Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Inprimatzaile oso gazte batek (orduan 16 urte baino ez zituen) izan zuen Euskal Herriko lehen egunkari modernoa argitaratzeko ohorea, hain zuzen, Ignacio Maria Barojak. XIX. mendean zehar probintzian argitaratutako egunkari asko eta asko ekoitzi zituen Gipuzkoako familia liberal ezagun bateko kide izan zen Ignacio eta, besteak beste, Pio Baroja idazlea familia horretakoa izan zen. Papeleta de Oyarzun da lehen egunkari hori, ziurrenera 1813ko irailean edo urrian argitaratzen hasi zena, Frantziak San Martzialen porrota ukan eta Penintsula utzi eta gutxira. Egunkaria 1814ko maiatzaren 19ra arte kaleratu zen gutxienez. Formatu txikiko eta orrialde urrikoa zen, bi eta lau orrialde bitartekoa azal erdira argitaratua. Hala ere, horregatik ez zaio zor zaion garrantzia kendu behar. Mugan izandako liskarren berri ematen zen, hala, primiziak emateko parada aprobetxatzen zuen eta gerora Euskal Herriko egunkari nagusienetan berrargitaratzen zen albistea. Horrez gain, gertutasuna aprobetxatuz, Espainiako hiriburuko egunkari batean ere, hain zuzen, La Abeja Madrileña delakoan, berrargitaratzen ziren albiste horiek. Hala ere, ez ziren bestelako informazioak alboratzen, esate baterako, Gipuzkoari buruzko albiste laburrak edo merkataritza edo prezio "oharrak".

Urte berekoak dira (1813) Bizkaiko eta Arabako herritarrek libreki egindako lehen bi egunkari modernoak: El Bascongado Bilbokoa eta El Correo de Vitoria, Arabako hiriburuan argitaratua. Bi egunkari horiek liberal taldeek idatzi zituzten eta kazetaritza-politiko bat eraikitzeko nahia antzematen da orriz orri, Europako beste herrialde batzuetan zegoen kazetaritzara hurbiltzeko ahalegina; horretarako, orduantxe, 1812ko Konstituzioan, ezarri zen inprimatzeko askatasuna (laburra) baliatu zuten. Fernando VII itzuli zenean, ordea, biak desagertu egin ziren eta orrialde horietako sortzaileek jazarpena pairatu zuten. Horien artean tokiko burgesiako pertsonaia ospetsuak zeuden eta baita udalerrietako edo foruetako funtzionarioak ere. Hori da Jose Aldamaren kasua, El Correo de Vitoria egunkariko erredaktoreetako bat izan zena eta, gerora Arabako Aldizkari Ofizialaren lehen zuzendari izan zena. Liberal sutsu hura matxinada herrikoi batean erail zuten. Edozein modutan ere, Papeleta de Oyarzun, El Bascongado eta El Correo de Vitoria egunkariek liberalez osatutako nukleo batzuk egon bazeudela frogatzen dute, ziur aski txikiak izan arren aktiboak izan zirenak.

Permisibitate handiena zegoen garaia baliatuz Euskal Herrian hainbat egunkari sortu ziren 20eko hamarkadan. Donostian hainbat solasaldi antolatu ziren eta horien ondorioz sortu zen El Liberal Guipuzcoano (1820-1823) egunkaria. Halaber, muga gertu zegoenez, erbesteratuen prentsa ere sortu zen, esate baterako, Gaceta de Bayona (1828-1830) eta, gero, hura ordezkatu zuen Estafeta de San Sebastián. Bilbon beranduago sendotu zen prentsa. Hala ere, garai horretan dagoeneko baziren zenbait titulu adierazgarri: El Verdadero Patriota, La Atalaya de la Libertad edo El Patriota Bilbaíno, besteak beste. Halaber, Espainiako prentsa ere irakurtzen zen: Madrileko egunkari ofizialak, zenbaitetan, Euskal Herrian berrinprimatu egiten ziren.