Kontzeptua

Oinetxekotasuna

Izenburuak adierazitako gaia aztertzen hasi aurretik, komeni da zerbait gogoratzea eta beste zerbait zehaztea: lehenik, kontuan izan Bizkaiko foru zibilaren indarra ez dela lurralde osora iristen, Lur lauan bakarrik baitu eragina -Arabako Laudio eta Aramaio udalerrietan duena aparte-, eta beraz forugabeko hirietan "legeria zibil orokorra" aplikatuko da (FZZLko 5, 6 eta 146. artk.); bigarrenik, berriz, azpimarratu behar da oinetxekotasunari atxikitako edo beraren ondorioz erakunde guztien azalpen zorrotz bat egitea ez dela posible orain (hots, foru-saka, nahitaezko oinordetza, testamenturik gabeko oinordetza eta baita foru-komunikazioa ezkontzako eraentza ekonomiko gisa). Horregatik, orain emango diren azalpenak, bereziki, eremu objektiboa eta subjektiboaren zertzeladak adieraztera zuzenduko dira. Horiek Legearen 17-26. artikuluetan jasotako arauen arabera zehazten dira (Legeko I. liburuaren III. Titulua).

Lehenengo atalean adierazitako deskribapen laburrak oinetxekotasunaren azken esanahia agertzeko balio izan du, hain zuzen ere lotutako higiezinen gaineko jabetza-eskubidea eratzen eta zehazten duela. Printzipio hark, bere helburu nagusia -hau da, familiaren interesa babestea- betetzeko, onibarren jabeari bere xedatzeko ahalmenak murrizten dizkio, horrela bermatuko baita onibarra ahaideen eremuan gordetzea, familiaren interesa, eremu horretan kokatzen dela ulertzen baita tradizioz.

FZZLak bere 17. artikuluaren lehen lerroaldean biltzen du aipatutako mami historikoa: batetik, oinetxekotasuna onibarren jabetzari buruz bakarrik aldarrikatzen da; bestetik, printzipio horrekin lortu nahi den xedea, hain zuzen ere, etxaguntza -ondarea- familia barruan gordetzea da. Beraz, aurreko lerroaldean azaldutako efektua oinetxekotasunari atxikita dagoen zerbait da: artikulu horren bigarren zenbakiak ezartzen duenez, "oinetxekotasunaren indarrez, onibarren titularrak, oinetxeko ahaideen eskubideak errespetatuz bakarrik xeda ditzake onibar horiek", hala kostu bidez besterentzearen eremuan (FZZLko 112-127. artk.: foru-saka eta oinetxeko ahaideek familiaren kariaz lehentasunez eskuratzeko dituzten eskubideak), nola doako tituluz inter vivos edo mortis causa xedatzen den kasuetan (FZZLko 24. artikuluaren arabera, kanpoko arrotz baten alde edo eskualdatzen duenari dagokion lehentasun-lerrokoa ez den ahaide baten alde egiten bada horietako egintzaren bat, berau zuzenbide osoz deuseza izango da).

Ezein higiezin edo onibar ez da izango oinetxekotasunaren objektu, hauek bakarrik baizik: "lurra eta lur gainean eraiki, landatu edo ereindako edozer" eta "elizetako sepulturak" (FZZLko 19. art.). Azken horiek aipatzea, tradizioari keinua bat egitea da (Foru Berriko XX. titulua, XII. legea) eta, gaur egun, ez dauka inolako garrantzi praktikorik. Beraz, aipatutako bi multzo horietatik, lehenengoa bakarrik aztertuko da.

Bertan, lehenik, naturako higiezin edo onibar nagusiena sartzen da, hau da, lurra; noski, oinetxekotasunaren mugak lurrari aplikatu ahal izateko, lehenik bereizi edo banandu egin behar da lurra, hain zuzen ere eskubideen objektu eta, ondorioz, jabetza-eskubidearen objektu finka bakarrik izan baitaiteke. Konturatu nola, "lurra" terminoa, esanahirik hertsienean erabiltzen duela FZZLko 19. artikuluak, hau da, lurrazala bakarrik, lur-azpian edo zorupean dagoena kanporatuz, aurrekari historikoak hala adierazten baitute: 1959ko Konpilazioa bazterketa hori burutzeaz arduratu zen, beldur baitzen ez ote ziren oinetxeko ondasuntzat hartuko meatzeak, zeinak, autore eta auzitegien erabateko iritziz, tradizioz ezarritako ondasunak familiari lotzeko printzipioaren eragin-eremutik urrun aurkitzen direlakoan.

Lurraren azaleraz gain, oinetxekotasunak barnean biltzen du ere "lur gainean eraiki, landatu edo ereindako edozer", hau da, higiezinak edo, beste modu batera esanda, lurrari atxiki edo lotutako onibarrak. Zehaztasun horren arabera, finkaren oinetxekotasuna zabaldu eta harrapatzen ditu bere gainean eraiki, landatu edo ereindakoa. Hala ere, "jaso zain dauden fruituak eta landareak, lurretik bananduta transmititzen badira, eta zuhaitzak, berriz, ebakitzeko besterentzen badira, oinetxekotasun-printzipioak ez ditu ukitzen"; elementu horiek, berez, etorkizuneko ondasun higigarriak dira, halako gisan besterenduak.

