren amaiera aldean gauzak aldatzen hasi ziren. Bestelako estetika eta proposamenak atea joka zetozen. Euskal literaturan Koldo Izagirre dugu literatura fantastiko modernoa landu zuten lehenengo idazleetako bat. Gauzetan (1979) izeneko ipuin liburua da errealitate fantastikora hurbiltzeko lehenengo urratsa. Literatura honetan logika mota bi gainjartzen dira, arrazionala, azaltzerik ez dagoen guztia errefusatzen duena, eta irrazionala. Bien arteko anbiguotasunean sortzen da fantastikotasuna. Literatura joera honetan elkarrekin agertzen dira elementu arrazional eta irrazionalak, kausa logikoen ordez kausa magikoak agertzen dira, ezohikoak. Horietan elementu legendarioak, mitikoak, sinismenak, metaforak, alegoriak, etab. Surrealismotik, psikoanalisiaren eraginpean, datozkigun elementu oniriko eta irrazionalekin nahasten dira; batzuetan absurdoa denarekin ere. Joera honetan giroa errealista izan ohi da, horregatik errealismo magikoa deitu izan zaio, batzuetan surrealismo fantastikoa ere deitu izan bazaio ere. Joera mota hau Anjel Lertxundiren eskutik sartu zen euskal literatura garaikidean, Hunik arrats artean bildumako "Hiltzea munduko gauzarik errezena duk" deritzon ipuinak ondotxo erakusten duen moduan. Haranburu Altunaren zenbait ipuinetan ere antzematen da joera honetarako urratsa. Baina, zalantzarik gabe, Koldo Izagirreren Gauzetan liburuari segida emanez, 80ko hamarkadako ipuingintzak ederto garatu eta errotu zituen joera horren ezaugarriak, batez ere, Pott bandaren idazleen lanei esker.

Hamarkadaren hasierako urteetara itzuliz, nagusitzat jo ditzakegun joeretatik at, badira ipuingintzaren alorrera etorri ziren bestelako idazleak.1972. urtean narrazio bilduma bi argitaratu ziren: Kaxildo Alkortaren Giza zirriborra eta Xabier Kintanaren Behin batean. Kintanak ere Nazioarteko ipuinak izeneko bilduma argitaratu zuen 1980an. Argitarapenok adibide argia dira generoaren bilakaera ikusteko. Argitalpen batzuek, generoaren ikuspegitik, arazoak planteatzen dituzte, gaitza da batzuetan benetako ipuinak ikustea, joera nabarmena da hamarkadaren lehenengo urteetan, baina, jada esan bezala, hori guztia konponduz joan zen urteek aurrera egin eta argitarapen berriak egin ahala. Horren etsenpluak dira Gotzon Garateren ipuin liburuak, Lehortean (1979), Nafarroako Ezkurran (1982) eta Aldarte oneko ipuinak (1982), zeinetan errelatoen narratibitatea esperimentalismo hutsaren kaltetan gailentzen den, bidea 80ko hamarkadako ipuingintzarantz jorratuz.

80ko hamarkadan, euskal literatura osoa garatze prozesu arin batean murgildu zen eta aurreko urteetakoarekin alderatuta ipuingintza izan zen gehien garatu zen generoa. Kopuruak hobetu ez ezik, 80ko hamarkadan euskal ipuin garaikiderik onenetakoak ezagutu ere egin dira. Hamarkada horren gailurra Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) eta Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) ipuin-bildumek ezarri zuten.

Segurutik, ipuinaren garapen honetan literaturaz barruko eta kanpoko eragileak izan genituen. Edozelan ere, honelako arrazoiak aipa genitzake garai honetako ipuinaren arrakasta ulertzeko:

  1. Idazleek hartu duten generoarekiko kontzientzia.
  2. Nazioartean ere ipuingintzak arrakasta eta ospe handia lortzea.
  3. Narrazio lehiaketak ugaritzea.
  4. Euskal eskolatik testu txikien eskaera handitzea.
  5. Literatura aldizkarietan generoaren aldeko lana.
  6. Argitaletxeen apustua. Merkatua hobetzen duen testuen eskariari idazle gazteen bildumak argitaratuz erantzuten dute.
  7. Zenbait libururen arrakasta sonatuak pizten du irakurleen ipuinekiko arreta.

1983. urteak mugarri bat jarri zuen euskal ipuingintza garaikidean, ipuingintzan eta, oro har, narratiban, ordura arte nagusi izan zen olerkigintzaren kalterako. Narratiba nagusitzen hasia zen.

