Dantza

Loinazko San Martin Ezpata-Dantza

Ezpata-dantzari taldea 13-16 dantzariz osatu ohi da gehienetan. Buruzagia kokatzen da aurrean, ezpatarik gabe, eskuan banderatxodun buruzagi-makila duela. Beste 12-15 dantzariak hiru ilaratan banatzen dira, zapi zuriz atondutako bina ezpata txikirekin. Janzkera honako hau izaten da: galtza zuri motzak belaun azpirainokoak, alkandora zuria, jaka edo "txaketila" urdin iluna, galtzerdi zuri luzeak, alpargata zuri zinta gorridunak, txapela, gorbata eta gerriko gorriak.

Dantza

Dantzaren egikera koreografikoak, nahiz eta Gipuzkoako ezpata-dantzen egitura bera izan eta musika bera erabiltzen duen, baditu bere berezitasunak. Lehen boastitzean ez da hankarik altxatzen; tarteko zortzikoan erabiltzen diren urratsak gaur egun nagusi den gipuzkoar dantzaeratik zertxobait aldentzen dira, ziurrenik garai bateko herriko dantzaeraren hondarrak txertatuak dituelako; eta azken ezpata-jokoa ere, ezagutzen ditugun beste ezpata-dantzekiko ezberdina da, besoen jokoan eta bi aldeetara begira burutzen diren mugimenduetan.