Bukatzeko, FZZLk agintzen duenez, onibartzat hartuko dira ere, oinetxekotasunaren eraginetarako, aipatu berri diren ondasunei "lotutako edo batutako higigarriak". Lehenengoei deritze ere "helburuagatik higiezinak", hau da, ondasuna izaeraz higigarria izanik ere, legegileak hala aginduta eta kontrakorik adierazi ezean, "higiezindu" egiten dira, izaeraz higiezina den ondasunarekin batera joateko (berau eskualdatzen denean) beronen akzesorioak direnez, horrekiko duten mendekotasun edo zerbitzu-erlazioa dela eta (esate baterako, ustiaketak sortutako beharrak asetzen ditu). Horregatik, "lotutako higigarri" horiek, "banatuta edo aparte" eskualdatzen ez diren bitartean bakarrik joko dira onibartzat 3. Bestalde, "batutako" izenondoak aditzera ematen duenez, eransketa bidez onibarrak osatzeko dauden ondasun higigarriak biltzen dira oinetxekotasunean.

Labur esanda, aipatu berri diren onibarren gaineko titulartasuna bakarrik harrapatzen du oinetxekotasun-printzipioak. Baina, FZZLak, 18. artikuluan, beste betekizun osagarri bat eskatzen du familia-loturak benetako eragina izan dezan: delako onibarra "Lur Lauan kokatua" egon behar du (edo, bere kasuan, Arabako Laudio eta Aramaioko udalerrietan).

3Azken batean, objektu horiek, per se, ez dira onibarrak "oinetxekotasunaren efektuetarako", eta halakotzat joko dira lehenengoen ondoan egon eta, benetan, horiei jarraitzen badie. FZZLko 26. artikuluak "higigarritze"-suposamendu berezi bat jasotzen du, ondasunek duten xedeagatik, "baserria gainerako pertenentziekin doako tituluz eskualdatzen" den kasuetan: eskualdatzeak, "besterik esan ezean, altzariak, abereak, lanabesak eta ustiatzeko instalazioak ere barnebilduko ditu".

Ondasun higigarriak, arrotzengandik eskuratutako onibarrak eta oinetxeko onibarrak

Oinetxekotasunak izango duen eremu objektiboa mugatzeko orduan, Bizkaiko ordenamendu historikoetako aukera egonkor bat errepikatzen du FZZLk: onibarren gain bakarrik du eragina oinetxekotasun-printzipioak. Hala ere, kontuan izan, gaur egun, 19. artikuluak emandako eduki zehatza duela terminoak, eragin horietarako. Ondorioz, ondasun higigarriak eta 19. artikuluan jasotako zerrendan sartzen ez diren higiezinak (meatzeak, adibidez), familiari lotzeko aukeratik kanpo geratzen dira beti.

Baina segidan egin beharrekoa hau da: zehaztu ea zein inguruabar bildu behar diren onibar bat oinetxeko ondasuntzat hartzeko hain zuzen. Beste era batera esanda: edozein ahaideengandik eskuratutako ondasunak lotzen dira edo norbaiten edo norbaitzuengandik jasotakoak bakarrik?

Bizkaiko zuzenbide historikoan, norbaitek bere "abolengotik" jasotako onibarrak bakarrik izango ziren, seguruenik, izaeraz oinetxekoak, ondasun horiek lotzen baitziren nahitaezko oinordetzara, 1452ko Foru Zaharrak zioenez ( 125. kapitulua). BRAGA DA CRUZek erakusten duenez, termino hark esanahi berezia zuen oinetxekotasuna jaso zuten erdi aroko ordenamenduetan, izan ere norbaiten "abolengoa", hitzaren adiera zorrotz eta etimologikoaren arabera, bere aitona-amonekin lotzen duen ahaidetasuna besterik ez baita; hau da, "auolengoko" onibarrak, inork dituen lau aitona-amonen batenak izan ziren ondasunak lirateke. Orduan, Bizkaiko foruak, hitz hori erabiltzean, oinetxekotasunaren elementu erreala finkatu zuen, ziur aski, ingurune jakin eta seguru bat esleitzeko: norbaiten ondarean dauden ondasunak familia-jatorria non duen jakiteko, titularraren aitona-amonengandik harantzago ez da joan behar; alegia, ez da beharrezkoa argitzea aitona-amona horrek zein beste aurre-ahaide batengandik edo arrotz batengandik eskuratu duen ondasuna. Foru-ordenamenduaren arabera, aitona-amona hori da, efektu orotarako, jabearen familiaren barruan ondasun horren lehen edukitzailea; hau da, "auolengo" hitzak, berez, muga jartzen dio ondasunen jatorriaren ikerketari: familiako higiezinetatik oinetxekotasunera zein menderatu behar diren zehazteko momentuan kontuan hartu behar den punturik urrunena, jabearen abolengoa da. Baina, gainera, hitz horrek barnebiltzen ditu, isil bidez bada ere, familian lehen aldiz egungo titularraren gurasoen bidez sartu diren onibarrak, gero horiengandik eskuratu dituenak noski (batzutan horiei "ondareko" ondasun ere deritze). Bai ondasun horiek eta haiek eraentza berdinera menderatuko dira eta, horregatik, abolengo hitzak, loturaren gehienezko eremua definitzen duenez, bi higiezin-kategoria horiek barnebiltzen ditu. Laburki, oinetxekotasun-printzipiora uztartutako onibarrak izango dira titularrak zuzenean bere gurasoengandik eta aitona-amonengandik jasotakoak, doako tituluz -mortis causa edo inter vivos (azken horiek, arrazoi berberatasunez)-, edo kostuzko tituluz, familiaren kariaz lehentasunez eskuratzeko duen eskubidea baliatu izanaren ondorioz. Alboko ahaideengandik datorren ondasunari dagokienez, familiara lotuta dagoela ulertuko da baldin eta, ondasuna transmititzen duen alboko ahaidearena izan aurretik, jabearen gurasoek edo aitona-amonek eduki izan balute, kasu horretan, hain zuzen, bere "auolengoko" ondasuna izaten segituko bailuke: titularraren "auolengokoa" da, bere osabarengandik oinordetzaz jasotako finka, beti ere, osabak, aldi berean, bere aitarengandik jaso izan balu, hau da, titularraren aitonarengandik , baina ez arrotz bati erosi izan balio. Azken ondasun hori familiari atxikitzeak ez du zentzurik, jatorriz ez baita "auolengokoa". Anaiarengandik oinordetzaz jasotako finka, berriz, "auolengokoa" (edo "ondarekoa") da, hark, bere aldetik, bien aitarengandik jaso izan balu (aitonak izan ondasuna inoiz eduki ez izan arren), baina ez arrotz bati erosi izan balio. Azken kasu horretan, ezin da ebatzi ondasunaren jatorria gurasoengandik, hau da, "menpekotasun-lerrorik" ez du onibarrak. Onibarra ez bada izaeraz "auolengokoa", askatasunez xeda daiteke, beti ere ondorengorik ez badago, bestela horiek eskuratu behar baitute oinordetzaz (Foru Zaharreko 111. kapitulua). Antzeko eskemak iraun zuen 1526ko Foru Berrian (XX. titulua, XVI. legea): titularraren higiezina familiara lotzen da baldin eta berau "ouiesse auido de patrimonio y abolengo".