Urte horretan bertan, Durangoko azokarako hain zuzen, honako hamar ipuin liburu argitaratu ziren: Mikel Antzaren Suzko gezi bat bezala; Mikel Hernandez Abaituaren Panpinen erreinua; Arantxa Urretabizkaiaren Aspaldian espero zintudalako ez nago bakarrik; Joseba Sarrionandiaren Narrazioak; Josu Landa eta Joxemi Zumalaberen Ipurtargi beltza; Mario Onaindiaren Gau ipuinak; Joxemari Iturralderen Dudular; Laura Mintegiren Ilusioaren ordaina; Karlos Santistebaren Izan bainintzen soldadu eta askoren artean idatzitako Urte guztiak diferenteak dira. Bistan dago liburu horiek guztiek ez zutela maila bera erdietsi. Horietan, duda barik, Narrazioak, Dudular eta Ilusioaren ordaina nabarmendu behar ditugu arrakastatsuenen artean. Hala ere, denetan, modu batean edo bestean, aurkitzen ditugu hamarkada horretan, eta hurrengoetan ere, euskal ipuingintzak jorratuko zituen estiloak, teknikak eta gaiak. Estilo aldetik esan genezake joera lirikoa (Suzko gezi bat bezala); nitasun joerakoa (Aspaldian espero zintudalako ez nago bakarrik); joera sinbolikoa (Panpinen erreinua); joera errealista (Ilusioaren ordaina bildumako Ekaitz ilunaz); absurduaren kontaketa (Gau ipuinak bildumako "Txakur bizimodua"); amerikar jatorriko errealismo zatarra (Izan bainintzen soldadu) eta joera fantastikoa (Narrazioak) tartekatzen direla, ahaztu gabe oroimenak hartzen duen garrantzia estilo eta teknikari dagokienez, baita, esaterako, zinea eta literatura beltzak ere uzten duten eragina. Era berean, teknika eta gaien aldetik aniztasuna ere nagusi dugu.

Lehenengo aldiz euskal literaturan narratibak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen dira, haiekin esperimentatzen da, baina ez narrazioa hustera zeraman 70eko esperimentalismo formalak agintzen zuen eran, baizik eta narrazioari kontatzearen zeregina itzultzeko asmoz. Hala ere, berriro estiloei bagagozkie, esan beharrean gaude joera fantastikoa dela emaitzarik borobilenak lortu zituena, hain da horrela ezen 80ko hamarkada, ipuingintzan behintzat, literatura fantastikoaren hamarkadatzat har dezakegun.

Bestalde, badira ipuin bildumotan dagoeneko presente dauden beste ezaugarri batzuk, hurrengo urteetan euren garapena izango dutenak. Bi nagusiki, bata, antologiak eta liburu bateratzaileak eratzeko aukera; eta bestea, generoen arteko mugak lausotzea, batzuetan olerkigintzara hurbilduz eta besteetan eleberriaren egiturara.

Era berean, 80ko hamarkadan literatura aldizkari ugari sortu zen. Aldizkariotan ipuina genero berebizikoa dugu. Ipuinaren berehalakotasuna eta laburtasuna, esperimentaziorako joera ahaztu gabe, ondo egokitu ziren aldizkarietara. Dena dela, ezin dugu esan aldizkari guztiek emaitza onik eman zutenik. Salbuespenetako bat, ordea, Bilboko Pott dugu. Euskal literatura barrutik eraberritzeko eskatzen zuen taldea dugu Pott Banda. Bertan ditugu, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde idazleak. Pott Bandaren eraginak markatu zuen osteko euskal literaturaren geroa.

1987. urteak ekarri zituen atentzioa eman zuten lau bilduma: Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan, Juan Luis Zabalaren Ahazturaren artxipielagoa, Koldo Izagirreren Mendekuak eta Mikel Antzaren Odolaren usaina. Esan dezagun Mendekuak eta Odolaren usaina bildumek ezarri zutela mugarri argia euren egileen narratibaren garapenean; Mikel Antzarentzat bere narratibaren gailurra izan zen, eta bere orduko azken liburua. Kontrara, Izagirrerentzat aurrerapena da, hurrengo urteetan izango zen Izagirreren prosaren nondik norakoaren aurrerapena alegia. Baina, ezbairik gabe, Azukre belazeetan eta Ahuzturaren artxipielagoa nabarmendu beharrean gaude, hasteko biek ala biek 80ko hamarkadako ipuingintzari egin zioten ekarpenagatik. Mujika Iraolaren Azukre belazeetan bilduma justu-justu Atxagaren Obabakoak eta Sarrionaindiaren Narrazioak bildumen atzean ipini behar dugu, hamarkadako ipuin libururik sonatuenen artean.

