Pintoreak

Jimeno de Lahidalga, Miguel

1895eko maiatzaren 8an jaio zen, Gasteizko Errege Atea kalean, eta Arabako hiriburuan zuen etxebizitzan hil zen, 1977ko otsailaren 5ean, laurogeita bi urte betetzeko hiru hilabete bakarrik falta zitzaizkiola. Margolari garaikidea, altzari diseinatzailea eta proiektugilea izan zen, eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle lanean jardun zuen.

Zazpi anai-arreben artean nagusiena zen. Oso gaztedanik familiako negozioa mantentzen lagundu zuen. Aita merkataria zuen, eta berarekin lautadako herrietan barrena ibili zen, tokikoei mota guztietako salgaiz, elikagaiz eta produktuz hornitzen. Hainbat gorabehera direla eta, negozioak porrot egin zuen eta, handik denbora gutxira, familiaren egonkortasuna are gehiago zaildu zen, aitaren heriotzaren ondorioz.

Julian Herviasek Aiztogile kalean zuen denda xumean, eman zituen Miguelek bere lehenengo urratsak eskulturaren alorrean. Gero, Pinturas Arbulo tailerrean, industria-pinturari zegokion guztia ikasi zuen. Bi ogibideak -zizelkariarena eta industria-margolariarena- oso probetxugarriak izan ziren, beraren lehenengo enkargu profesionalak aurrera eramateko.

Era berean, marrazketa eta asto-pintura ere gustuko zituen, eta baita musika ere, beraren zaletasun handienetako bat, alegia. Arte eta Lanbide Eskolan, Ignacio Díaz Olano eta Mauro Ortiz de Urbina maisuen irakaspenak jaso zituen. Azken horri estimu handia zion, bihotzez arnasa eman baitzion artean hasi zenean. Prestakuntza pertsonala Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan osatu zuen.

Gasteizko Ibargoitia altzari-etxe famatuan ari zela, 1915. urtean Ricardo Augustiren jauregiko dekorazioan eta altzarigintzan jardun zuen. Geroago, eraikina Probintziako Museo bilakatuko zen. 1920an, halaber, auzoko Ajuria Enea jauregiaren apainketa lanetan aritu zen. Laster lortu zuen ospea, altzari marrazkilari eta proiektugile gisa, eta Zarautzera lekualdatu zen 1926. urtean. Arruti Altzari enpresan lan baldintza onak eskaini zizkioten, eta ez zien muzin egin. Gipuzkoako herri horretan, urte zoriontsuak pasa zituen. Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztarraren, Nicolás Múgica bergararraren eta Francisco Escudero konpositorearen oso lagun egin zen.

Miguel Jimeno de Lahidalga 1919an ezkondu zen, Pascuala Mateorekin, eta bost seme-alaba izan zituzten. Gerra zibila pizterakoan, familiaren egonkortasuna hautsi zen, eta Frantziara erbesteratu behar izan zuten. Hainbat pasadizoren ostean, Jimenotarrek Parisen eman zuten denboraldi bat rue Adelaide kalean, aspaldidanik galiar hiriburuan bizi ziren Miguelen bi arreben bizitoki zen eraikinean. Hilabete batzuk beranduago, Frantziako Capbreton herrian bizitzera joan zen bere emaztearekin eta seme-alabekin, eta, bertan, beste euskal errefuxiatu batzuen bizikide izan zen. Henry Etxean kokatu ziren, lehenik, eta, Ville L'Arrecout-en, geroago.

Bigarren Mundu Gerra lehertu ondoren, Alemaniako ejertzitoa Frantziako hegoaldera zabaldu zen. Hori dela eta, Jimeno eta bere familia Euskal Herrira itzuli ziren, Gasteizera, hain zuzen ere. Zarautzetik pasa zen aurrena, eta etxe zaharrean gordeta zituen tresna batzuk berreskuratu ahal izan zituen, lapurrek hutsik utzi bazuten ere.

