Jaialdiak-Ekimenak

Nazioarteko Folklore Jaialdia. Portugalete

1962an, gazte-talde batek Elai-Alai elkartea 1962an sortu zuen, diktadurak azpiratutako kultura baten nortasunarekin eta aldarrikapenarekin lotutako kezkak agertzeko beharrak bultzatuta. Horretarako, folkloreaz baliatu ziren, eta zehazki, dantza eta musika tradizionalaz.

Amélie les Bains udalerrian (Frantzian, edo, hobeto esan, herrialde horretan kokatzen den Katalan Herrietako eremuan) egindako emanaldi batean, taldeko ordezkariek ikusi zuten atzerrian mota horretako erakustaldiak horiek egiten zirela, eta gaur egun bide zabal eta emankortzat jo dezakegun ibilbideari hasiera ematea erabaki zuten.

1972an, hau da, taldea sortu eta hamar urtera, lehenengo Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatu zuen. Bertan, folklore-taldeen arteko lehiaketa egin zuten, eta Lasarteko Erketz dantza-taldeaz eta etxeko taldeaz aparte, nazioarteko bi taldek parte hartu zuten: Frantziako bat eta Irlandako beste bat.

Aitzitik, handik gutxira bertan behera utzi behar izan zituzten hasierako edizioak, orduko egoera soziala zela eta. 1976-1979 urteetan ez zen lehiaketarik egin: trantsizio politikoaren eta instituzionalaren garaia zen. Dena den, behin-behineko egoera hark jaialdia indarberritu zuen, eta gaur arte iraun du.

Areiltza Doktorearen parkean egin zituzten lehen urteetako erakustaldiak, eta Zubi-Alde kiroldegian, gero. Behinola Canillako pasealekuan ere egin zituzten, eta XXI. mendean jada, San Rokeko plaza berrituan.

Lehenengo lau urteetan, egun bakarra iraun zuten; baina, denborak aurrera egin ahala, hiru egunera luzatu zen, eta Santiago eguna (uztailaren 25ean) inguruan ospatzen zuten. Gainera, talde gonbidatuek espazio publikoetan etengabeko emanaldiak egiten dituzte, herritar guztiek jaialdiarekin zuzenean gozatzeko parada izan dezaten: elizako zelaian, eta, azken urteotan, Carlos VII.a kalean, bertan eszenatokiak muntatzen baitira. Azken horiek Euskal Telebistan igortzen dituzte, aurrez grabatuta.