Dantza

Loinazko San Martin Ezpata-Dantza

Beasaingo Loinazko San Martin santuaren prozesioari lotutako ezpata-dantza hau herrian gorde den altxor bat da bere horretan. Udalaren enkarguz dantza-maisuak urtero-urtero egiten du deialdia herriko gaztetxoen artean, eta aste batzuk aurretik dantzarako prestatu ondoren, Loinatz jaietan egiten den prozesioaren partaide izaten dira santuari lagunduz eta hainbat bider bere aurrean dantzatuz.

Aipagarriak dira bide batez, protokoloari berari lotuta egiten den banderaren agurra eta hurrengo egunean herriko plazan dantzari berberek dantzatu ohi duten "dantzasoka" edo "aurreskua".