Beharbada 80ko hamarkadako arrakasta sonatuak erdietsi gabe, 90eko hamarkadaren erdialdetik hona euskal ipuingintzak liburu garrantzitsuak eman ditu, zenbaitetan euskal narratiban mugarri izan diren liburuak. Argi dago, beraz, euskal ipuingintza modernoak garatzen segitu duena. Erabat onartuta dugu gaur egungo euskal literaturaren gertaera garrantzitsua dela, lantzean behin ipuingintzaren gaineko eztabaida atzera ere agertu arren. Esan daiteke urtez urte, gaurko urteetara hurbildu ahala, euskal ipuingintzak, bai kopuruan bai kalitatean, askotxo irabazi duela.

Izen berriez gain, 90eko hamarkadak eta milurteko lehenengo urteek bestelako berrikuntzak ekarri zizkigun, gaur egun ere dirautenak eta oraingo ipuingintzaren ezaugarriak direnak. Euskal ipuin-idazle berriek, lehenengo aldiz, beren mundu literarioak sortzeko euskal literaturako erreferentziak ere izan dituzte, aurreko hamarkadetan garatutakoak hain zuzen. Ipuin laburrak edo mikro-ipuinak idazteko joera zabaldu da. Gerardo Markuletaren lanak horren adibide ona litzateke, beronek Istorio hiperlaburrak (1995) bilduma ondu zuen, non Mario Benedetti, Eduardo Galdeano, Augusto Monterroso eta Julio Cortazarren mikro-ipuin hautatuak euskarara itzuli zituen. Ipuin mota hau berehala zabalduko zen ipuingile eta olerkarien lanetan ere. Ipuinen zabalerak estrategia narratibo berriak erabiltzea eragin du: izenburuen garrantzia; ironia eta ustekabearen erabilera; denbora eta espazio nozioen desagertzea; pertsonaien izaera eta elkarrizketen ezabatzea izan dira erabili diren estrategiak. Horietan guztietan egoera sinboliko eta metaforikoak nahitaez nagusitzen dira. Bestalde, autoreek askatasun handia erakusten dute beren bildumak osatzeko orduan, batasun gabeko bildumekin batera batasuna adierazten duten bildumak egiten dira. Joera narratiboak ugaldu dira.Genero literaturak ere ekarpenak egin ditu, horrela bidaia ipuinak: Jon Arretxeren Zazpi kolore (2000); erotikoak: gehien bat Txalaparta argitaletxearen sailaren ingurukoak; umorekoak: Jon Arretxerenak ere diren Ostegunak (1997) eta Ostiralak (1999). Bestalde, generoa izan gabe, emakume idazleen ipuinak biltzen zituen Gutiziak (2001) antologia azpimarratu beharrekoa, daukan kalitateagatik eta emakumeek egindako literatura berriro ere eztabaidagai izatea lortzeagatik.

Atxagaren Obabakoak lanak errotu eta behin betiko finkatu zuen postmodernitatea gurean, ez honen gaineko eztabaida sutsua eragin gabe. Horrela, euskal literatura, oro har, postmodernitatearen aroan bete-betean sartu zela esan badezakegu ere, sasoi honetako ipuin liburu guztiei ezin zaie etiketa hau egotzi. Horra hor Ifrentzuak sailari hasiera ematen zion Lertxundiren Piztiaren izena (1995) bilduma. Berorretan Lertxundik Mendebaldeko ahozko eta idatziaren tradizio zabaletan arakatu eta era gaurkotu batean zekarzkigun, beti nabarmendu duen idaztankera modernista bati leial izaki. Are gehiago, postmodernitateak literaturari erantzitako ezaugarriak, hau da, indeterminazioa, zatikatzea, deskanonizazioa, niaren identitatea desagertzea, adierazi ezina, ironia, hibridotasuna, inaute-joera, antzezpena, eraikuntza eta inmanentzia, ez dagozkie, esan bezala, lan guztiei. Kontrara, ipuin laburren idazleen lanetan, Iban Zaldua eta Javi Cilleroren ipuingintzan berbarako, nabarmentzen diren ezaugarriak dira. Cilleroren Hollywood eta biok (1999) bilduman eta Iban Zalduak denbora laburrean ipuingintzan egindako lan zabalean -Ipuin euskaldunak (1999) Gerardo Markuletarekin batera; Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000); Traizioak (2001); Itzalak (2004) eta Etorkizuna (2005).