Aipatutako adierazpenetan besterik gabe oinarrituz, Bizkaiko Foruetan abolengoko muga aplikatzen dela esatea, agian, ausarta samarra izan liteke. Baina, aurreko argudio hori osatzeko, bada beste argudio sendo bat: Bizkaia inguruko beste ordenamenduetan ere printzipio berbera gordetzen eta betetzen dela (garrantzi gutxiko desberdintasunak badauden arren). Horietatik, berriro, Nafarroako eta Aragoiko erdi aroko iturriak aipatu behar dira, hau da, Nafarroako Foru Orokorra eta Oskako Kodea. Lehenaren arabera, atzera eskuratze gentiliziora (3,12,15) eta nahitaezko oinordetzara (2,4,3 eta 4) menperatutako onibarrak, "avolorio" eta "ondarekoak" dira; aipatze bidez hau agintzen da: "ninguno por razon de parentesco non puede demandar heredamiento ninguno si non de avuelo ata primo cormano, el avuelo et el primo cormano dentro seyendo" (2,4,15). Oskako Kodeak, era berean, abolorioko ondasunak lotzen ditu bere De inmensis et prohibitis donationibus foruan; abolengoko muga aplikatzen dela arau horretatik ondorioztatzen da eta, BRAGA DA CRUZen arabera, De rebus vinculatis forutik ere bai. Aragoiko De inmensis et prohibitis donationibus foruaren antzeko araua jasotzen zuen Donostiako Foruak ere (3,6,5); berau gero Gipuzkoako kosta guztian zehar zabaldu zen XIV. mendean ondo sartu bitartean. Arabako Aiaran ere "abolorioko" muga ezagutu zen, 1373tik 1487ra indarrean egon zen foruak bere 91. kapituluan hartu baitzuen, "fixosik" ez zegoenean ondasunak itzuli egin behar direla agintzeko. Azkenik, Lapurdiko (V. titulua, VII. artikulua) eta Zuberoako (XVII. errubrika, V. artikulua) Foruetan ere, uztartutako ondasunak -"avitins" delakoak-, aitona-amonengandik datozenak bakarrik dira.

Hala eta guztiz ere, behin XIX. mendera iritsi ostean, Bizkaian ez jurisprudentziak ez eta doktrinak ere ez zuten abolengoko printzipioaren oihartzunik jaso onibarretatik "oinetxekoak" zein diren erabakitzeko irizpide gisa. Auzitegi Gorenak, bere ebazpenen batean, erabili zuen termino hori, baina erabili ere esanahi berezirik gabeko errepikapen huts moduan, edo bere erretorika egiteko baliabide soil bat bailitzan, beste garrantzirik gabe. Aldiz, "oinetxeko" izenondoari eman beharreko adierari buruz autore eta auzitegiek zuten iritzia bestelakoa zen: higiezina edo onibarra izaeraz oinetxekoa da baldin eta "oinetxetar" komun batek eduki izan balu noizbait, hau da, oinordetzaz jaso (edo foru-sakaz eskuratu) nahi duen ahaidearen eta oinordetzaren kausantearen (edo dohaintza-emailearen edo saltzailearen) aurre-ahaide komun batek alegia. Bestela esanda: onibarrak familiara uztartutzat jotzeko, beharrezkoa da titularrak hura jasotzea aurre-ahaide edo albo-ahaide batengandik, azken horrek, aldi berean, aurre-ahaide komun batengandik jaso izan balu; beraz, ondasun bat oinetxeko izateko, gutxienik behin, beherako lerro zuzenean emana izan behar du. Ondasunaren jatorria arakatzeko muga abolengoko printzipioak jartzen duela esaten duen tesia apurtzen da; orain, gurasoengandik edo aitona-amonengandik jasotako ondasunetara bakarrik ez da mugatzen uztardura, harantzago joan eta ezein aurre-ahaiderengandik datorren ondasunetara ere zabaltzen baita, urrunekoena izan arren.

