Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Euskarazko kazetaritza nahikoa berantiarra da Europako gainerako zonaldeekin alderatuz gero (batez ere, euskararen lurraldea osatzen duten estatuetan ekoizten denarekin alderatuz: Frantzia eta Espainia). Kazetaritza arloan XVIII. mendean euskaraz ezagutzen den ekimen bakarra 1766an kaleratu zen ezohiko aipamena da, Baionan argitaratu zena eta frantsesera itzuli zena. Jaun Dauphin cenaren eritassouneco errelacionea zen aipamen haren izenburua eta erregearen aitaren heriotzari buruzkoa da. Jean Fauvert-Duhartek argitaratu zuen, hau da, gerora Frantziako okupazioan kazeta ofizialak argitaratu zituen inprimatzaileak.

Independentzia Gerran zehar argitaratu ziren Ipar Euskal Herrian lehenengo egunkari modernoak. Gaztelaniaz eta frantsesez. Napoleon Bonapartek beti pentsatu izan zuen prentsaren bidez eragina areagotu zezakeela, hori dela eta, Espainiako eta, batez ere, Euskal Herriko iritzi publikoan eragin asmoz egunkari bat argitaratu zuen, Gipuzkoako muga zeharkatuz Penintsulan barneratu zena. Gazeta de Comercio, Literatura y Política de Bayona de Francia zen bere izenburua eta 1805-1808 bitartean argitaratu zen.

Penintsula inbaditu ostean, Frantziako agintariek Baionan hainbat albiste-orri argitaratzeari ekin zioten. Normalean Noticias de España/Nouvelles de Espagne, izenburua izaten zuten orri horiek. Hasiera batean bi hizkuntzatan argitaratzen ziren bi zutabetan (gaztelaniaz eta frantsesez), beranduago, ordea, soilik gaztelaniaz kaleratzen ziren.

Inbasioaren ondoren euskal eremuan ekoitzitako egunkariei dagokienez, hauek aipatu behar dira: La Gazeta de la Corte, Benito Zubia frantsestuaren ekimenez 1808ko abuztuaren 23an argitaratzen hasi zena, eta 24. aletik aurrera, 1808ko azaroaren 11tik aurrera, La Gazeta de Vitoria izena hartu zuena, biak Arabako hiriburuan argitaratuak; horiez gain, Gazeta de Oficio del Gobierno de Vizcaya, ibilbidea 1810eko apirilaren 2an hasi zuena; azkenik, Nafarroan Gazette de la Navarre aipatu behar da, berehala Gazeta Oficial de la Navarra izango zena. Kazeta horiek guztiak frantsesez eta, batez ere, gaztelaniaz argitaratu ziren. Euskararen arrastorik ez.

Javier Diaz Noci