Milurte berriarekin batera aurreko hamarkadetan euren ibilbide literarioa hasitako zenbait idazleren ipuin bildumak argitaratu ziren. Esan genezake egile hauek guztiak ez zirela nabarmendu 90eko hamarkadako ipuingintzan, argitalpenik egin ez zutelako edo denbora horretan genero hau landu ez zutelako. Horien adibide ditugu Juan Martin Elexpururen Hamaika ipuin (2000); Jesus Etxezarraga Sugearen tristura (2000); Enrike Urrutia Capeauren Izar beltzaren urtea (2000). Horiekin batera 90eko hamarkadan hasitako idazleen ipuin-bildumak ere baditugu: Txilikuren 101 gau (2000); Jon Arretxeren Zazpi kolore (2000); Iban Zalduaren Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001), Itzalak (2004), Etorkizuna (2005); Patxi Iturregiren Behi eroak (2003), Dioramak (2006,); Karlos Linazasororen Ez balego beste mundurik (2000,), Ipuin errotikoak (2001); Patxi Zubizarretaren Barrikadak (2003); Jokin Muñozen Bizia lo (2003)... Bai eta milurtearekin batera plazara irten ahots berrien lanak ere: Ana Urkizaren Desira izoztuak (2000), Bekatuak (2005); Pedro Alberdiren Kafka Bilbon (2002); Mikel Tabernaren Txokolatezko dinamita (2001); Ixiar Rozasen Sartu, korrontea dabil (2001); Xabier Etxaniz Rojoren Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002)...

Bilduma horietan guztietan aurki ditzakegu aurretiaz zetozkigun ildoetako ipuin motak. Bidaia ardatza duen Arretxeren bilduma; Historian eta erudizioan funtsatzen diren Etxezarraga eta Capeaurenak bezalako bildumak; Alberdik eta Iturregik lantzen duten nolabaiteko fantasia, eta Iturregiren kasua ere errealismo zakarra; begiradaren garrantzia nabarmentzen duten Urkiza, Rozas eta Etxanizen bildumak; Elexpuru, Zubizarreta, Muñoz eta Tabernaren bildumetan gure historia hurbila ardatz duen errealismoa; ultramodernitatearen zantzuak dakartzan Iban Zaldua; saiakeratik hurbil dagoen narrazio moldea Txilikuren eskutik; baita ere, aipatu beharko genukeen narrazio laburra eta poesia elkarlotzen dituen Aurelia Arkotxaren Septentrio (2001). Egiturei dagokienez, ia nobelaren besteko batasuna lortzen duten bildumak dira, esaterako, Zubizarreta eta Rozasenak. Gainontzekotan, nagusi dira ipuin solteez osotutako bildumak, berauen arten batasunezko elementurik aurki badaiteke ere. Hala ere, milurte hasierako ipuingintza honek berrikuntza ekarri badakartza.

Batetik, ipuin laburra erabat nagusitzen dela esan genezake; bestetik, begiradak, oro har, hartzen duen garrantzia, non sentimenduek eta inpresioek leku nabarmena hartzen duten. Bertatik ipuin labur, arin eta biluzi tankerakoa eratorriko da. Bestalde literatura unibertsaleko ipuin-liburuen itzulpenen azkartzea aipatu behar genuke. Eta, azkenez, 2000ko hamarkadako urteek erakusten digutenez, idazle berriak plazara irten ahala, feminizaziorako joera handia da ipuingintzan, oroz bat euskal literatura osoan gertatzen den bezala.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2010.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal Literatura XX. mendean. Zaragoza: Prames, 2000.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal kontagintza gaur. Cuenca: Cuadernos de Mangana 27, 2003.
  • MUJIKA IRAOLA, Inazio. "Ipuingintzaz". RIEV, Eusko Ikaskuntza, 39. alea, 2. zbk, 1991.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Mende berrirako ipuinak. Donostia: Erein, 2005.
  • RABELLI, Alvaro. Bizkaiko euskal idazleen ipuingintza modernoa. Bilbo: Labayru Ikastegia, 2005.
  • RETOLAZA, Iratxe. 90eko hamarkadako narratiba berria: literatur kritika. Bilbo: Labayru Ikastegia, 2000.
  • URQUIZU, Patricio (zuzend). Historia de la literatura vasca. Madrid: UNED, 2000.