Jaialdiak-Ekimenak

Nazioarteko Folklore Jaialdia. Portugalete

Jaialdiaren ibilbide luzeak euskarri sendoak ezartzeko balio izan du, eta horietan oinarritzen dira kudeaketa, antolakuntza, publizitatea, babesleak lortzea, ostatuaren kontrola edo ikuskizunaren aurkezpena, besteak beste.

Urtetik urtera, egitarau ofizialak ezarritako jarduerak gauzatzen ditugu, baina horren atzean badaude ikusten ez diren beste ekintza eta jazoera batzuk ere. Esaterako, logistika-zentroa. Asti Leku Ikastola gurean eraiki zen lehen ikastola da -Elai-Alai Elkartearen bultzadari eta ekimenari esker, jakina-, eta taldeei ostatua emateaz gain, hainbat erabileretarako gunea da: jatetxea, kirol-gunea, entsegu-lekua, etab.

Zuzendariak -Txetxu Fernandez garai batean, eta Jose Ignacio Beitia lehena eta gaur egungoa- eta haren lantaldeak (idazkariak, gidak eta beste batzuk) osatzen dute bulego operatiboa, eta urte osoan mantentzen da. Jaialdia hasi baino hilabete lehenago martxan jartzen da, eta uztailean zehar ikusten dira egindako lanen emaitzak, kale-argietan kartelak, panelak eta edergarriak jartzen hastean.

Horren adibide argi bat ekitaldiaren elementurik garrantzitsuena dugu: eszenatoki nagusia. Urtero desberdina da, eta beti alde positiboa duen arren, behin antolakuntza-lanek zoritxarreko amaiera izan zuten. 1986an, antolakuntzako bi kide lanari azken ukituak ematen ari zirela, erori eta hil egin ziren.