Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Hizkuntza-aurreiritziak hizkuntzari buruzko uste orokortuak dira, beste modu batean esanda, ez-adituen hizkuntzalaritza. Uste orokortu horien eragina garrantzi handikoa da ondorio sozialak izaten dituztelako (Jesús Tusón, 1996). Amorrortu eta besteren hitzetan

"hainbat talde baztertzeko bestelako aurreiritzien isla izan daitezke, eta, gainera, euskararen testuinguruan garrantzitsuagoa dena, aurreiritziok elebitasun edo eleaniztasun egoera sustatzeko sano kaltegarriak izan daitezke, hizkuntza txikiari eustea edo ikasteko ahalegina egitea oztopatzen dutelako" (Amorrortu eta beste, 2009: 155).

Hizkuntza-aurreiritzia: hizkuntza edo aldaera zehatz baten inguruan orokortu diren uste edo sinesteak.

Aurreiritziek balio-judizio bihurtzen dira egitate diren ala ez kontuan izan gabe eta hizkuntzetatik hiztunenganako jauzia egiten dute.

Aurreiritziek jarreretan dute eragina, eta mesedegarriak edo kaltegarriak izan daitezke.

Tusónek dioenez, balio-judizioek sortzen dituzte hizkuntzekiko aurreiritziak, hau da, egitate-judizio neutroak izatetik norberaren esperientzian, eta esperientzia kolektiboan oinarritutako judizioetara igarotzen dira, norberaren gustuan edo jasotako heziketan oinarrituta. Hizkuntzen inguruko ideiak, iritziak edota judizioak norbanako guztiengan daude. Baina aztertu behar da judizio horiek egitateak diren ala ez, eta nola, sarri, oinarri faltsuetan finkaturik balio-judizio bihurtzen diren. Kontuan hartu beharreko lehen datua: hizkuntzen inguruko iritziak norberaren hizkuntza abiapuntutzat hartuta garatzen dira. Beraz, izatekotan ere, norberaren hizkuntzarekiko iritziak lirateke, ez berezko egitate-judizioak. Beraz, aurreiritziek norberaren argazkia proiektatzen dute eta horien bitartez, munduaren eta pertsonen inguruko jarrerak eratzen dira. Egile horren iritziz, publiko egiten duguna gara, bereziki esaten duguna (Tusón, 1996: 18), eta aurreiritzi horiek jokaerak baldintzatuko dituzte.

Gainerako kasuetan bezala, hizkuntzekiko aurreiritziek balio positiboa edo negatiboa izan dezakete: gustuko dut/ez dut gustuko, ederra/itsusia, erraza/zaila... Hizkuntzen jarreretan gertatu ohi den modura aurreiritzi horiek ez dute eragiten objektuen gainean soilik; alderantziz, objektu edo gai jakin horrekin lotura duten gizaki edota giza taldeengan islatzen diren proiekzioak dira, eta hor sortzen dira benetako arazo etikoak (Tusón, 1996: 19).

Tusónen arabera, hizkuntzen inguruko aurreiritziak honako taldeetan bil daitezke, besteak beste:

  • Hiztun-kopuruaren arabera: bereizketa kuantitatiboa eginez, hau da, hiztun-kopuru handia/txikia.
  • Kalifikatzaile subjektiboen arabera: goxoak, ederrak, argiak, errazak...
  • Egokitasunaren arabera: kultura-hizkuntzak, nazioartekoak, literaturarako egokiak, lege-testuetarako aproposak, maitasunerako ezin hobeak, zientzia eta teknologiarako goi-mailakoak, sentimenduak adierazteko bereziak, turismorako baliagarriak edo lan-mundurako ezinbestekoak.

Sailkapena baliatuz, hizkuntzak eta hiztunak balioarekin edo balio-ezarekin lotzen dira. Horrela, sarri, ezaugarri ez hain positiboekin bat datozenak kalifikatzaile negatiboekin uztartuko dira. Eta, horrela,

"hizkuntza komunikaziorako tresna neutroa, pentsamenduaren adierazpide eta pertsona inteligentziadun izaki modura finkatzeko elementu nagusi izatetik, dominazio zutoihal eta suntsitze-tresna izatera hel daiteke" (Tusón, 1996: 25).

