Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

1990eko hamarkadaren erdialdera hedabide berri bat agertu zen: internet. Euskal hedabideak oso berandu barneratu ziren Sarean, hala eta guztiz ere, El Diario Vasco egunkariak 1995ean edizio digitala izan zuela nabarmendu behar da. Egiaz, euskal merkatu digitala 2000. urtera arte ez zela sendotu esan daiteke. Gaur egun, ez dago hedabiderik interneteko bere bertsioa ez duenik.

Aitzitik, euskarazko tokiko argitalpenen merkatua oso indartsu dago, batez ere Gipuzkoan: milurteko berriaren hastapenean 60 inguru zenbatzen ziren. Aitzindaria, 80eko hamarkadan, Arrasate Press izan zen (1988an hasi zen argitaratzen, zehatz-mehatz). Gaur egun, tokiko irrati eta telebista ugari dago. Bestalde, elkarketak eta taldeak eratzen dira: hori da Goienkaria astekariaren kasua, Deba Garaiako hainbat tokiko aldizkariren eta Goiena.net informazio-atari digitalaren arteko elkarketaren ondorioz sortutakoa. Horrez gain, pixkanaka euskarazko tokiko egunkariak sortu dira, hori da eremu bakoitzeko Hitza egunkariekin gertatu dena: Oarsoaldeko Hitza Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian (Gipuzkoa); Urola Kostako Hitza (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia, Zarautz eta Orio, aurrekoa bezala Gipuzkoan); Irutxulo-Donostialdeko Hitza, Donostiakoa; Tolosaldeko Hitza, Tolosako eskualdekoa; eta Goierriko Hitza, Ordizia, Beasain, Legazpi edota Zumarragan (besteak beste), Gipuzkoa barnealdean.

Euskarazko komunikazioan, egun, era guztietako hedabideak daude, nahiz eta oraindik egoera ona izatetik urrun den. Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikako idazkariak adierazten duenez, "Berria aparte utzita, euskara soilik Gara egunkarian (%19,6) eta Deia egunkarian (%6,1) kokatzen da %5aren gainetik. Egunkarietan euskarak hartzen duen tartea (Berria barne) %11,6koa da orotara. Euskarak egunkarietan hartzen duen tokia ale-kopuruari so neurtzen badugu, euskarak hartzen duen tartea are apalagoa dela ikusiko dugu, zalantzarik gabe (batez beste %6,4 Euskal Herrian). Eta kontsumoari so neurtzen badugu, batez bestekoa %6koa baino ez da Euskal Herrian".

Euskarak irratian duen ahotsari dagokionez, %16,4koa dela kalkulatzen da. Euskadi Irratia (konbentzionala) eta Euskadi Gaztea (gazteei begira sortutako irrati-formula) dira irrati-etxe nagusiak, biak EITB entitate publikoaren baitakoak. Jakina, badira beste hainbat eta hainbat tokiko edo eskualdeko irrati-etxe programazio osoa edo zati bat euskara hutsean garatzen dutenak.

Ekialdeko Euskal Herrian, batez ere hiru dira programazioa euskara hutsean emititzen dituzten irrati-etxeak: Xiberoko Boza (Maule), Irulegiko Herri Irratia eta Gure Irratia, azken biak Baionan lekutuak. Idatzizko hedabide modura, oraindik Herria astekaria da garrantzitsuena.

Hedabide guztiak orokorrean hartuta, hala idatzizkoak nola ikus-entzunezkoak, euskararen erabilera oso urria dela ikus dezakegu. Telebista da euskaldunek gehien erabiltzen duten bitartekoa: %85ak informazio-iturri gisa bitarteko hori erabiltzen duela aitortzen du; euskarazko katea, ETB-1, %9,9k ikusten du. Telebistaren atzetik irratia kokatzen da, EAEko biztanleen %57,7k aukeratzen du informazio-iturri hori; soilik %6,8k entzuten du irratia euskaraz, Euskadi Irratia edo Gipuzkoako Herri Irratia. Azkenik, ia euskaldunen erdiak eguneroko prentsa irakurtzen duela ziurtatzen du (%49,8); hala ere, euskarako prentsa %2,8k baino ez du hautatzen (Berria). Kasu guztietan, portzentajeari so, euskarazko audientzia gehien azaltzen duen lurraldea Gipuzkoa da: telebista nabarmentzen da, izan ere, gipuzkoarren %18,1ak euskaraz ikusten duela aitortzen du.