Laburbilduz, "oinetxe" hitzaren irudizko adiera oinarritzat hartuz, ezein aurre-ahaiderengandik (zuzenean edo zeharka) datorren onibarra "oinetxekoa" dela ulertuko da. Horregatik, familiara atxikia geratuko da ahaiderik baden bitartean, "oinetxe" beretik sortutakoa izan eta ondasuna eskuratzeko legitimazioa duten familia taldeko kide baldin bada. Aldiz, beste ezein subjekturengandik lortutako onibarra, arrotzengandik etorria joko da eta, ondorioz, askatasunez xeda daitekeena oinetxekotasunaren efektuetarako. Ohartu nola, arrotzengandik datorren onibarra izan daitekeela bai titularrarekin odoleko loturarik ez duen pertsonari eskuratua, bai ezein ahaiderengandik jasotakoa baldin eta horrek -titularrak- ez balu onibarra eduki oinetxetar moduan, orduan arrotz "gisa" eta arrotz "batengandik" eskuratuko baita. Foru Zaharrak, berau eman bitartean indarrean zen ohiturazko zuzenbidean, salbuespen bakar bat -gero errepikatuko dena- sartu eta arau orokorra aldatu zuen: jabearen ondorengoek, oinetxekotasunaren arabera, beren alde atxikita dituzte Lur Lauan kokatutako onibar guztiak, inolako salbuespenik gabe. Kasik ez dago esan beharrik ere tesi hori -hau da, "oinetxe" hitzaren ustezko adieran oinarritua- gailendu dela hain justu Bizkaian oinetxekotasunak barnebiltzen duen objektua zehazteko, ez bakarrik 1959ko Konpilazioan (9. art.), baita gaur egun indarrean den FZZLan ere.

Hain zuzen, legeko 22. artikuluak, lehenik, azken salbuespen hura (historikoa bestalde) gordetzen du, agintzen duenaren arabera oinetxekoak baitira, "beherako belaun-lerroari dagokionez, Lur Lauan kokatutako onibar guztiak, edozein tituluz eskuratuak izan direla ere eta arrotzengandik eskuratuak izan badira ere". Gainera, oinetxekotasunaren elementu erreala zehazteko garaian, doktrinak eta jurisprudentziak sendotutako gainerako arrastoak ere jasotzen ditu arau horrek berak bere bigarren zenbakian, izan ere, agintzen duenaren arabera, "gorako eta alboko belaun-lerroei dagokienez, Lur Lauan egon eta oinordekoaren eta oinordetza kausatu duenaren oinetxe berekoak diren onibar guztiak" ere oinetxekotasunak sortutako uztardurara menderatuko dira.

FZZLko 22.2 artikuluak, ostera, bukaerako argibide bat eransten dio adierazitako proposizioari, beronen esanahia osatzeko, aurrekarietan horrelakorik agertzen ez bada ere: gorako eta alboko belaun-lerroei dagokienez, oinetxekoak dira aipatutako ondasunak, noski, baina hala izango dira "nahiz eta" titularrak "arrotzengandik eskuratuak izan". Hitz-multzo horrek, doktrinak eta jurisprudentziak erabilitako oinetxekotasunaren kontzeptua zabaltzen du, inolako bereizketarik gabe ezein ondasun uztartua geratzen baita, jabeak hura arrotzengandik eskuratu izan arren (hau da, pertsona horrekiko ez odoleko loturarik, ez eta ahaidetasun oinetxetarrik izan ez arren), beti ere oinordekoaren eta oinordetza kausatu duenaren oinetxe komunekoak izan badira noizbait.

Esaldiaren hitzez hitzeko adierak bideratzen duenez, egungo titularraren familia oinetxetarretik kanporatzearen ondorioz oinetxekotasuna galdu zuten ondasunek izaera hori "berreskuratuko" dute 4, eta oinetxekotzat joko ditu ahaideekiko inoiz halakoak izan ez diren zenbait ondasun 5. Dena den, kontuan izan behar da, FZZLko 17.1 artikuluak agintzen duenez, "ondarearen izaera familiarra" babestea duela helburutzat oinetxekotasun-printzipioak, eta nekez aldarrika daiteke "izaeraz" horrelakoak direla onibarrak, aurre-ahaide "komun" batek eduki izan arren, titularraren familia oinetxetarraren interesak de facto ez baditu bete. Beraz, orain iruzkintzen ari garen arauak oinetxekotasun-printzipioaren "espiritua" errespetatzea nahiko balitz, aipatutako lehen objektu-multzora bakarrik mugatu beharko luke bere irismena, eta, gainera, kasu bakoitzeko familiaren zuzeneko belaun-lerroan beherantz ondasuna behin bederen transmititu izana sekula guztian galdatu behar da.

Bizkaiko zuzenbidean gertatutakoarekin alderatuta, Nafarroako Foru Berriak bai gorde duela, muinean, "abolengo" (edo "abolorio") delako irizpidea familiara atxikitako ondasunak zehazteko, atzera eskuratze gentilizioari edo odolekoari buruzko araudian bakarrik gorde badu ere (453. legea). Testamenturik gabeko oinordetzan, ordea, baztertu egin da eta laugarren maila arteko edozein ahaiderengandik datorren higiezina oinetxekotzat hartzen da, beti ere kausatzaileak doako tituluz eskuratu izan badu (306. legea). Hala eta guztiz, abolengoaren muga, bere zuzenbide historikoan, legezko oinordetzan ere gordetzen zen.

Eskuratze-tituluak. Subrogazioa

Ezein onibar bere titularraren ondorengoen alde uztartu ostean, ondasuna titularraren ondarean zein mekanismo juridikoren arabera sartu den aztertzeak ez luke garrantzia berezirik izango, izan ere, uztardura hura aipatu den oharpenarekin agintzerakoan FZZLko 22.1 artikuluak aditzera ematen duenez, xede horretarako ez du axola "zein izan den eskuratze-titulua".