Francisco Moreno Cabrerak ere hizkuntzekiko aurreiritzien inguruko lan sakona egin du mitoen, aurreiritzien eta beste topikoen oinarri faltsuak agerian jarriz. Babelgo madarikaziotik abiatuta (munduko aniztasuna Jainkoaren zigorra delako ideia) egungo mito ugari desmitifikatu ditu.

9. taula: Hizkuntzen inguruko mitoak, aurreiritziak, topikoak
(Juan Carlos Moreno Cabrera, 2000)
Hizkuntzen jatorrien ingurukoak: hizkuntza primitiboetan gramatika oso gutxi garatuta dago edo ez dago garatuta.
Hizkuntzen hiztun-kopuruen ingurukoak: hizkuntza handiak (hiztun-kopuru handikoak) eta txikiak (hiztun-kopuru txikikoak) daude. Hizkuntza jakin batek hiztun-kopuru txikia badu, ikasteko oso zaila delako da. Zenbat eta hiztun-kopuru handiagoa, hainbat aberatsago eta perfektuagoa izango da hizkuntza.
Estatua, nazioa eta hizkuntza estandarra: hizkuntza estandarra gainerako aldagaiak baino hobea, perfektuagoa da. Hizkuntza-aldaera ez estandarrak ezegonkorrak, kultura gabekoak eta pobreak dira. Gainera, ez dute gramatikarik; beraz, ez dira zuzenak.
Hizkuntza errazak/zailak: hizkuntza errazak aisa hedatzen dira; hizkuntza zailak ez. Hizkuntza zailetako hiztunek hizkuntzak ikasteko gaitasun handiagoa dute. Hizkuntza batzuen sintaxia oso pobrea da. Hizkuntza batzuek irregulartasun asko dituzte.
Hizkuntza-aldaerak eta gizarte ospea: elkar ulertzeko hizkuntza bera hitz egitea beharrezkoa da, are gehiago, hizkuntza-aldaera bera. Goi-mailako giza taldekoek behe-mailakoek baino hizkuntza-maila hobea darabilte. Hizkuntza estandarra egon ezean kaos komunikatiboan erortzeko arriskua agertzen da.
Ama-hizkuntzaren ingurukoak: ama-hizkuntza bakarra da eta ez da inoiz ahazten. Ama-hizkuntza hobekien hitz egiten dena da.
Hizkuntza eta lexikoa: hizkuntza primitiboek ez dute abstrakziorako gaitasunik, ez eta egungo gizarte aurreratuetako ezagutzak adierazteko baliabiderik ere.
Hizkuntza idatzia/hizkuntza-aldaera: hizkuntza-aldaerak hiztunen zabarkeriaren ondorio dira; kode idatziak hizkuntza goi-mailakoa bihurtzen du ez dutenen aldean; kode idatzirik gabeko hizkuntzek ez dute literaturarik.

Joan Mari Torrealdaik (1998) bere aldetik, mendeetan zehar izandako euskararen inguruko hainbat aurreiritziren eta debekuren lekukotasun-bilduma oso interesgarria eskaini du. Euskara, frantsesa eta gaztelaniaren inguruko hainbat aurreiritziren isla diren lekukotasunak biltzen ditu 3. taulak.

10. taula: Euskara, frantsesa eta gaztelaniaren inguruko hainbat aurreiritzi
(Joan Mari Torrealdai, 1998)
Euskaran ez dira pentsamendu modernoak sartzen (Pio Baroja) (1901).
Euskara ez da gai kultura adierazteko (Miguel de Unamuno) (1901).
Euskara modernizatzea ahalegin absurdoa da (Miguel de Unamuno) (1901).
Euskaraz ezin da unibertsaltasunez pentsatu (Miguel de Unamuno) (1920).
Euskal grafiak hizkuntza espainola bortxatzen du (Bizkaiko eta Gipuzkoako Gobernadorearen Agindua) (1936).
Espainola hitz egitea planta on eta dotorezia-kontua da (Luis de Galisonga) (1937).
Euskara aberriaren minbizia da (Luis Antonio de Vega) (1937).
Euskal izenak ergelkeria separatista dira (Luis Antonio de Vega) (1938).
Espainola kultura-hizkuntza bakarra da (Jaime Oliver) (1939).
Frantzia handian euskara txikiarentzat lekurik ez da (Georges Pompidou) (1972).

