Dantza

Loinazko San Martin Ezpata-Dantza

Dantza hauen inguruan oso garai zaharretako usadio-egiturak mantentzeak bihurtzen ditu altxor. Iizan ere, nahiz eta aldaketa batzuk izan, funtsean, hauek antolatzeko eta egituratzeko modua gorde da. Denboran zehar batere etenik ez ezagutu izanari zor zaio ziur aski, Gerrate Zibilaren bitartean eta ondoren ere dantzan egiteko ohiturak bizirik jarraitu baitzuen.

Loinazko San Martinen prozesioa XVII. mendearen bigarren erdi aldian egiten hasi bazen ere, ezpata-dantzari dagokion berririk zaharrena 1808koa da, urte horretan prozesioan ezpata-dantzariak egon zitezen agintzen duen udal-agiriak erakusten duen moduan. Garai horretan, gipuzkoar herri askoren antzera, Beasainen ere ezpata luzeko ezpata-dantza taldeak osatzen ziren tarteka, ospakizun berezietan, 1828ko eta 1830eko Errege-familiaren bisitei esker dokumentuetan jasota dagoen bezala.

Aipatzekoa da, besteak beste, 1878 eta 1879 urteetan gutxienez, Jose Antonio Olano dantza-maisu eta Juan Ignacio Iztuetaren dizipulu sonatua izan zela beasaindar dantzari hauen prestaketaren arduraduna. Harrez geroztik, Udalak kontratatu eta ordaintzen du dantza-maisua, eta horrelaxe eutsi zaio gaurdaino. Egun, Xabier Sarriegi "Paxatxo" da ardura horren erantzule, Jose Sarriegi aita zenaren lekukoa hartuta.



Hainbeste urteko ibilbidean ikusi ahal izan ditugun eraldaketen artean, dantzarien adinari dagokiona da deigarriena: garai batean 18-24 urteko gazteak izaten zirenak, gaur egun 7-13 urteko haurrak izaten baitira.

Baieztatu eta zehaztu ezin dugun beste aldaketa bat, ezpata luzeak alboratu eta partaide guztiak ezpata-txikiko dantzari bihurtu zirenekoa da, hau baita gaur egun ezagutzen dugun taldekako ezpata-dantza bakarra, non taldeko dantzari guztiek ezpata-txikiak dantzatzen dituzten.

Agurra

Herritik kanpora ere izan dituzte Beasaingo dantza hauek hainbat agerraldi historian zehar. Dokumentu idatzi eta grafikoen bidez jasota dago gutxienez 1897 urtean, beasaindar ezpata-dantzari txikiak Donibane-Lohizuneko Euskal Jaietan parte hartu zutela, arrakasta handiz gipuzkoar aurresku, ezpata-dantza eta brokel-dantzak dantzatuz. Ehun urte beranduago, 1999an Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak ezpata-dantza eta banderaren agurra bere errepertorioan jaso zituen eta herritik kanpoko hainbat ekitalditan ere erakusten hasi zen.