Kontzeptua

Oinetxekotasuna

"Oinetxekotasun" terminoak, zuzenbide zibilaren eremuan, jatorriz familiakoak diren ondasunen eta odolaren arteko lotura-printzipio bat adierazten du. Haren arabera, juridikoki ahalbidetzen da ondasun horiek familia horren barruan irautea edo jatorriko enborrera itzultzea; eta hala izango da bai oraingo titularra hiltzen denean, bai eta titular horrek, ondasun haien gaineko besterentze-egintzak burutzen dituenean ere.

Terminoaren definizio labur horrek, oinetxekotasun-printzipioari ematen zaion ohiko adiera gainditzen du, azken horren araberako esanahia eta eraginkortasuna testamenturik gabeko oinordetzara mugatzen baita; hau da, sarritan, ab intestato oinordetza informatzeko irizpide huts bat besterik ez balitz bezala hartzen da oinetxekotasuna; testamenturik egin gabe hiltzen den defuntuak familiatik jasota zeuzkan ondasunak beren jatorriko lerroan dauden ahaideen artean bakarrik esleitzeko erregela soil bat izango bailitzan. Beraz, bigarren bertsio horren arabera, oinetxekotasun-printzipioa baliatuko litzateke, batetik, de cuius delakoak bere azken borondaterik adierazten ez badu, eta, bestetik, hark ondorengorik izango ez balu, izan ere, ondorengoek aitaren eta amaren lerroa aldi berean ordezkatzen dutenez, horiek egon ezean bakarrik gerta baitaiteke beste odoleko ahaideak oinordetzara biltzea.

Hala eta guztiz ere, oinetxekotasuna ulertzeko modu hori oso estua eta zorrotza da; edo gutxienik hala ematen du ikuspegi historikotik aztertuz gero behintzat. Jakina denez, ondasunak eta horien artean bereziki onibarrak familiari lotzeko erregela, erdi aroko ordenamendu askoren ius privatum delakoa finkatzeko oinarria izan zen, batik bat Pirinioetako ordenamendu juridikoetan. Oinarri horren indarrak, ordea, testamenturik gabeko bokazioa bakarrik ez du harrapatzen, harantzago joanez, ondasun higiezinak inter vivos eta mortis causa xedatzeko eraentzak ere ukitzen baititu, ondorengoak izan arren ondasun horien jabeak. Hain zuzen ere, lurralde desberdinetako iturriak laburki arakatzetik atera daitekeen ondorio bat da hori, bereziki Bizkaiko, Nafarroako, Iparraldeko eta baita Aragoikoak aztertuz gero.

Guzti horietatik, agian Bizkaikoan azaltzen dira argien aipatutako joera, oinarri eta erregela horiek. Bada, 1452ko Foru Zaharrak bere sistema pribatu osoa oinarrizko irizpide haren gainean eraiki zuen: jatorriz leinutik datozen ondasun higiezinak ("abolengoko" onibarrak) jabearen familiari lotuta geratzen dira, erlatiboki bada ere. Azpimarratu behar da, hala eta guztiz ere, uztardura horrek ez duela sortzen oinetxeko ondarearen gaineko titulartasun kidetzarik etxeko kideen artean. Ordena juridikoan sortzen diren ondorioak beste batzuk dira: jabetza erabat indibiduala da baina titularrak bere eskubidean hainbat muga jasango ditu, batik bat jabetza hura osatzen duen xedatzeko ahalmenaren gainean ezarritakoak. Lotura hori berdintzeko, eskema foralean, titularraren aldeko neurri bat ematen da hala ere: ondasun higigarriak eta arrotzengandik jasotako higiezinak erabateko askatasunez xeda daitezke, edonolako ahaidetasun-loturatik kanpo uzten baitira -berehala egingo den ñabardura kontuan hartu behar bada ere-.