Euskararen inguruko aurreiritzietan sakontzeko, argigarria da Amorrortuk eta bestek (2009) eginiko azterketa ere. Lan horretan aurreiritzi mesedegarriak eta oztopatzaileak aztertu dira.

11. taula: Euskararekiko hainbat aurreiritzi mesedegarri eta oztopatzaile
(Amorrortu eta beste, 2009)
Euskararen ezaugarrien ingurukoak: hizkuntza ederra da. Zaila da. Euskalduna izateko ondo hitz egin behar da.

Euskararen etorkizunaren ingurukoak: galtzear dago. Euskarak arrosa koloreko etorkizuna du.

Ikastearen ingurukoak: umeek erraz ikasten dute euskara. Helduentzat oso zaila da. Heldu batzuk ez dira gai euskara ikasteko. Murgiltzea da euskara ikasteko metodo bakarra.

Hizkuntzei buruz oro har: hizkuntza bi jakinda askoz errazago ikasten dira beste batzuk. Hobe da denontzat hizkuntza bakarra egotea. Lehen hizkuntzan ikasi behar da arrakasta akademikoa izateko.

Elebitasunaren ingurukoak: elebitasun indibidualik ez dago; ezinezkoa da elebidun izatea.

Jokabide sozialaren ingurukoak: heziketa txarrekoa da denak euskaldunak ez badira euskaraz berba egitea.

Egileen arabera, aurreiritzi mesedegarriek euskararekiko irudi ideala islatzen dute, honako adierazpideekin emanak: euskara hizkuntza aberatsa, egitura berezikoa eta xehetasun-maila handikoa da. Aurreiritzi horiek, zalantzarik gabe, jarrera positiboak garatzeko bidea ematen dute.

Baina Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak izeneko ikerketa honetan nagusitu diren aurreiritziak oztopatzaileak dira. Esate baterako, euskara ikastea oso zaila delako iritzia oso zabaldua dago, eta horrek konplexuak sortzen ditu. Adinarekin hizkuntza ikastea oso zaila delako aurreiritzia elkartzen da sarri aurrekoekin, eta, beraz, ondorio oso kaltegarriak ditu euskara ikasteko orduan. Izan ere, zailtasunez gain, ondo hitz egin beharrak asko mugatzen du egin beharreko eginahaletan inplikatzea (Amorrortu eta beste, 2009: 173). Horri gehitu behar zaio euskal gizartean hedatu diren jarrera arauemaileek sortzen duten ziurtasunik eza; ikertzaileek ondorioztatu dute jarrera arauemaileek ez dutela inolako mesederik egiten erdaldunen jarrerak euskararen aldeago jarri nahi izanez gero.

Beste arrazoi-sorta bat biltzen dute ikerleek euskararen sustatze-lanaren ondorioz sortu diren hainbat aurreiritzi oztopatzaileren inguruan. Izan ere, euskara galtzear egotearen aurreiritziaren parean, euskara galtzeko arriskutik etorkizun ziurra izango duen egoera batera berez igaroko delako ziurtasuna dute hainbat eta hainbat lagunek. Aldaketa hori, nonbait, egindako (eta egiten diren) suspertze-ahaleginen ondorioz gertatuko da. Ikertzaileek arrosa koloreko etorkizuneko egoera bezala definitu duten aurreiritzi hori oso kaltegarria izan daiteke, euskararen aldeko ekimenak sustatzeko nahia ahuldu dezakeelako.

Nolanahi ere, uste orokortuak biztanleria ia eremu guztietan atzematen dira, eta euskaldunengan ere agerikoak dira: euskaldun berrien euskara-maila oso kaxkarra da; zaharrek txokokeriak erabiltzen dituzte baina ez euskara jasoa, eta gazteek euskañola egiten dute. Beraz, aurreiritziek hiztun-talde ia guztiak ukitzen dituzte. Jarrera ezkorrak eta euskararen erabilera sustatzeko oztopatzaileak sortzeko oinarria jarrita dago, beraz.