1940. urte amaieran, familiarekin behin betiko finkatu zen Gasteizen, Juan II kalean, hain zuzen. Altzari marrazkilari, proiektugile eta diseinatzaile ogibidera bueltatu zen. Bonilla fabrikan lan egin zuen, erretiratu zen arte. Garai hartan egin zituen lehenengo margo erakusketa indibidualak. Ordura arte, bere sinadura artistikoa talde erakusketetan bakarrik ikus zitekeen. Horietako bik oihartzun handia izan zuten, Arabako artista garrantzitsuenak bildu baitzituzten: Gasteizko Ateneokoa (1916ko abuztuan), eta Arte eta Lanbide Eskolakoa (1936ko abuztuan).

Donostian, interesezko beste erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen (80 erakuslek 270 obra inguru aurkeztu zituzten). Ekitaldia Kasinoan egin zen, 1928ko uztailaren 15etik aurrera ospatu zen Euskal Astearen egitarauaren barruan, eta Guetara olio-pintura eraman zuen. Donostiako erakusketara euskal artista ugari bertaratu ziren, esate baterako: Aranoa, Jose eta Ramiro Arrue, Ricardo Baroja, Basiano, Julio Beobide, Diaz Olano, Flores Kaperotxipi, Maeztu, Martiarena, Montes Iturrioz, Olasagasti, Quintin de Torre, Zubiaurre anaiak, Ramon eta Valentin, eta Zuloaga . Gerra zibilaren ostean, 1943ko apirilaren amaiera aldera, Euskal Artearen Erakusketa egin zen, Zaragozako lonjan, Del Suizo talde bizkaitarra osatzen zuten gazteek bultzatuta. Arabaren aldetik, Miguel Jimeno, Adrián Aldecoa, Jesús Apellániz eta Aurelio Vera Fajardo joan ziren.

Jimeno de Lahidalgak gerraosteko Gasteizen egin zituen lehenengo pintura erakusketak toki minetan egin ziren eta, agertze publiko haietan,, akuarela izan zen erabili zuen modalitaterik ohikoena. 1941eko uztailean, erakusketa egin zuen Errenazimenduko Bendaña jauregiaren galeria arkupedunean, Aiztogile kalean, eta, bertan, Gerardo López de Guereñu etnografoaren argazki sorta bat ere izan zen ikusgai. 1942ko abenduan, akuarela berriak jarri zituen Dato kaleko Aquarium tabernan, eta, hilabete batzuk beranduago, 1943ko uztailean, GYS arte galerian, gaur egungo Diputazio kalearen eta Probintzia Plazaren arteko elkargunean.

1944ko abuztuan, Udalaren Aurrezki Kutxako Kultura Aretoak inauguratu zituzten, Olagibel kalean, eta areto haietan bi erakusketa egin zituen hamarkada amaitu aurretik: 1946ko uztailean eta 1948ko ekainean. Lehenengo erakusketa sentimendu handikoa izan zen, olio pinturekin eta akuarelekin batera, José Miguel eta Honorio semeen obrak ere ikusgai jarri baitzituen. Azkenekoak hamar koadro zituen, hil ostekoak. Aurreko urtean hil zen, 25 urte zituela, Gasteizko El Campillo erietxean, Algeciraseko "diziplina batailoian" sufritu zituen tratu txarren eta gaixotasunen ondorioz. Frantzian zegoela, soldadutzarako deia aurreratu zen eta, Espainiara itzuli zenean, Honorio gaztea auzi-ihesean deklaratu zuten. Ondorioz, epaimahai militar batek zigortu zuen.

Bitxikeria moduan aipa genezake Miguel Jimenok 1947ko abuztuaren hasieran egindako erakusketan parte hartu zuela, Peña de Pintores del Casino Artista Vitoriano taldearekin, probintzian gerraosteko lehenengo arte taldea izan zena. Antzoki Berriko dantzalekuan egin zen erakusketa. Urte horietan eta hurrengo hamarkadan, ohiko bilakatu zen Euskadiko Akuarelista Taldeak antolatzen zituen erakusketetan.

