Kontzeptua

Oinetxekotasuna

Bizkaiko zuzenbideak agertzen duen egoera berezia kenduta, bistakoa da azaldutako ikuspegia ez dagoela indarrean gaur egun bere horretan. Lurralde bakoitzaren bilakaera politikoak eta ekonomikoak bideratu dute, edo higiezinak familiari atxikitzeko printzipioaren aplikazio-eremua murriztea, edo hura zuzenean ezabatzea. Bilakaera historikoan, zalantzarik gabe, oinetxekotasunaren iraupena oztopatu duten elementu asko egon ohi dira: alde batetik, ezein garapen ekonomikok eskatzen duen jabetza zatitu eta mugatu beharrarekin bat ez etortzeagatik; eta, bestalde, XIX. mendean liberalismoak hartu eta orduko kode zibiletan jaso zen jabetza oso eta erabatekoaren kontzeptuaren kontrakoa zelako, hein handi batean bederen.

Dena den, emandako azalpenak badu bertute bat; hain justu, Pirinioetako ordenamendu zibiletan oraindik jasotzen diren erakunde bakartu batzuen jatorria eta funtsa azalaraztea. Horixe da, jakina, atzera eskuratze gentilizio, familiar edo odolezkoaren kasua, Nafarroako Foru Berriaren (1/1973 Legearen) 452-459. legeetan arautua, edo oinetxeko ondasunak oinordetza legitimo bidez jasotzeko kasua, 305-307. legeetan arautua. Beste hainbeste esan liteke Aragoiko Konpilazioan (15/1967 Legean), 149-152. artikuluetan araututako abolorio- edo saka-eskubideari buruz, edo, legezko oinordetzan, Aragoiko 1/1999 Legeak, otsailaren 24koak, hiltzearen kausazko oinordetzari buruzkoak bere 211-213. artikuluetan jasotzen duen aldaera "oinetxetarrari" buruz. Orain, oinetxekotasun-printzipioa modu horretan ezarri eta murriztu ostean, ez da harritzekoa testamenturik gabeko oinordetza ukitzen duen irizpidetzat hartzea gehienek; oinordetzako itzultze-arau gisa hartzen da, zerikusi gutxi duena lehentasunez eskuratzeko eskubide familiarrekin (atzera eskuratze gentilizioekin).

Oinetxekotasunak, egun, Bizkaiko ordenamenduan bakarrik irauten du bere distira osoarekin, izan ere 1452ko Foru Zaharrean jasotako figura eta instrumentu guztiak, kasik aldaketarik gabe, pasa baitira Jaurerriarenak izan diren ondorengo gorputz juridikoetara: hasteko, 1526ko Foru Berrira, eta hortik 1959ko uztailaren 30eko Konpilaziora, azkenik egun indarrean den 3/1992 Legera iristeko (uztailaren 1ekoa, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoa, FZZL). Bada, oinetxekotasuna bere jatorrizko adieran Bizkaian bakarrik indarrean denez, datozen lerroak azken lege horretan jasotako diziplina aztertzeko izango dira, baina aipamenik egingo zaio, azalpenen harian, Nafarroako foru eraentzari ere, testamenturik gabeko oinordetza oinetxetarra eta atzera eskuratze gentilizioa aipatzeko.