Gainera, iraganean seguruenik jazo ohi ez zen bezala, antzeko zerbait gertatzen da, gaur egun, jabearen aurre-ahaideen eta albo-ahaideen aitzinean oinetxekotzat hartzen diren ondasunekin, aurreko kasuarekin alderatuz beste arrazoi bategatik bada ere: oraintxe egiaztatu izan ahal denez, oinordekoaren eta oinordetza kausatu duenaren aurre-ahaide komunak eduki zuen onibar oro oinetxekoa baldin bada (betekizun horri, foru tradizioak eskatutako beste betekizun inplizitua gehituz: zuzeneko belaun-lerroan beherantz ondasuna behin bederen transmititu izana), kontuan hartu gabe oinetxeko gisa egindako bidea (iter) apurtu izan den edo ez, orduan begi-bistakoa da Legeari ez zaiola batere axola titularra zein tituluz bihurtu den jabe: hau da, izaeraz edonolakoa izanda ere -mortis causa edo inter vivos, kostuzkoa edo doakoa-, inguruabar hura egoteagatik besterik gabe uztartuta geratuko da onibarra.

Bere aldetik, FZZLko 22.3 artikuluaren arabera, izaeraz "tronkalekoa" da ere onibarra "eskuratu izan bada truke bidez edo kostuzko beste titulu bidez eta Lur Lauan kokatutako beste ondasun batek subrogatu badu oinetxeko ondasuna". Arauak, zuzenbide zibilean subrogazio errealaren printzipioa deritzona jasotzen du: oinetxeko ondasun bat trukearen baliabidea erabiliz (ondasun baten ordez beste bat jasoz) familiatik ateratzeak ez du esan nahi erabat edo, hein batean behintzat, bere balioa guztiz galdu denik, ezen, onibar berriak, izaera horretan besterenduaren lekua hartu du. Hala ere, higiezin berriak, atera denak bezala, Lur Lauan kokatua egon behar du, oinetxekotasunaren eragin-eremua, hain zuzen, esparru geografiko horretara mugatzen baita (FZZLko 18. art.). Bestela (edo oinetxeko finka trukean eman bada ondasun higigarriaren ordez edo 19. artikuluaren zerrendaren arabera onibarra ez den higiezinaren ordez), oinetxetarrak, sekula guztian, lehentasunez eskuratzeko eskubide familiarra baliatzeko aukera izango du, FZZLko 125. artikuluak lehen zenbakian xedatzen duenez.

Arauak aurreikusitako ebazpidea, gainera, "subrogazioa eragiten duen kostuzko ezein tituluri" aplikatuko zaio. Esate baterako, hirigintza-alorrean, Administrazioaren esku hartzeak eragin lezakeenari aplikatuko zaio; eta hala, desjabetze-kasuetan, balioespena ordaintzeko esleitzen diren lursailek, desjabetzapena jasan duten lurrek bazuten oinetxekotasuna jasoko lukete.

4Esate baterako, kausatzailearen aitak, haren aitonarengandik jasotako onibarra, arrotz bati kostuzko tituluz besterentzen badio, onibar hori oinetxeko bihurtuko litzateke de cuius delakoaren osaba-izeben eta gurasoen aurrean arrotz horrek, gero, kausatzaileari eskualdatu izan balio; eta hala izango da nahiz eta kausatzaileak eta aipatutako bere osaba-izebak, FZZLko 112 eta hurrengo artikuluen arabera, lehentasunez eskuratzeko eskubide familiarra ez baliatzea erabaki izan balute ere, izan ere arauak indarra izango du, ondasunak familiaren eremuan jarrai dezan, Legeak araututako baliabide desberdinek kasu bakoitzean izan duten zoria inoiz ere kontuan hartu gabe. Arauaren aurrekarietan, aldiz, agintzen zen, isil bidez bada ere, oinetxekotasunaren iter-a ez zela eteten onibarrak izaeraz oinetxeko gisa jarrai zezan.

5Hala gertatuko litzateke, adibidez, aurreko oharrean azaldutako hipotesian, aitona (lehen edukitzailea) izan balitz ondasuna besterendu zuena bere ondorengotza jaio aurretik.

Bizkaiko ordenamenduaren arabera, hurbileko ahaide oinetxetarrak hauek dira: ondorengoak, aurrekoak eta albokoak. Azken bi kasu horietan, eta FZZLak argitzen duenez, "onibarrak jatorria duen" belaun-lerroko ahaidea baldin bada bakarrik. Legea, ostera, zerrenda hori ezartzearekin batera, ahaidetasun oinetxetar horren hedadura zehazteaz arduratzen da bere 21. artikuluan.

Ondorengoak

FZZLko 20. artikuluak dioenez, ahaide oinetxetar dira, "beherako belaun-lerroan, umeak eta gainerako ondorengoak, baita adopziozkoak ere". Ondoren, horiei buruz hau xedatzen du 21. artikuluak: "ahaidetasun oinetxetarra gradu-mugarik gabe luzatzen da".