1947ko urriaren 31n, Jimeno de Lahidalga Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasle izendatu zuten, figura eskolak emateko. Mariano Basterra maisuarekin konpartitu zuen irakasgaia, 1931ko urritik eskola hori jada ematen zuen irakaslea, alegia. Ia hiru bosturtekoz bere ezagupenak igorri zizkien margolari gazteen promozioei. Askoren hitzetan, bere begi eta jardute onarengatik lortu zuen ospea. Izan ere, ikasleen nortasun kreatiboa errespetatzen zekien, eta bide onetik orientatzen zituen, inposiziorik eta jokabide gogorrik gabe. Artearen alorreko dogmatismoak gorrotatzen zituen. Kaltegarritzat jotzen zituen. Hala ere, naturala den bezala, bere irizpide propioak zituen. Udal Kutxaren Kultura Aretoetan egindako Espainiako Arte Garaikidearen Erakusketa baten kariaz idatzitako artikulu batean, honako hau utzi zuen idatzita: "Artea oso barnekoa da, eta, horregatik, adierazpen bakoitzak bere kutsua eraman behar du. Ezin da nortasunak hutseratzen dituen arte homogeneorik egon. Dena dela, pintura, edozein joerakoa dela ere, ona edo txarra izan daiteke, eta, hortaz, pinturarik onena zintzoena da, bihotzezkoena. Beraz, obra bat ez da bestea baino hobea, margolariaren bizitzaren bilduma bat baita, eta, bertan, eragin guztiak ñabartzen dira eta artistaren beraren intimitatea eta barneko sugarra azaleratzen dira.

"Arte berriak ezgaitasunak ezkutatzen dituela diote, baina ezgaitasuna berehala agerian geratzen da".

(El Pensamiento Alavés, 1953-07-2. Itzulpen moldatua gazteleratik).

Pintura konformista eta ohiturazko batetik arte adierazpen irekiagoetara eta anitzagoetara eboluzionatu zuen, bide berritzaile horrek miresle gutxi batzuk bakarrik izan zituen arren. Bere ekarpen estetikoak, hortaz, erabat isolatuta geratu ziren. Esaterako, dirudienez, pintura abstraktua landu zuen lehenengo artista arabarra izan zen, baina inolako jarraitasunik ez iraunkortasunik gabe.

1946an, zenbait musikaritan eta musika konposiziotan inspiratutako koadro ez-figuratibo bakan batzuk margotu zituen, musika zaletasunak bultzatuta ziurrenik eta, agian, baita irakur zaletasunak ere: Debussy, Moussorgsky, Zigor... Inquietud urte bereko beste olio-pinturetako bat da. Koadroa begi-hutsez antzeman daitezkeen elementuekin hobetuta dago, nahiz eta jatorrian paisaia behaketa izan sorburu. Koadroaren adierazkortasuna (paperean), gaiari baino, pintura-keinuaren dinamismoari zor zaio.

Berrogeigarren hamarkadaren erdialdean, 1946. urtean hain zuzen, Puerto obra egin zuen. Aurrekoek bezala, ez zuen oso formatu handia (65 x 50 cm.), eta nahiko grafia konplexua zuen, kutsu espresionistekin nahastuta. El abismo obrari eskainitako seriea ere espresionista da, eta guztiz lazgarria. Koadro-bilduma ilun horren ezaugarri dira zertzelada urduriak, intonazio ia monokromatikoak eta kutsu oniriko arina, ametsaren eta amesgaiztoaren artean.

Margolariaren alderdi abangoardistenaren barruan, beste koadro batzuk ere aipatu beharko genituzke, nahiz eta asko ez izan, ez kopuruz, ezta tamainaz ere. Koadro horietan nabarmena da kolorearen eta espazioaren eraikuntza arrazionala, eta geometrikoa ere badela esan genezake. Nolabaiteko marka konstruktibista dute, eta zenbaitetan, baita neokubista ere. Agian, horien artean adierazgarriena Formas obra da. 1960an margotu zuen, eta Arabako Arte Ederren Museoko bildumaren barnean dago.