Aipatutako trataera desberdin horrek badu, noski, bere arrazoia: foru-ordenamenduarentzat begirune juridiko ezberdina merezi dute ondasun mota batek eta besteak. Gizarte nahiz familia taldearentzat, Bizkaiko zuzenbidean, lurrak duen garrantzi ekonomikoak jabearen botere-eremua murrizten duen egituraketa eskatzen du; hain zuzen ere, XIV eta XV. mendeetan zehar Lurralde Historiko horren ekonomiak, bizi-iraupen hutsean laburbildu zuen bere garapena, ardatz hartuta abeltzaintza (mendiak eta basoak ustiatuz) eta, hein txikiago batean, nekazaritza eta artisautza. Autohornikuntzan oinarritutako ekonomia horrek berekin du familia egitura sendo bat, hain justu ahaideek osatutako taldea enpresa gisa egituratzen da. Enpresa eta familia, praktikan gauza bera dira eta, horregatik, juridikoki erraz lotzen dira ondasunak eta odoleko familia: norbaitek, doako edo kostuzko tituluz, ahaide jakinetatik datozen higiezinak eskuratzen baditu, horiekin batera, askoren lan eta ahalegin komunaren ondorioz lortutako eta, agian, handitutako balio bat ere eskuratzen du. Ondasun horiek arrotzen eskuetara pasatzeak, beraz, beren jabearen leinuko kideek egindako lanaren bidez erdietsitako aberastasuna eta gainbalioa kanpotarrengana eramatea ekarriko luke. Lurraren gaineko titulartasuna aldatzeak familiari zeharka sortzen dizkion eraginek eta bizitzeko behar diren baliabideak familiaren baitan gorde eta zaintzeko beharrak eskatuta, tresna juridiko egokiak artikulatzen dira, honako premisa hau jarrita oinarrian: Foruak, higiezinen titularraren ahaideei maila pribilegiatua eta lehentasunezkoa ematen die ondasun horien jabetza-eskubidea eskuz aldatzen den kasuetan, eta, aldi berean, horien gain jabeak duen boterearen irismena moldatzen du. Azken batean, kostuzko edo doako tituluz zenbait ahaideengandik jasotako onibarren gain jabetza-mota berezi bat eratzen da.

Leinu komunetik datozen higiezinen gaineko jabetza eskuz aldatzen den kasuetan hurbilekoek duten posizio pribilegiatua antolatzeko, kontuan hartzen dira ahaidetasun-gradua eta lerroa (ondorengoei lehentasun guztia emanez), eta intentsitate desberdinekoa izango da ondasunaren titularrak egin ditzakeen xedatze-egintzen arabera. Bi aldagai horietatik lehenengoa bazterrean utziz, bigarrenari dakionez honako hauek dira lehentasun hura gauzatzeko mekanismo juridikoak: ondasuna inter vivos eta kostuzko tituluz besterentzen bada, saldu nahi den onibarra lehenik ahaideei eskaintzea nahitaezkoa zen, horiek hura eskuratzeko interesik izan zezaketelako (83 eta 91. kapituluak), bestela salmenta suntsiaraztea eska baitzezaketen (ondasuna beraientzat irabaziz) inolako publikotasunik gabe eginez gero (83. kapitulua); inter vivos eta doako tituluz besterentzeko aukerari buruz, berriz, Foruak zehaztutako ahaide-multzotik kanpoko norbaiten alde familiako higiezinak dohaintzan ematea debekatzen da (113. kapitulua); eta, azkenik, beste horrenbeste ezartzen da mortis causa oinordetzan: de cuius delakoak beren ondorengoei eta, horiek egon ezean, onibarraren lerro berdinekoak diren ahaideei utzi behar dizkie oinetxeko ("abolengoko") onibarrak (104 eta 125. kapituluak). Gainera, titularra testamenturik gabe hiltzen bada, onibarrak beren jatorrizko leinura itzultzea aurreikusten da (105. kapitulua).

Aitzitik, ondasun higigarriak eta arrotzengandik eskuratutako higiezinak askatasunez xeda daitezke: ondasun horiek jabearen ondare pertsonalean sartu izana haren langintzaren emaitza gisa hartu behar denez, jabeak bere kabuz bakarrik sortutako aktibotzat jo behar da eta, ondorioz, askatasunez besterendu ditzake, hasiera batean inolako mugarik ez baitzaio ezartzen (110, 111, 133 eta 125. kapituluak, besteak beste). Arau orokor horrek, 1452ko? Foruan, salbuespen bakarra zuen, garrantzitsua ordea. Foru horren egileek, ordura arte indarrean zen zuzenbidea aldatuz, hau ezarri zuten: familiatik kanpoko pertsonengandik jasotako onibarrak lotuta geratzen dira jabearen ondorengotzara; hau da, leinutik eskuratutako ondasunak izan balira izango lituzketen muga berdinetara lotuak geratuko dira (111. kapitulua). Foru-testu berak adierazitako esapidearen arabera, dominus delakoa bere umeen aurrean luzeki lotuta egotearen arrazoia da, zehazki, xedatzeko askatasuna -ordura arte zutena, "auian por uso e costumbre- onartzeak ondorengoei egin diezaieken kaltea (gran perjuizio): onartzen da guraso orok baduela asistentzia eman beharra bere ondorengoei eta, zeregin horretan, lurrak berebiziko garrantzia baduela taldeak bizirik irauteko; horra hor, beraz, aurreikuspen "berriaren" zergatia eta funtsa.