Hurbileko oinetxetarren zerrendan adopziozko umeak aipatze bidez sartu izana azpimarratu behar da, izan ere izaera horretako ondorengoei oinetxeko familiaren barruan dagokien estatusari buruz ez baitzuen deus ere esan 1959ko Konpilazioak. Bada, 1992ko Legeak bete du hutsune hura eta bete ere ordenamendu zibil desberdinetan gehien zabaldu den irizpidea jarraituz, hau da, filiazio-mota desberdinak erabat parekatzera joz ondorio juridikoei begira. Euskal legelariak berak halaxe adierazi du FZZLko Zioen Adierazpenean, "Eusko Legebiltzarrak emandako 6/1988 Legearen zentzu berdina" jarraitu nahi baita, zeinak, hain zuzen ere, umeen erabateko berdintasuna ezarri baitzuen, kasu horretan "oinordetzaren efektuetarako [...], kontuan izan gabe umeen jatorria" 8. Bestalde, filiazio naturalaren eta adopziozkoaren artean zalantzarik gabeko baliokidetasuna argi uzteaz arduratzen da FZZLa eta, zehazki, 20. artikuluaren azken lerroaldeak agintzen duenez, "adopziozko umeen ahaidetasun oinetxetarra" zehaztuko da "gorako eta alboko belaun-lerroan, adopzio-hartzailearen berezko umea bailitzan hartuko da adoptatua"; hau da, testuek aditzera ematen dutenaren arabera, guraso adopzio-hartzailearen eta ume adoptatuaren artean noski badagoen ahaidetasun-mota hartzeaz gain, familia oinetxetar guztira zabaltzen da. Beste modu batera esanda: adopzioak, batetik, berau formalizatu dutenak ukitzen ditu eta, bestetik, adoptatuaren eta adopzio-hartzailearen familiaren artean ahaidetasun oinetxetarra sortzen du.

Aurre-ahaideak

Inolako bereizketarik gabe, FZZLko 20. artikuluak ahaide oinetxetartzat hartzen ditu, gorako belaun-lerroan, "onibarrak jatorria duen [aitaren nahiz amaren] belaun-lerroko aurre-ahaideak". Arauaren hitzak bere horretan hartu arren, bistakoa da ondasunak bere jatorria duen adarrekoak diren aurre-ahaide guztiek ezin dutela ahaide oinatxetar izan, oinetxekotasunaren elementu errealari (edo objektuari) buruz lehentxeago azaldu denari erreparatuz gero: beherako lerroan gertatu ohi den ez bezala, de cuius delakoaren ondorengoentzat, "Lur Lauan egon eta oinordekoaren eta oinordetza kausatu duenaren oinetxe berekoak diren onibarrak" bakarrik dira oinetxekoak (22.2 art.). Beraz, onibarra izaeraz "oinetxeko" jotzen bada aurre-ahaideei begira bakarrik eta aurre-ahaide hori, aldi berean, beste aurre-ahaide komunaren ondorengoa bada, logikaz hau ondorioztatzen da: gorako lerroan, "ahaidetasun oinetxetarra onibarra lehenengoz 'eduki' zuen aurrekoan bukatzen da" (FZZLko 21.2 art.). Goragokoak, beraz, ez dira oinetxetarrak; izaera hori dute lehen oinetxetar hark eta bere ondorengoek bakarrik.

Bestalde, guraso biek "ezkontzak iraun bitartean erosi edo irabazitako" onibarrei buruz zehaztasun bat sartzen du 1992ko Legeak: ondasun horiek, behin foru-komunikazioaren eraentza kitatu ostean, "hildako ezkontidearengandik [zeinak kitatzearen ondorioz esleitu baitzaizkio ondasunak] beren ume komunek jaraunsle gisa jaso balituzte", ezkontide alarguna, ondasun horiekiko, ahaide oinetxetar bihurtuko da (FZZLko 20.3 art.). Arau horrek, 108 eta 110.3 artikuluek adierazten dutenez, ezkontideek beren ezkontzak iraun duen bitartean eskuratu eta jatorriz familiakoak ez diren onibarrak barnebiltzen ditu. Funtsean, ondasunaren titularrak guraso biak izan badira, onibarrak bere jatorria bietan du, biak dira "oinetxe", alegia. Baina, ezkontide alargunak, azkenean, bere ondorengoarengandik ondasuna eskuratzen badu doako tituluz, orduan "gero berriro ezkontzen bada edo hildako ezkontidearena ez den umerik izaten badu", ondasuna erreserbatzeko obligazioa izango du "transmititzailearen eta lotura bikoitzeko bere senideen alde, edo horietako edonoren ondorengoen alde" (FZZLko 85. art.).

Albokoak

Alboko belaun-lerroan, FZZLko 20.4 artikuluak agintzen duenez,. "onibarrak jatorria duen aitaren nahiz amaren belaun-lerrokoak diren ahaideak" oinetxetarrak dira. Baina, aurre-ahaideei buruz ñabardura egin den bezala, ondasunak bere jatorria duen belaun-lerrokoa izatea ez da betekizun bakarra alboko ahaidea oinetxetartzat jotzeko, ezen, gainera, kasuko onibarra eduki duen aurre-ahaide komuna izan behar dute egungo titularrak eta alboko-ahaideak; beronek, aurreko horren ondorengoa izan behar du. Oinetxekotasunaren eduki objektiboari buruz egin den deskribapenetik horixe ondorioztatzen da. Gogoratu, nola, alboko (eta gorako) lerroari dagokionez, uztartutzat joko diren ondasun bakarrak hauek direla:. "Lur Lauan egon eta oinordekoaren eta oinordetza kausatu duenaren oinetxe berekoak diren onibar guztiak" 22,2 art.). Esate baterako, de cuius delakoak aitaren aldetik duen osaba ez da ahaide oinetxetarra kausatzaileak bere gurasoengandik eskuratutako onibarrekiko, beti ere gurasoek ondasuna arrotzengandik eskuratu badute, orduan sartu baita ondasuna familian lehen aldiz; eta hala da nahiz eta osaba hura ondasunak jatorria duen aitaren lerrokoa izan berez.

