Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Francisco Franco hil ostean, 70eko hamarkadako azken urteetan eta 1980ko hamarkadan merkataritzari zegozkion jarrerak zehaztu ziren. Mugimenduaren prentsak azken urratsak eman zituen eta hartako izenburu guztiak desagertu egin ziren, baita horietan errentagarriena ere, hots, Donostiako La Voz de España. hura La Voz de Euskadi bihurtu zen. Horrek euskal prentsaren zerumugan izandako presentzia iragankorra erakusten du, gerora, Eusko Alkartasunaren ahots izan zen Gaur Express argitalpenarekin gertatu bezala. Testuinguru horretan, La Gaceta del Norte ere desagertu egin zen eskuin-muturreko joera hartu baitzuen (1986an, EA alderdiaren zatiketaren unean, EAJ alderdiarekin lotutako izen-mailegatzaile batzuk baitaratu zutenean guztiz desagertu zen) eta bi egunkari nagusitu ziren: El Correo Español-El Pueblo Vasco (egun El Correo) Bizkaian eta Araban, eta El Diario Vasco Gipuzkoan. Beranduago, dagoeneko 1990eko hamarkadan, Espainiako beste hedabide batzuetako Euskal Herriko edizioak agertu ziren (El Mundo, El País, Marca eta El Mundo Deportivo, azken biak kirol-prentsari lotuak).

Dagoeneko euskara batua onartu da erregistro estandar modura. Erlijio-aldizkari batzuk, esate baterako, Anaitasuna, Goiz Argi edo Zeruko Argia newsmagazin bilakatu ziren. 1980an, kaputxinoek goran aipatutako azken astekariaren kontrola kooperatiba baten eskuetan utzi zuten, Argia argitaratzen hasi zena, egun ezagutzen dugun moduan. 1983an Anaitasuna desagertu egin zen eta, aldi berean, ildo politiko oso ezberdin eta zehatzeko informazio-aldizkariak sortu ziren: Punto y Hora de Euskalherria, Garaia, Ere... Guztiak gaztelaniaz kaleratu ziren euskarari tartetxo bat utzita. 1977an bi egunkari berri sortu ziren, biak nazionalistak (moderatua bat, ezkerrekoa bestea), Deia eta Egin. Dena den, horietan euskarak oso gutxitan hartzen zuen edukiaren %10 baino gehiago. Beste euskal egunkari batzuetan euskararen presentzia are urriagoa da.

Euskarazko irrati eta telebista bat sortzea euskara hutsean idatzitako egunkari bat sortzea baino premiazkoagotzat jo zen. 1982an, Autonomia Estatutua lortu ondoren, Eusko Irrati Telebista sortu zen legez. Irrati eta telebistako hainbat kate barneratzen zituen: Euskadi Irratia euskaraz emititzen zen, Radio Euskadi eta Radio Vitoria gaztelaniaz; telebistari dagokionez, ETB euskarazko kate gisa sortu zen, baina 1986ko maiatzaren azken egunean, ezustean, bigarren kate bat emititzen hasi zen, ETB-2 katea, hain zuzen, gaztelania hutsean. 2008-2009 urteetan, beste bi kate gaineratu ziren eta www.eitb24.com webgunea abiarazi zen.

Euskara hutsean idatzitako egunkari bat sortzeko premiaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzak, Jose Antonio Ardanza buru zela, CIES enpresari merkatu-ikerketa bat egiteko eskatu zion eta, aldi berean, lan-baldintza jakin batzuk betetzeko baldintzapean, egunkari itxura zuten astekariak argitaratzeko diru-laguntzak eman zituen. Deia eta Egin editatzeaz arduratzen ziren enpresek jaso zituzten laguntza ekonomikoak eta Eguna (1937ko aleetako zenbakikuntzari jarraiki) eta Hemen argitaratu zituzten, hurrenez hurren. Aitzitik, Argia editatzeaz arduratzen zen enpresak ez zuen diru-laguntzarik jaso. Bi horiek 1986ko irailean eta 1990eko irailean argitaratu ziren, hurrenez hurren. Donostiako El Diario Vasco egunkariak indarra hartu zuen Zabalik argitaratuta.

Merkatu-ikerketaren arabera, soilik euskarazko egunkari bat sor zitekeen arrakastaz. Egunkaria Sortzen plataforma pribatua sortu zen eta, bitartean, Eusko Jaurlaritza berezko proiektua egituratzeko ahaleginetan murgildu zen. 1989-1990 artean bien arteko lehia izan zen, baina 1990eko abenduan lehenengoa gailendu zen. Historia guztian euskaraz argitaratutako bigarren egunkaria Euskaldunon Egunkaria izendatu zen. Eusko Jaurlaritza haserre zegoen eta, hasiera batean, diru-laguntza oro ukatu zuen; dena den, euskal sozialistek abiarazitako ekimen bati esker, beranduago laguntza jasotzea erdietsi zen.

Hurrengo urteetan giro politikoa gaiztotu egin zen eta horren ondorioz Egin itxi egin zen erabaki judizial batek eraginda (Gara egunkariak ordezkatu zuen; euskarak oraindik oso presentzia urria du) eta 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zen. Urte hartako udan Berria sortu zen itxitakoaren ordez (behin behinekoz eta bitartean Egunero izenburuak hartu zuen itxitakoaren lekukotza). Gaur egun, oraindik euskarazko egunkari bakarra dago, Euskal Herria osoan hedatzen dena, nahiz eta beste batzuk ere agertu diren, tokikoak eta doakoak, tokian tokiko Hitza egunkariak, hain zuzen. Azkenaldian bestelako proiektu edo merkatu-ikerketa batzuk abiatzeko aukeraz hitz egin den arren (esate baterako, El Diario Vasco editatzen duen enpresaren inguruan), oraindik ez dago beste egunkaririk. Gainerakoek euskararen erabilerari dagokionez portzentaje aldakorrak azaltzen dituzte, nekez gainditzen delarik eduki osoaren %15a.

Javier Diaz Noci