Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Jarrerak konfiguratzeko orduan biltzen diren aldagaiak identifikatzea izan da jarreren inguruko ikerketen helburu nagusietako bat. Hainbat ikertzailek faktore genetikoen eragina azpimarratu izan dute (Robert Baron; Donn Byrne, 1998), baina ez dago, itxuraz, adostasun nahikorik aldagai horren eraginaren inguruan. Hala ere, Lasagabaster-ek (2003) biltzen duen moduan, honako faktoreen eraginaren inguruan badago adostasun nahikorik:

  • Gurasoen eragina: Robert Gardner-ek (1985), Ignaci Vilak (1998) eta beste ikertzaile ugarik azpimarratu dute gurasoen jarreren eragina seme-alabek izango duen jarreran. Eragin hori bikoitza izango da: batetik, gurasoek rol aktiboa izango dute seme-alabengan sostengu eta pizgarri moduan; bestetik, rol pasiboa, euren hizkuntza-jarrerak biltzen dituena, bai hizkuntza ikasterakoan, bai hizkuntza hori hitz egiten duten hiztunenganakoa.
  • Eskolaren eragina: hizkuntzen ikasketetarako jarreren eraikuntzan irakasleen eragina ikaskideena eta eskolarena ere kontuan hartzekoak dira. Komunikabideen eragina ere garrantzizkoa da, batez ere telebistarena; ez soilik jarreren eraikuntzan duen garrantziagatik, baita horiek aldatzeko duten rolarengatik ere, batez ere, pertsuasioaren edo limurketaren bidetik.
  • Bestelako eraginak: egoera fisiologiko iragankorrek (adina, osasun egoera...), esperientzia zuzenek, erakunde sozialek eta erlijioek ere zer esana dute jarreren eraikuntzan (Lasagabaster, 2003: 7).

Colin Baker-ek jarreretan eragina duten aldagaien eredu bat proposatu du galeseraren inguruko ikerketa bat oinarri hartuta. Ereduaren arabera, hizkuntza-jarreran eragiten duten oinarrizko aldagaiak generoa, adina, hizkuntza-esperientzia, eskola-mota, eta kultura-testuingurua dira.

Jarreretan eragiten duten aldagaien arteko harremanen eredu orokorra sinplifikatua (Baker, 1992).

10. irudia