Hala eta guztiz ere, alboko ahaidetasun oinetxetarrak badu muga: "iritsiko" da "odolkidetasunezko laugarren gradu zibileraino, berau barne". Beraz, hortik aurrera, albokoek ez dute izango ezertarako aukerarik oinetxekotasunaren eremuan.

Odoleko ahaidetasuna aipatzeak badu zentzua, izan ere argitu egin behar baita ezkontza bidezko ahaidetasunez den ahaidea ez dela kontuan hartzen, noski, baina de cuius delakoaren alboko ahaideetatik ezin direla baztertu adopzio bidez ahaide izatera iritsi direnak. Jadanik adierazi denez, 20. artikuluko azken lerroaldeak hau ohartarazten du: adopziozko filiazioak ahaidetasun oinetxetarra eragiten du "gorako eta alboko belaun-lerroan, eta adopzio-hartzailearen berezko umea bailitzan hartuko da adoptatua". Adibidez, titularraren anaiak adoptatutako umeak, hark bezala, ahaidetasun oinetxetarra izango du bere aurre-ahaide ("berri") komunak eduki izan eta orain titularrak bere ondarean dituen onibarrei dagokienez.

Alboko lerroan laugarren graduan muga jartzea, 1452ko Foru Zaharretik (84. kapitulutik) hasi eta behin eta berriz jaso izan da Bizkaiko Lur Lauan, hurrenez hurren indarrean izan diren lege-testu guztietan. Mugaren jatorria, lehen aipatu den abolengo-printzipioan bilatu behar dela ematen du. Hain justu, BRAGA DA CRUZek ohartzen duenez, printzipio hori, zuzenbide historikoan, irizpide erabakitzailea zen, batetik, uztartutako ondasunak eta, bestetik, ondasun horiek eskuratzeko legitimazioa zuten ahaideak zehazteko; hau da, ondasunen jatorria arakatzeko eragiketari azken muturra jartzen dio, bai kausatzailearen eta bai oinordekoaren lerroan: zentzu horretan, familiako higiezinak herentziaz (edo atzera eskuratzez) jasotzeko legitimazioa duten albo-ahaide bakarrak zehazteko, aldi berean, beren abolengoko ondasunak badiren ikusiko da; hau da, gehienez ere egungo titularrarekin komunean duten aurre-ahaide baten bilobak bakarrik izan daitezke oinetxetarrak, beti ere ondasuna aurreko horrek eduki izan balu egungo titularrak jaso aurretik.

Bi ikuspegi horiek bateratuz, alboko lerroan oinetxetar izan daitezkeen ahaideen eremua hau litzateke: a) Higiezinak stricto sensu abolengokoak baldin badira, hau da, titularraren aitona-amona batek edukitakoak, haiek eskuratzeko legitimazioa izango lukeen alboko ahaide urrunena haren lehengusua litzateke, lehen edukitzailearen biloba. Haren osaba-izebak ere hurbileko oinetxetarrak dira, noski, ondasunaren titular izandako aitona-amonaren umeak baitira. Hurbilagokoak eta legitimatuak daude anai-arrebak ere, egungo titularra bezala, ondasunak jatorria duen aitona-amonaren bilobak baitira. Azkenik, ondasunak jaso ditzakete ilobek ere, abolengoko higiezinak titularraren ondarera iritsiko baitira, gehienetan, bere gurasoen bitartez eta horiek, azken batean, haien aitona-amonak dira. Hala ere, aitona-amonarengandik zuzenean edo alboko (osaba-izeba edo lehengusu) baten bitartez zeharka jaso balitu ere higiezinak, bere itxaropenari eutsi egin behar zaio hipotesi hori oso salbuespenezkoa den heinean. Titularraren aitona-amonaren albokoak, kasu guztietan, baztertuak geratzen dira (hurbilenekoak barne: aitona-amonaren anai-arrebak), ondasunen jatorria zehazteko aitona-amonaraino bakarrik ailegatu baitaiteke; efektu guztietarako lehen edukitzailetzat hartzen bada, ezin da esan sekula ere ondasun horiek bere "auolengokoak" direnik. Beste hainbeste esan behar da lehengusuen umeei eta iloba txikiei buruz: horientzat, dominus delakoaren aitona-amonak edukitako higiezinak, gutxienik, bisabolengokoak baitira. b) Higiezina familiara lehen aldiz gurasoetako batek sartu badu ("ondareko" ondasuna), oinetxetarren taldea nabarmenki murrizten da: titularraren osaba-izebak eta lehengusuak kanpoan geratuko dira beti, haientzat ondasun horiek ez baitira abolengokoak. Ahaide oinetxetarrak izango lirateke anai-arrebak (jatorriaren umeak) eta ilobak (jatorriaren bilobak) bakarrik.

