Kontzeptua

XX. mendeko euskal narratiba, edo Nazioaren memoria

Esan daiteke 1950eko hamarkadan instituzionalizatu egin zela euskal literatura euskal gizartean jarduera autonomo gisa (Lasagabaster, 2005: 123-136). Euskal narratibak garaiko literatura-korronteekin sintonia egitea lortu zuen. Argi ikus daiteke, kasurako, euskarara itzulitako Shakespeare, Baroja, Homero edo Juan Ramon Jimenezen obrek piztutako interesa. Joera horri ekin zitzaion hurrengo hamarkadetan, eta Hemingway, Tagore, Ionesco, Cela, Brecht, Camus, Kafka, Stevenson o Twain bezalako egileen obrak itzuli ziren. Itxaropena argitaletxeak (Zarautz) 1952an "Kuliska Sorta" bilduma sortu izanak bultzada ikaragarria eman zion euskal literatura-hizkerari. Eguneraketa horri ekin gura izan zitzaion, halaber, Jakin (1956), Karmel (1950) edo Anaitasuna (1953) aldizkari berriak sortuz: kultura-plataforma garrantzitsua osatu zuten euskal kultura-bizimoduaren hazkundean.

Euskal eleberria ordura arteko ohiturazko eredua gainditu eta eleberri existentzialistaren bidetik abiatu zen Jose Luis Alvarez Enparantza "Txilardegi" idazlearen Leturiariaren egunkari ezkutua (1957) lanarekin. Egia da tonu existentzialdun beste eleberri batzuk ere argitaratu zirela (esaterako, Eusebio Erkiaga edo Sebastian Salaberria idazleenak), baina ez zuten Txilardegirenak zekarren besteko berritasun narratiborik ekarri. La Nausée (1938) eleberriko A. Roquentin bezalaxe, Leturia euskal eleberriaren historiako lehenengo heroi problematikoa da, eta bere egunerokoan agertzen du existentziaren zentzurik eza. Horrekin batera, existentzialismoaren auzi nagusien inguruko hausnarketa egiten du eleberriak: bakardadea, frakasoa, heriotza, aukeratu beharrak sorrarazitako larrialdia. Txilardegiren hurrengo eleberriak ere (Peru Leartzako -1960- eta Elsa Scheelen -1969-) tipologia existentzialistan sailkatzekoak dira.

Jon Mirandek eleberri bakarra utzi zigun: Haur besoetakoa. Mirande heterodoxoa eta nihilista zen, Poe eta Baudelaireren jarraitzailea eta Nietzscheren irakurlea. Haur besoetakoa eleberri psikologikoa da, eta gaiak (gizon heldu baten eta haren besoetako neskatxa gaztearen arteko harremana) Nabokoven Lolita dakarkigu gogora.

Francisco Francoren diktadura-erregimenaren kontrako aktibismo politikoa eta aktibismo kulturala eskutik ibili ziren 60ko eta 70eko hamarkadetan. Sasoi hartan funtsezko ekimenak jarri ziren abian, esaterako, alfabetizazioari eta hizkuntzaren sendotzeari ekin zitzaion euskal eskoletan, ikastoletan. Euskararen batasuna etorri zen (1968); euskarazko produkzioa handitu zuten editorial berriak sortu ziren euskal liburuaren lehenengo azoka ospatu zen Durangon (1965), kantagintza modernoa loratu zen Ez dok amairu (1963) gisako taldeekin. Garai hartan indarrean zen ortodoxia kulturalari kontrajarri zitzaion heterodoxia kulturala eta politikoa: heterodoxiaren bultzatzaile izan ziren, kasurako, Gabriel Aresti poeta bilbotarra, Koldo Mitxelena hizkuntzalari sonatua eta Jorge Oteiza eskulturagilea.

1969an Egunero hasten delako eleberria argitaratu zuen Ramon Saizarbitoriak (1944). Bada, eleberri horrek erreleboa hartu zion poetika existentzialistari, eta Nouveau Roman frantsesetik gertu zen eleberri esperimentalaren txanda iritsi zen. 1960-70eko hamarkadetan ebakera sozialeko eleberriak (Xabier Amuriza, Txomin Peillen edo Xabier Gereño autoreenak, adibidez) zein zentsura frankistari muzin egiteko alegoria moldekoak (esaterako, Anjel Lertxundirena edoMikel Zaraterena) argitaratu baziren ere, egia esatera, joera esperimentalista izan zen denen artean gailendu zena eta generoaren eraberritzeari ekarpen gehien egin ziona. Egunero hasten delako eleberrian bi plano narratibo independiente ditugu, txandaka agertzen direnak: batetik, abortatu gura duen neska ikasle gaztearen istorioa dugu, eta, bestetik, geltoki batean dagoen berritsuaren eta hizlari anonimo bat edo batzuen arteko elkarrizketa. Saizarbitoriaren bigarren eleberriak, 100 metro (1976) izenekoak, konfirmatu eta gainditu egin zituen sasoiko irakurlearen itxaropenak. ETAko aktibista baten atzetik ari da polizia eta tiroz hilko du Donostiako Konstituzio plazan; bada, aktibistaren azken ehun metroek osatzen dute plano nagusiko istorioa. Horrek sasoian egin ziren irakurketak baldintzatu zituen. Egia esan, autorea aurreratu egin zitzaion XX. mendeko azken hamarkadan ugaritu zen ETA talde armatuaren biolentziaren inguruko eleberrigintzari. Saizarbitoriaren hirugarren eleberriak, Ene Jesus izeneko metanobelak (1976), euskal eleberriaren aro esperimentalistari amaiera eman zion.