Pintoreak

Pichot Molinuevo, Enrique

Pintorea Bilbon jaio bazen ere, Gasteizen bizi izan zen eta bertan egin zuen bere ibilbide artistikoa. 1920ko otsailaren 18an jaio eta bere Gasteizko etxean hil zen 2001eko azaroaren 21ean.

Txikia zela, sei urterekin, Arabako hiriburuan bizi zen. Lehen Hezkuntza Marianisten eskolan egin zuen. Gerra zibilean zehar, eta gerraosteko lehenengo urteetan, Bartzelonan herritartu zen. Ramon Pina-ren akademia partikularrean ikasi zuen, eta maisu horrek lanbide piktorikoaren lehenengo jakintzetan barneratu zuen. Berrogeiko hamarkadaren amaieran, Gasteizera itzuli zen; hain zuzen, bere karrera artistikoa sortzen ari zenean.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Arabako Pintura Erakusketetan (1956az geroztik, Arabako Arte Lehiaketa) parte hartu zuen: bere lehenengo esku-hartzea 1950ean egin zuen, eta A ataleko (artista berriak) lehenengo saria eraman zuen, Contraluz en el canton hiri-paisaiagatik. 1951ko edizioan, jada B atalean (eskarmentu handikoen eta artista berrien artean), hirugarren saria eskuratu zuen, aurkeztutako lan-sortagatik. Guztira, lau paisaia aurkeztu zituen: Durana, Jauregilanda, Oreitiako ikuspegi bat Estibalizko muinotik eta La Casa del Marqués.

1952an, IX. Erakusketan, Udalaren Aparteko Saria jaso zuen. Hurrengo urtean, Udal Kutxak antolatutako lehiaketa berean, Aldundiaren Aparteko Saria jaso zuen, Alma de ciudad olio-pinturagatik. Ez zen 1954ko deialdira aurkeztu, eta, berriro, 1955ean aurkeztu zen, koadro-sorta batekin. Bigarren saria jaso zuen, epaimahaiaren aktaren arabera "landutako gaien gainean egindako interpretazio pertsonalagatik". Cocina de un mísero convento de clausura olio-pintura nabarmentzen da. Huerta del manicomio (edo Expresión de horas inmensas) lanagatik bigarren sari bat jaso zuen 1956an.

Hurrengo edizioetan parte hartzen jarraitu zuen. 1957ko deialdian, accesita eskuratu zuen La procesión lanagatik; 1958an, hirugarren saria jaso zuen Camino de la Cruz Blanca lanagatik; ez zen 1959tik 1962rako deialdietara aurkeztu, eta 1963an, paisaia pare bat aurkeztu zituen. Ramón Alonso Verasteguirekin batera, aparteko saria eskuratu zuen, Sinfonía cromtica lanagatik. 1964an, aintzatespen berri bat jaso zuen. Hirugarren saria jaso zuen aurkeztutako lanengatik. Aneas koadroak aipamen berezia jaso zuen. Saria etorkizun oparoko Carmelo Ortiz de Elgea gaztearekin partekatu zuen. 1965ean lehenengo saria irabazi zuen, La ermita lanagatik.

Pintorea bere paisaien dramatismoagatik, asalduragatik eta indar sutsuagatik nabarmendu zen kritikarien artean. Saria jasotzeak ala ez jasotzeak ez dio obra artistikoari balioa ematen ez kentzen, baina beharrezkoa da lehiaketetara aurkeztea. Egile baten lanak promozionatzeko baliabide ezin hobea da. Are gehiago garai hartan, aukerak ez baitziren oso ugariak.

Arte Ederretako lehiaketa nazionaletan parte hartu zuen, 1954an eta 1957an, Paisaje sugerente del Gorbea eta Tenderetes lanekin, hurrenez hurren. Horrez gain, Hispanoamerikako II. Arte Bienalean parte hartu zuen. Hori La Habanan izan zen, 1954an. Oso gustuko zuen Arabako panoramika bat aurkeztu zuen: Paisaje del Gorbea.

Tokiko hainbat enpresa ados jarri ziren pintorearen obrak kanpoko lehiaketetan aurkezteko. Bartzelonan egindako Hispanoamerikako III. Bienalera aurkezteaz gain (1955), Udal Kutxak "Arabako Pintura Eskola Gaztea sortu zuten 6 gasteiztar pintoreren omenezko erakusketa" antolatu zuen, 1956ko otsailean. Pajarita taldea sortzear zegoen orduan. Talde hori Pichot, Armesto, Jimeno Mateo, Moraza eta Suarez Albak osatzen zuten. Omendutako beste artista, Miguel Jimeno de Lahidalga, zaharragoa zen.

Agertze kolektibo horiez gain, banakako erakusketak egin zituen, bere burua ezagutarazteko eta publikoaren gustuetan sartzeko. 1953ko uztailaren 23tik abuztuaren 2ra bitartean, Pichotek erakusketa zabaldu zuen Olagibel kaleko Kultura Aretoetan. Garai hartan, Gasteizko erakunde-gune bakarra zen (Udal Kutxaren jabetzakoa). Hogeita hamar olio-pinturez osatutako erakusketak izenburu generikoa zuen: Paisajes sugerentes.

Mende erdialdean, aholkulari artistiko gisa jardun zuen Udal Aurrezki Kutxarako. Hamarkada amaitu aurretik, bere kargua Enrique Súarez Albak hartu zuen. Bere laguna eta kidea zen. 1958 eta 1962 artean, gutxi gorabehera, Logroñon bizi izan zen, berriro eta behin betiko Gasteizera itzuli zen arte.