Kontzeptua

Minueto - Alkate Soinua

Hala ere, Txistulari aldizkariko bigarren garaiko lehen sei mila partituren orrietan, 1955 eta 1998 artean agerturik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), kontuan hartu gabe suite, rapsodia eta beste obra luzeagoetan sartuta daudenak, aurkibideetan berrogeita zortzi minueto -horrela dago izendatuta kategoria- agertzen dira, errepertorio orokorraren %2,1 suposatuz. Hauei gehitu behar zaizkie beste hogeita hamar alkate-soñu, portzentaia orokorrean orduan 3,4 izanik. Izan ere, azken urteotan, Jose Inazio Ansorena bereziki ahalegindu da bi kategoria hauek ezberdintzeko, eta berriro izendatu ditu alkate-soñua etiketarekin protokolozko erabilera nabariena zituen minueto batzuk, hala nola Txistulari aldizkariaren 142 alean, 1990rean argitaratuta, eta erabat eskainita protokolozko eginkizun horretara. Nahiz eta argi egon kopuru hau ezin dela konparatu beste genero batzuenekin, hala nola biribilketena, zortzikoena, fandangoena edo arin-arinena, bere garrantzia duela ere adierazlea dela uste dut.

Azken garai honetan, alegia, musikagile oso garrantzitsu batzuek txisturako konposatu dituzte obra batzuk genero hain anakroniko honetan: inportanteenen artean aipa ditzakegu Jesus Guridi (Mendiko soñuak), Tomas Garbizu (Euskal suitea I), Jose Olaizola (Erriko jaietan), Jose Maria Gonzalez Bastida (Iduriak eta Kito), Luis Urteaga (Sari bila), Jose Uruñuela (Sonatina baska), Eduardo de Gorosarri (Alborada en tres tiempos), edo Rodrigo A. de Santiago (Barakaldo'ko atzo, atzo, Cuatro piezas características vascas, Erandio Goikoa, Gasteiz, Iruña, Música vasca 1972, Sonata de las Encartaciones, Sonata en fa eta Txango).

Gaur egun, beraz, XVIII. mendeko Europako dantzarik agian zabaldu eta famatuena mantenzen da gaur egun Euskal Herrian, modu bitxi eta berezko batean, eta neurri oso handi batean txistulariei esker. Anakronismo hau oso ongi adierazi zuen Leocadio Hernández Ascuncek 1949 inguran Nafarroako Foru Aldundiak erabiltzen zuen minuetoari buruz, bere kentzea logikoa suposatuz dotoretasun gogorarazlerik ez zuelako, ez bere antzinatasunagatik ez bere erritmoagatik (Huici, Martinena eta Sagaseta 1987:66). Anakronismo hau agian bai txistuaren errepertoriak XVIII. mendean musika eruditoaren jasandako eraginaren bai txistularien protokolozko erabileraren garrantziaren adierazlerik hoberena da. Eta bi ezaugarri hauek paregabeak dira Europa osoan.