Konposatzaileak

Guridi Bidaola, Jesús

Konpositorea, organista, zuzendaria eta irakaslea. Gasteizen jaio zen, 1886ko abuztuaren 25ean; Madrilen hil zen, 1961eko apirilaren 7an.

Familian musikari ugari izan zituen inguruan, bai Guriditarren partetik, bai eta Bidaolatarren artean ere; honako hauek bereziki azpimarratzekoak dira: bere birraitona Nicolas Ledesma organista eta konpositorea, Luis Bidaola eta Francisco Javier Guridi aitonak, hauek ere organistak, eta Celestina Ledesma konpositorea eta irakaslea. Bere aitak, Lorenzo, biolina jotzen zuen eta bere amak, Trinidad, pianoko irakaslea izan zen.



Bilbon ikasi zuen Sainz Basabe musikari sasi gasteiztarrarekin. Handik lasterrera familiak Zaragoza eta Madrilera alde egin zuen. Madrilen, hamaika urte zituela, hainbat musika lan xume idatziak zeuzkan eta Garcia Soler baritonoak horien berri izan zuen. Horrek Valentin Arin gipuzkoarrarekin armonia ikastera animatu zuen. Sainz Basabe eta Lope de Alaña biolin jotzailearen bitartez, "El Cuartito" izeneko Bilboko filarmonikoen talde berezian ezagutzera eman zuen bere burua. Talde horretan berak landutako hainbat konposizio jo zituzten eta gerora konposizio horiek Leipzig-eko Quatorce morceaux bilduman sartu zituzten, Breitkopf and Hartel-ek argitaratua alegia. Bizkaiko hiriburuan XX. mendearen hasieran ospatu ziren Lore Jokoetan, musikari honek Placido Allende saria erdietsi zuen Txalupan konposizioagatik, kantu eta pianorako doinua. 1904an, Zubiriako kondearen babesa izanik, Parisera jo zuen ikastera, bertako Schola Cantorum zentroan. Honako maisu hauekin ikasi zuen: Grovlez (pianoa), Decaux (organoa), Sérieyx (konposizioa) eta D'Indy (kontrapuntua eta fuga). Parisen Resurreccion Maria de Azkue eta Jose Maria Usandizaga ezagutu zituen eta handik aurrera lagun minak izan ziren, hirurek ideal bera baitzeukaten, antzerki liriko handia lantzea alegia. Parisetik Belgika aldera jo zuen Jongen organistarekin ikasteko eta gero Koloniara, Otto Neitzel maisuarekin instrumentazioa lantzeko asmoz.

Bilbora itzuli zenean berak jada ospe handia zeukan eta aldi berean kultura mundua eraberritze prozesuan murgilduta zegoen, neurri handi batez "El Cuartito" taldeak berak sustatutako prozesua izanik. Konposizioa lantzeaz gain, irakasle gisa aritu zen eta organoa ere jo zuen Juan Santuen elizan lehendabizi eta Santiago Deunaren basilikan jarraian, azken horretan bere aurretik Nicolas Ledesma eta Luis Bidaola ere aritu zirelarik. 1909an Asi cantan los chicos lana ezagutzera eman zuen, haurrentzako hiru pieza pianoa eta haurren korurako idatzia. Gero orkestrarako ere moldatu zuen eta horrela bere katalogoko lanik garrantzitsuenetakoak bilakatu ziren. "El Cuartito" taldearen esfortzuari esker honako hauek sortu ziren: Elkarte Filarmonikoa, Bizkaiko Musika Akademia eta Kontserbatorioa eta, horren sustapenari esker ere, euskal operaren sorrera ikusi genuen.

Bilboko Koru Elkarteak, Aureliano Valle zuzendari zuelarik, euskal opera lanak sustatzea erabaki zuen. Ordura arte arrakasta handirik gabeko saiakera batzuk eman ziren. Jose Power-en aginduz, Koru elkarteko presidentea alegia, oso hiru lan garrantzitsu burutu ziren, horietako biren kasuan egileei ospea ekarri zielarik: Usandizagaren Mendi-Mendiyan eta Guridiren Mirentxu. Arrakasta eta gizartean erdietsitako bereizkuntzari esker konpositorea Bilboko kultura munduan funtsezko pertsonaia bilakatu zen; horrela, sortu berria zen Euskal Artisten Elkarteko batzorde eragileko kide ere izan zen eta 1911n Bilboko Koru Elkarteko zuzendari izendatu zuten. Postu horretan zegoela, Guridik euskal abesbatzetarako musika ezagutzera emateko lan eskerga burutu zuen. Hainbat herri kanten armonizazioa bideratu zuen eta horien artean bereziki azpimarratu behar dira Cantos populares vascos bilduman ageri diren hiru serieak. Aldi berean, beste euskal opera lan handia idazteari ekin zion, eta azkenean Amaya sortu zen, 1920an arrakasta handiz estreinatu zelarik.

Federico Romero eta Guillermo Fernandez Shaw-rekin batera, 1926an El Caserio estreinatu zuen eta zarzuelak konposatzeari ekin zion, esaterako, La Meiga, La Cautiva, Mandolinata, La Bengala edo Peñamariana. Bestelako lan sinfonikoak ere konposatu zituen. Gero Una aventura de Don Quijote olerkia idatzi zuen, 1915ean Madrileko Arte Ederretako Zirkuluak antolatutako lehiaketan bigarren saria eskuratuz (lehen saria hutsik geratu zen). Jarraian beste pieza hauek konposatu zituen: Leyenda Vasca, En un barco fenicio, Sinfonía pirenaica, Homenaje a Walt Disney eta orkestrarako idatzi zuen lanik ezagunena, Diez Melodía vascas alegia.

Konpositore honen lanen artean ahotserako musika piezak ere baditugu, Seis canciones castellanas azpimarratu behar delarik. Era berean aretoko musika jorratu zuen, harirako bi laukote idatziz, eta organoarekin lotutako lanak aztertuz gero, honelakoak utzi zizkigun: Tríptico del Buen Pastor, Variaciones sobre un tema vasco eta hainbat obra. Izaera pedagogiko aparta duelako bereziki aipa dezakegu Escuela española de órgano lana. Zinerako prestatutako lanak eta piano bakarlarirako egindako piezak ere esanguratsuak dira (Danzas viejas, Ocho apuntes, Diez melodías vascas, Lamento e imprecación de Agar, eta abar).

Madrilen El Caserío estreinatu eta gero, Guridi han bertan bizitzen geratzen da, Errege Kontserbatorioan organorako irakasle postua eskuratuz. 1956ean Kontserbatorioko zuzendari bilakatu zen eta San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako kide izendatu zuten.

MSA