Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Agintari errepublikanoek lehenengo eta Eusko Jaurlaritzak, gero, bultzatu zuten konfiskatze politikaren eraginez, ordura arte hedabideetan presentzia handiegirik ez zuten talde politikoak agertokian agertzen hasi ziren gero eta gehiago. Hala, adibide batera, Euskadiko Alderdi Komunistak egunkari bat (Euzkadi Roja) eta astekari bat (Erri) argitaratu ahal izan zituen. Gipuzkoan erresistentziak hilabete batzuk iraun zituen eta garai horretan argitaratu zen Frente Popular egunkaria. Dena den, matxinatuek lurraldea bereganatu zutenean hainbat argitalpenek ateak itxi behar izan zituzten eta erregimenaren begikoak baino ez ziren zabalik geratu. Araba ere altxamenduak hartu zuen 1936ko uztailaren 18an. Dorao familiaren La Libertad egunkariak ahal zuen bezala eutsi zion erasoari, baina, falangistek berehala hartu eta desagerrarazi zuten. El Pensamiento Alavés izan zen zabalik geratu zen egunkari bakarra. Baina bazen beste hedabide garrantzitsu bat: Radio Vitoria.

Matxinatuen tropek menderatu gabeko euskal eremuan (hau da, finean Bizkaian soilik) lehen euskal Autonomia Estatutua aplikatu ahal izan zen. Lurralde horretan gerrarekin lotutako hainbat aldizkari sortu ziren, esate baterako, Gudari. Revista Gráfica Semanal de Euzko Gudaroztea. Gerra garaiko euskarazko kazetaritzarekin lotutako beste ekimen askotan gertatu bezala, gorako argitalpen hori Esteban Urkiaga Lauaxetari zor zaio, hura baitzen berriki sortua zen Eusko Jaurlaritzaren eta hedabideen arteko harremanak bideratzeko ardura zuena. Halaber, Urkiaga izan zen, euskarazko paperik eza eta matxinoen aldeko tailer eta bulegoak eskuratzeko parada ikusita, 1937ko urtarrilaren 1ean Euzkadi egunkariko euskarazko sekzioa egunkari bilakatu zuena. Oso-osorik euskaraz kaleratzen zen lehenengoa izan zen hura: Eguna. Ezagutzen dugun Eguna egunkariaren azken alea 1937ko ekainaren 13koa da. Denbora gutxira, tropa "nazionalak" Bilbon sartu ziren eta Eusko Jaurlaritza atzerrira mugitu behar izan zen. Lehenik eta behin, artean errepublikanoen aurkako tropen mende ez zeuden Estatuko lurretara. Hori izan zen lehenengo euskal autonomiaren amaiera. Bizirik jarraitzen zuten erregimen berriaren aldeko ez ziren euskal kazetari gehienek erbestera jo zuten. Hego Euskal Herrian, aldiz, giroa ez zen aproposegia: Bigarren Mundu-gerra lehertzear zen eta euskarazko egunkari nagusia, hasiera batean, Espainiako gerrako matxinoen (Mola jeneralaren tropek Gernikako arbola "zaintzen" ari zirela ere adierazi zen bertan) eta nazien alde jarri zen, azken horiek Frantzian sartu zirenean. Eusko Jaurlaritzak Euzko Deya argitaratu zuen Parisen, gaztelaniaz eta frantsesez; beranduago, izenburu bera hartuta, beste egunkari batzuk kaleratu ziren Londresen, Mexikon eta Hego Amerikako beste hiri batzuetan.

Agintari berriek euskarazko edozein adierazpen debekatu zuten. "Estatu berriak" gaztelaniaz hitz egiteko betebeharra ezarri zuen "Espainiar, mintzatu espainieraz" lemapean. Horrenbestez, ezinezkoa zen euskaraz egunkari, aldizkari edo libururik argitaratzea; eta sermoiak eta gutunak ere ezin ziren hizkuntza horretan eman.

Javier Diaz Noci