Oraintxe aipatu diren oso antzeko premisak -seguru asko faktore sozio-ekonomiko berdintsuak izan dituztelako- topa daitezke inguruko ordenamenduetan: Iparraldean, Nafarroan edo -harantzago joanez- Aragoin, eta, beraz, lurralde horietako iturrietan. Horrela, Nafarroako Foru Orokorrak (XIV. mendea) eta Oskako (Huescako) Kodeak beren sistema juridikoa artikulatu zuten "abolorioko" higiezinak familiari atxikiz, aldi berean eskuratutako (edo "konkistatutako") onibarrak eta higigarriak xedatzeko askatasun zabala ezarriz.

Aragoiko De inmensis et prohibitis donationibus foruak baieztatzen du umeek badutela herentzia itxaroteko eskubidea, objektutzat familiako in susbstantia onibarrak dituena, eta, mortis causa xedatzeko ahalmena estutzeaz gain, inter vivos xedatzeko ahalmena ere mugatzen duena. Bere aldetik, Foru Orokorrak oinordetzari buruzko arau desberdinak ematen ditu infantzoientzat eta hirikoentzat, baina "abolorioko" onibarrak ondorengoen artean nola banatu agintzeko besterik ez (3,19,1 eta 3,19,2 kapituluak), ondasun horiek haien alde uztartuak baitaude. Aldiz, ondasun higigarriak eta "konkistatutako" higiezinak xedatzeko askatasuna zabalagoa da askoz ere; horixe ondoriozta daiteke, esaterako, Nafarroako Foru Orokorreko 1,4,2, 1,4,8, 3,19,1, 3,19,2 eta 3,20,6 kapituluetatik; hau da, abolorioko ondasunak bakarrik daude uztartuta. Orain, Bizkaiko zuzenbidearekin dauden antzekotasunak ez dira hor bukatzen, aipatutako iturri horietan, nahitaezko oinordetza sistema horrekin batera, lehentasunez eskuratzeko eskubidea ere aurreikusten baita ahaideen alde, balia dezaketena onibarrak besterentzen badira. Hala jasotzen da Foru Orokorreko III. Liburuaren XII. Tituluko 14, 15 eta 20. kapituluetan eta Aragoiko bi foruetan, izenburu berdinpean: De communi dividundo. Mapa osatzeko, gogoratu behar da ordenamendu horietan ere testamenturik gabeko oinordetza oinetxekotasun-printzipioaren arabera arautzen dela. Nafarroako Foru Orokorreko 2,4,6, 2,4,13, 2,4,26 eta 2,4,21 kapituluek joera hori dute, eta baita Aragoiko foru hauek ere:. De natis ex damnato coitu, De rebus vinculatis, De succesoribus ab intestato y De testamentis.

Beren aldetik, Lapurdiko (1514) eta Zuberoako (1520) ohiturek, "avitins" edo "papouaux" delako ondasunak mortis causa lotzea agintzen dute, kasu honetan objektua higiezinek nahiz higigarriek osatzen badute ere; hau da, aipatutako termino horiek biltzen dituzte, hala etxea bera esanahi hertsian, nola hari dagozkion pertenentziak eta aretoak, nekazaritzako tresnak, ganadua eta etxeko abereak, eta abar, beti ere horiek leinutik datozen ondasunak baldin badira. Gainera, ondasun horien gain atzera eskuratze familiarra edo gentilizioa ezartzen da, zeinaren arabera ahaideek, ondasunak bizidunen artean besterentzen diren kasuetan, horiek eskuratzeko lehentasun guztia izango duten. Aitzitik, titularrak berak eskuratutako ondasunak ("acquêts"), berriak direlako, inolako mugapenik gabe xeda ditzake jabeak. Bukatzeko, Baxenabarreko foru eta ohiturek (1681), odoleko atzera eskuratze-eskubideari buruzko eraentza berezi bat ere aurreikusi eta arautzen zuten.

Laburbilduz, aurrekari historikoen arabera, baieztatu liteke testamenturik gabeko oinordetzan jatorriz familiakoak diren ondasunak itzultzeko arau soil bat ez ezik, Pirinioetako sistema juridiko gehientsuenak argitzen zituen benetako printzipio juridikoa zela oinetxekotasuna iraganean. Horren ondorioz, ondasun horien gaineko jabetza-estatutu berezia sorrarazten zen; hau da, familiako ondasunak eskuz aldatzeko egintzetan, oro har, parte hartzeko bokazioa dute ahaideek eta horretarako zenbait eskubide, ahalmen eta botere juridiko emango zaizkie, testamenturik gabeko oinordetzaren eremutik harantzago beste eremuetan ere balia ditzaketelarik eskubide, ahalmen eta botere horiek.