Azken batez, abolengoko higiezin familiarrak, beren jatorriko belaun-lerrokoak diren hurrengo albo-ahaideen alde xedatu behar ditu jabeak: bigarren mailan, anai-arrebak (albo-ahaide hurbilenak); hirugarren mailan, ilobak eta osaba-izebak; eta laugarren mailan, atzena, lehengusuak (albo-ahaide urrutikoenak). Gurasoak arrotza batengandik eskuratu eta, gero, dominus delakoari transmititu izan balio ondasuna, izaeraz oinetxetar izango lirateke horren anai-arrebak eta ilobak. Beraz, laugarren mailako muga horrek erlazio oso estua gorde behar du abolengoko printzipioarekin: printzipio horrek jarritako ahaide-eremua ikusiz gero, kausatzailearen lehengusua da familiako higiezinak jasotzeko legitimazioa duen urrutieneko ahaidea, hau da, alboko belaun-lerroan laugarren mailan dagoena alegia. Dena den, abolengoko printzipioa bere modurik zorrotzenean aplikatuko balitz, laugarren graduaren barruan ahaide oinetxetartzat hartu ezin direnak ere badaudela ikusten da: aitona-amonaren anai-arrebak eta iloba txikiak. Hala eta guztiz ere, balizko muga-gainditze horri ez zaio eman behar inolako garrantzirik, nagusiki arrazoi hauengatik: 1. Abolengoko printzipioa sinplifikatu izanaren emaitza hutsa besterik ez da "laugarren gradua" irizpide gisa hartu izana: jatorria zein den ez da ikusten bestela, hori ez bada. 2. Ondasunak eskuratzeko legitimazioa, beraz, aipatutako laugarren graduraino zabaltzeak xede bakar bat zuen, besterik ez: ondasunaren jatorriko belaun-lerrokoak diren titularraren lehengusuak ere legitimatzea. 3. Abolengoko printzipioak ondasunen jatorria zehazteko ikerketari muga jartzen zion, hala oinordekoaren nola kausatzailearen belaun-lerroan: aitona-amonaren anai-arrebak baztertuta geratuko dira beti, ondasunaren jatorri urrunagokoa ez baitu kontuan hartzen foru-ordenamenduak, hau da, aitona-amonak, ondasuna, beste aurre-ahaide batengandik edo arrotz batengandik eskuratu duen argitzen ez du uzten legeak eta, horregatik, hark eduki izan dituen higiezinak inoiz ez dira "abolengokoak" izango bere anai-arrebentzat.

Sinplifikatze-prozesu bertsua gertatu ohi zen, segur aski, Nafarroako zuzenbidean: lehen adierazi denez, Foru Orokorrak (2,4,25) aipatze bidez ezartzen zuen abolengoko muga, eta debekatu ezein lursail erreklamatzea, ez bada "de avuelo ata primo cormano". Nafarroako Bilduma Txit Berriak, 1600. urtean, familiako higiezinen jaraunsletzat hartu zituen ahaideak "dentro de el quarto grado" eta, gaur egun, indarrean den Foru Berriak ere, 453. legean, abolorioko edo ondareko ondasunen gaineko atzera eskuratze gentilizioa egikaritzeko legitimazio aktiboa ematen die alboko ahaideei "dentro del cuarto grado".

Ordenamendu horietan, oinarrizko segurtasun juridikoa gordetzen laguntzen du abolengoko printzipioak. Alde batetik, familiako ondasun higiezinen jatorriari buruzko ikerlan gogaikarria saihesten da; bestetik, abolengoko mugak badu beste abantaila handi bat, aldi berean, oinordekoaren belaun-lerroari aplikatzen denean: familiako higiezinak euren jatorri bereko belaun-lerrokoak diren ahaideengana berriz itzultzeko asmoa burutu dadin, nahikoa da de cuius delakoaren ondasuntzan bereiztea, besterik gabe, aitarengandiko ondasunak eta amarengandiko ondasunak, eta salbuespenezko kasuetan bakarrik beharrezkoa zen zehaztea belaun-lerro horietako bakoitzean zein aitona-amonak eduki zituen. Adibidez, kausatzailearen aitaren belaun-lerroko osaba-izebei edo lehengusuei ondasunak esleitzeko, horien titular aitaren aldeko aitona edo amona izan zen argitu beharrik ez dago, izan ere, haiek azken horien ondorengoak izanik, belaun-lerro bietakoak baitira. Hipotesi bakar batean zen nahitaezkoa bereiztea: oinordetzan alde bakarreko ahaideak biltzen zirenean; esaterako, de cuius delakoaren osaba, aitaren aldeko aitonak bigarren ezkontzan izandako semea, bizi bada; osaba horrek, orduan, aitonarengandik datozen higiezinak bakarrik jaso ditzake oinordetzaz, aurrez hildako aitaren aldeko amonarenak ziren ondasunak jasotzeko aukerarik ez baitu. Berdin gertatuko zaio osaba haren ondorengo den lehengusuari. Anai-arrebei eta lehengusuei dagokienez, berriz, ondasunak horrela bereizi beharrik ez dago, baldin eta haien artean batzuk odolekoak eta besteak umetokikoak ez badira.

Noski, behin Bizkaiko oinetxekotasunetik abolengoko printzipioa baztertu eta gero, onibarren egungo titularrak dituen aitona-amonaren anai-arrebak eta iloba txikiak familia-eremutik kanporatzen zituen argudioa galtzen da; lehenengoei dagokienez, ondasunen jatorria zehazteko aitona-amonengandik harantzago joan daiteke eta, beraz, horien anai-arrebak izaeraz ahaide oinetxetarrak izango dira, esaterako, beren gurasoek, hau da, jabearen birraitonak edo birramonak eduki izan zituen higiezinekiko; eta, bigarrenei dagokienez, kontuan izanda abolengoko muga ez dela oinordekoaren belaun-lerroan aplikatzen, hurbileko oinetxetarren taldean sartutzat jo behar dira. Horrela, zeharka muga berri bat (erabatekoa ez bada ere) ezartzen zaio higiezinen jatorria zehazteko ikerlanari ahaide-mota horiei dagokienean, ezen, deituak izango diren subjektuen eremua laugarren gradura mugatuz, argi baitago, hipotesirik ohikoenean, egungo dominus delakoaren bisabolengotik harantzago ikerlana egitea ez dela beharrezkoa izango.

8Berau da 6/1988 Legea, martxoaren 18koa, Foru Zuzenbide Zibila zati batean aldatzeari buruzkoa (EHAA apirilaren 12koa).