Jaialdiak-Ekimenak

Nazioarteko Folklore Jaialdia. Portugalete

Herrian instalatutako oholtzan eta kontratatutako gainontzeko herrietan egiten diren erakustaldiekin batera, jarduera eta ekitaldiak eransten joan dira, eta horiek guztiek Jaialdia gaur egun dena osatu dute. Saio horietako batzuk egonkortu dira, beste batzuk ez ordea.

Urtero, bertaratzen diren taldeek emandako jantziekin, apaingarriekin eta bestelako elementuekin, erakusketak antolatu dira, herriguneko Caja Laboral Popular kutxako "jarrillera" sukurtsalaren bulegoetan, orokorrean. 1999an, XXV. urtemuga ospatzeko, erakusketa etnografikoa antolatu zuten, eta, horrez gain, hainbat ekintza prestatu ziren, besteak beste: Folklore Jardunaldiak, folk musikako jaialdia, instrumentu tradizionalen erakusketa, nazioarteko xake opena eta argazki-lehiaketa, erakusketa barne.

Zenbait urtez, musika-entzunaldiak hitzartu izan dira talde gonbidatuekin. Bi urtetan, Santa Maria basilikaren barruan eman izan dira kontzertu horiek.

Aparteko aipamena merezi dute 1984 eta 1994 urteen artean egindako sei "Kultura Topaketa Tradizionalek", behin baino gehiagotan jaialdiaren beraren datekin bat etorri ez baziren ere. Halaber, hitzaldiak antolatu izan dira, folklorearen munduko intereseko gaiei eta arloei buruz, eta pertsonaia famatuak bertaratu dira hoietara, esaterako: Jose Miguel de Barandiaran, Juan Garmendia Larrañaga, Juan Antonio Urbeltz, Karmele Goñi, Ander Manterola, Claude Gaignebet eta J. Pitt-Rivers.