Kontzeptua

Minueto - Alkate Soinua

Hau guztiak, halere, ez du zerikusi handirik Euskal Herriarekin. Juan Antonio Urbeltzek (1989: 93-97) erakutsi izan du ezagutzen dugun minueto zaharrenetariko batek, Jean Baptiste Lully-k eginda, antza handia duela euskal Idiarena doinu ezagunarekin, eta jakina, euskal musikagile batzuek ere minuetoak konposatu zituzten. Minuetoa ere, noski, dantzatu zen Euskal Herrian, eta Bergarako Mintegian erakutsi zen klase altu ilustratuaren gazteentzat. Hala eta guztiz, bere interpretazioa arrunta izan behar zen euskal giroan, bestela ezin baita ulertu nola Iztuetak minuetoarekin hain zuzen irekitzen duen bere Gipuzkoako dantza gogoangarriak liburu famatua alcate soñua deituz (1824:48). Hasiera famatu horretan, izan ere, garaiko dantza arruntenei euskarazko izenak jartzen dizkie. Nahiz eta bere hitzetan izen hauek lenago zituzten izen egoki chit berenkiekin izan (asieraco zortzicoa, saltocacoa, andre-en deieco soñua, vizcai soñua, saltarinchoa), nekez aurkituko ditugu liburu honetatik kanpo, salboespen bakarra Alkate soinua hau izanik hain zuzen ere.

Dirudienez, Iztuetak ezberdintzen ditu bi genero hauek. Bere narratibari segitzen badiogu, euskal dantza zaharrak ahazten ari ziren. Horregatik Gaurco-agunean Guipuzcoan arkitzen-diraden dambolin-otsakindari-gazte guzien-artean ezda iñor-ere dakienic, ez alcate soñua ez saltarincho bat (1824:110) Hori dela eta, lerro batzuk geroago azaltzen duen bezala, Alboradac-ematera dijoatzenean, issil issilic aurkeztuco-dirade eche-atarian: non asico-duten Inglaterraco minue, edo mindue, eta bucatuco-dute Franziaco balsakin edo atsekin.

Hala ere, bere liburuan askotan berak sinonimotzat jotzen dituen hitzak zentzu ezberdinetan erabiltzen dira: euskarazko izenak jartzen ditu euskal dantza zahar eta garbiak adierazteko, eta erderazkoak dantza arrotz eta zikinei buruz mintzatzeko. Beraz, ezin dugu ziurtatu minuetoa eta alkate-soinua bi genero ezxberdin zirela Iztuetaren garaian. Haien doinuen koadernoan, hala ere, eta beste kasu askotan ez bezala, Iztuetak eta Albenizek alkate soinu bat utzi ziguten (1826:46-47). Adibidea bitxia da ezagutzen ditugun minuetoen aldean: konpasa 3/4koa izanik, doinua oso kantagarria da eta esaldiak, hau bai bitxia, ez zortzi, ez hamabi, ez hamasei konpasekoak, hamarrekoak baizik. Hitzek ere morroi batenak dirudite, eta ez litzateke batere arraroa Iztueta bera haien egilea izatea (Ormaechea 1931), horietan bere helburua (1824:62)

soñu señalatu errespetuoso au entzutean, plazan arkitzen dan jende guzia oroitzen-da Jaungoicoarekin Erregueren izenean jarriric-dagoen errico-buruzari andientsuaren aguintza indartsuaz.

Hona hemen hitz osoak:

Alkate jauna, bedori / ezagutzen dugu agintari. / Jostaldiatu nahi genduke /bedorrek atsegin baluke, / nahierara ta garbi. / Inori ez gaitzik egin / izan ez nezakean min: / atsekaberik ez eman niri: / jostatu zaitezte emeki / herria pozkida dadin.

Ez dugu, tamalez, garai honetako danbolinteroen beste minueto batzuen partiturarik. Halere, aski argi dago, Aurelio Sagasetak egiten duen bezala (Huici, Martinena eta Sagaseta 1987), Nafarroako Diputazioa -orain Gobernua- San Frantzisko Xabier egunean elizatik ateratzeko jotzen den minuetoa XVIII. mendeko erdialdeko estilo adeitsuan sar daitekeela. Bere bi esaldi karratuk hamaseina konpas dituzte, bigarrena trioa izanik eta lehen esaldiaren errepikapenarekin bukatzen da. Beraz, partitura hau, Marcha y Minueto para la entrada del Reyno izenekoa, da, dudarik gabe, Euskal Herrian minuetoaren protokolozko erabilpenaren gailurra. Eta alde batetik hau ulertzekoa baldin bada, bereziki minuetoaren zerikusi aristokratikoari ereparatzen badiogu, beste aldetik oso bitxia da bere irautea gure artean, Europako beste herrietan ematen ez baita.