Jimeno de Lahidalgaren obrek ez zuten bilakaera linealik izan. Izan ere, estilo berrietako obrak hain berritzaileak ez diren obrekin txandakatu zituen. Orokorrean, paisaiak izan zituen gairik gogokoena. Genero horri ondo heltzen dio, inpresionisten antzera, teknika azkarra, zehatza eta etereoa erabilita nahiz gerraosteko Espainiako inpresionismo osteko postulatu prototipikoetara atxikita. Izan ere, Bienales Hispanoamericanas de Arte erakusketetan parte hartu zuen, La Habanan (1954) eta Bartzelonan (1955). Ekitaldi horietan, argi geratu zen paisaia-pinturaren joera nagusiek Madrilgo Eskolako postulatu eklektikoak jarraitzen zituztela.

Hala ere, Gasteizko margolari honek ez zituen laztasun kromatikoak oso gogoko, eta landa ikuskizunetan sentsazio delikatuenak aurkitzen saiatu zen, argi eta kolore mailaketa leunenekin eta harmoniatsuenekin.

Glaukoma batek baldintzatu zituen bere bizitzaren azken urteak. 1963. urtean detektatu zioten gaitza, eta, horren ondorioz, pixkanaka ikusmena galtzen joan zen. Hala eta guztiz ere, asto aurrean jarraitu zuen. 1965eko ekainean, Gasteizko margolariek omenaldi-erakusketa egin zioten eta, 1934tik 1965era arte, margotutako obren bilduma bat jarri zuten ikusgai. Era berean, aipatu behar da hirurogeiko hamarkadan bi erakusketa indibidual berri egin zirela Olaguibel Kultura Aretoetan: 1967ko ekainean, eta 1969ko uztailean. Horiek izan ziren bizirik zegoela egin zituen azken erakusketak. 1974ko uztailean, Tartalo Arte galeria zabaltzeko sinadura bilketan parte hartu zuen eta, urtea amaitu baino lehen, Arte eta Lanbide Eskolaren berrehungarren urteurrena ospatzeko erakusketan izan zen.

Hil ostean, hainbat erakusketa antolatu zituzten beraren arte lan bikainenekin. Hain zuzen ere, hiru atzera begirako erakusketa egin zituzten: lehenengoa, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren paraninfoan ospatu zen, 1981eko otsailean; bigarrena, Bilboko Udaleko Aurrezki Kutxaren Elkano kaleko Kultur Etxean, 1984ko urrian, eta azkena, berriz, Gasteizko San Prudentzio gelan, 1987ko irailean, margolaria hil zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko.

  • BERIAIN, María Jesús; GARCÍA DÍEZ, José Antonio. Catálogo Jimeno de Lahidalga. Sala San Prudencio, Caja Provincial de Álava, Vitoria, 3-23 Septiembre, 1987. Vitoria-Gasteiz: Sala San Prudencio, 1987.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Vitoria-Gasteiz: Caja Vital Kutxa, 1990.
  • JIMENO MATEO, Otilia. Ochenta años de un siglo: Jimeno de Lahidalga: biografía de un pintor. 2 libk. Donostia, 1996-1997.
  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "El pintor Miguel Jimeno de Lahidalga. Fiel exponente del paisaje vasco". Vida Vasca, 58 zenb. 1981.
  • Egile ugari. Jimeno de Lahidalga, en Biblioteca: pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. VIII libk., 77 fasz. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
  • Catálogo Exposición Conmemorativa de Jimeno de Lahidalga: 16 Febrero-6 Marzo. Vitoria: Escuela de Artes y Oficios, 1981.
  • Catálogo Jimeno de Lahidalga (1895-1977). Artistas de la cultura vasca en Homenaje a Jimeno de Lahidalga. Obras de 1913 a 1971, Aula de Cultura (Elcano, 20), Caja de Ahorros Municipal de Bilbao, Bilbao, 17-27 Octubre, 1984.