Pintoreak

Pichot Molinuevo, Enrique

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, pintorearen denboraldi emankorrenetako bat hasi zen. Garai hartan, arte-kritikari gisa lan egiten zuen bertako prentsan (1964-1966); hasieran, F.J. Rodriguez de Robles izengoitiarekin. Ondoren, kolaborazioak bere izenarekin sinatu zituen. Lan hori artisten lanak hedatzeko eta promozionatzeko asmoz sortu zen. Asmoa publikoak jarduera plastiko horiek hobeto ulertzea eta balioestea, eta, horretarako, kazetarien informazio-aipamenetatik harago sakontzea zen.

Kritikari-lan horrez gain, Pichotek konpromiso piktorikoei erantzuten jarraitu zuen. Banakako hainbat erakustea prestatu zituen Olagibel Aretoetan: 1964ko irailean, eta 1966ko eta 1968ko azaroan. Arabatik kanpo, Zaragozan egin zuen erakusketa: 1965eko martxotik apirilera bitartean, Albiac Arte Aretoan.

Bere koadro paisajistikoak geroz eta asaldatuagoak, urduriagoak eta irudikorragoak ziren. Prozedura piktorikoak asko nabarmendu zituen, eta adierazkortasun trinko eta indartsuago batean sakondu zuen. Paisaia bakartiak ziren; batzuetan, kanpoko inguruak aldatuak eta deformatuak, baina espiritu-tentsio bati lotuak: argilun dramatikoekin. Orduan, gehiago interesatzen zitzaizkion paisaia "subjektibotuak", izaera baten espresio gisa, naturaren berehalako sentsazioen edo sentsazio atmosferikoen mendeko paisaia "errealistak" baino. Bere obrak ageriko introspekzio-prozesua izan zuen.

Garai horretan, Gasteizko Udalaren Arte Plastikoen Urteroko I. Lehiaketara aurkeztu zen. 1964ko edizioak ez zuen inpresio "lehiakorrik" izan. 1965eko deialdian, bigarren saria jaso zuen Costureras lanagatik. Gaur egun, Arabako Arte Ederren museoan dago. Arte Plastikoen III. Lehiaketan, ohorezko saria lortu zuen, Frontón de pueblo lanagatik. Sari berdina lotu zuen V. Lehiaketan, 1968an, Paisaje rural lanagatik.

Bost urtez (1969 eta 1973 artean), Probintziako Kutxak Gabonetako Pintura Aretoak antolatu zituen, Arabako Arte Lehiaketekiko alternatiba gisa. Lehiaketa horren bigarren edizioan (1970ean), Pichotek sari nagusia eskuratu zuen, Sierra de Cantabria lanagatik. Paisaia zaindua eta sintetikoa zen. Garai horretan, berrogeita hamar urte zituela, lehiaketa artistikoetan parte hartzeari utzi zion. Eginkizun astunagoetan jarri zuen interesa, eta jarduera piktorikotik urrundu zen. Zeregin profesional berriei ekin zien erretiroa hartu arte.