Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Hizkuntzen inguruko ikerketetan ondorioztatu denez, ukipenezko egoeretan hizkuntza bat erabiltzeko, alde batera uzteko edo ikasteko orduan eragina duten jarrerek gutxienez bi dimentsio dituzte: integratzailea eta instrumentala.

Jarrera integratzaileek ikuspegi soziala eta pertsonen arteko elkarrenganako eragina islatzen dituzte. Esan daiteke hizkuntza jakin batekiko jarrera integratzaileak lotura duela hizkuntza horrekiko atxikimenduarekin, edo hiztun-komunitate horrekiko edo talde horren kultura-adierazpenekiko identifikazio-mailarekin. Martí eta bestek (2005) diotenez, komunitate elebakarretan jarrera integratzaileak nagusi direnez, hizkuntzarekiko eta komunitatearekiko afektuzko sentipenak sortzen dira; elebitasun- edo eleaniztasun-egoeretan, alabaina, gatazka sor daiteke, identitateen arteko tentsioak sortzen direlako (Martí eta beste, 2005: 298).

Jarrera instrumentalek hizkuntza edo aldaera horretan hitz egitearen ikuspegi pragmatikoa adierazten dute; hizkuntza edo aldaera bat onura ekonomikoarekin edo gizarte-mailan promozio aukerak handitzearekin lotzen bada, hizkuntza horrekiko jarrera instrumentalak garatuko dira. Ohikoak dira jarrera horiek, esate baterako, bigarren hizkuntza bat ikasteko orduan. Hizkuntza gutxituen kasuan, mantentzeko aukera egon daiteke hizkuntza horrek estatusa ematen duen neurrian, arrakasta soziala edo pertsonala izateko aukera handitzen bada, edota oinarrizko ziurtasuna eta biziraupenerako aukera indartzen badira (Baker, 1992: 32).

Jarrera integratzailea: hizkuntza horretako erkidegoaren parte izateari edo izan nahiari erantzuten dio. Hizkuntzen identitate-emaile izaeran ere adierazten da, baita atxikimendu-sentimenduarekin ere.

Hizkuntza-erkidegoaren parte direnen eta izan nahi dutenen joera adierazten du.

Jarrera integratzailea motibazio sinbolikoarekin lotzen da, eta jarrera izanarazle modura ere definitu izan da euskal tradizioan.

Jarrera instrumentala: hizkuntza edo aldaera zehatz hori hitz egiteak dakartzan onurak kontuan hartuz, horren alde ekiteko joera. Onura horiek ekonomikoak edota sozialak izan daitezke.

Jarrera instrumentala motibazio pragmatiko modura ere ulertu ohi da, arrakasta motibazio edota truke-ordaineko jarrera modura ere definitzen da.

Euskararen kasurako Iñaki Martínez de Lunak hiru motibazio-iturburu bereizten ditu (Martínez de Luna, 1996: 48): motibazio sinbolikoa, Euskal Herriko partaide izateari lotua; arrakasta-motibazioa, gizartearen elite sozio-ekonomiko eta politikoen hizkuntza-ereduari jarraitzeari lotua; eta ezaguna den motibazio pragmatikoa.

Arrakasta-ereduen balio-sistemen irudia. Unibertso sinbolikoa (Iñaki Martínez de Luna, 1996).

11. irudia

Martínez de Lunak aurkezten duen ereduaren arabera, motibazioen eragina hizkuntza-eremuan agertzen da; inguruneko baldintzek motibazio pragmatikoak sortzen dituzte eta horiek hizkuntza-eremuan erabakigarriak dira. Mendeko hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko prozesuak aurrera eramateko, abiatzean maila goreneko edo indar handieneko motibazioak behar dira (adibidez, Motibazio Sinboliko-I), batez ere inguruneko baldintzak hizkuntza horren kontrakoak badira. Kasu horretan, motibazio sinbolikoak oztopo hori gainditzeko adinakoak badira eta, indartsu irauten badute (Motibazio Sinboliko-II), hizkuntza ikasi edo erabiltzeraino heltzea posible izango da. Euskarari dagokionez, kasu askotan motibazio sinbolikoak ez dira nahikoa inguruneak ezartzen dituen baldintza eskasak gainditzeko. Egoera horietan, ikas-prozesuari ekin eta eusteko zein erabilerarako ahaleginek porrot egiten dute.

Arrakasta-motibazioei buruz esan daiteke Euskal Herriko elite gehienen hizkuntza-eredua erdara izan dela eta oraindik ere horixe dela. Beraz, arrakasta-ereduaren aldetik ez da motibazio arrakastatsurik sortu. Sozialki arrakasta-ereduko hizkuntza erdara denez, euskarak eragin horren aurka egin behar du (Martínez de Luna, 1996: 50).

Nekane Larrañagak Euskal Herri osoko gaztetxoen jarreren bilakaeraren azterketa egin zuen 1991tik 1999ra bitartean. Horretarako gazteek euskarari buruz idatzitako idazlanetan oinarritu zen. Bertan, euskararekiko bi jarrera-mota bereizi zituen: jarrera izanarazlea (jarrera integratzailea) eta truke-ordaineko jarrera (edo instrumentala). Lehenaren arabera, euskara norbere izateari edo izan-nahiari lotuta agertzen da honako iritziei lotuta: Euskara gure hizkuntza da, euskaldun egiten gaitu, hizkuntza zaharra da, mantendu beharreko tradizioa da, Euskal Herriaren izaera eta oinarria hizkuntza da... Truke-ordaineko jarreraren arabera, aldiz, euskara ikasiz gero zerbait jasoko da, esate baterako, lana topatzeko, ikasketetarako nahiz komunikaziorako baliagarria izango da...

Biak jarrera positiboak izan arren, lehenak eraginkorragoak direla ondorioztatu du ikertzaile horrek euskararen aldeko jokaerak (jokaera positiboak) aurreikusteko orduan (Larrañaga, 1992: 249).

Ikerketa honen emaitzetan bada azpimarratzeko ondorio bat: euskal gaztetxoen euskararekiko joerak denbora-tarte horretan berdintsuak izan arren, trukerako jarrera indartu egin da, hau da jarrera instrumentala garrantzia hartzen ari da denboran zehar. Gainera, azpimarratzekoa da, jarrera izanarazleek indar handiagoa dutela iparraldean EAEn eta Nafarroan baino, eta alderantziz, truke-ordaineko baliorik handienak EAEn jaso direla, eta txikienak Iparraldean (Larrañaga, 2006: 252).

Jone Miren Hernándezek eginiko Euskal Herriko gazteen jarreren ikerketaren ondorioetan ere, jarrera instrumentalaren indartzea antzeman da.

8. taula: Euskal Herriko gaztetxoen euskararen aldeko eta kontrako jarrerak
(Jone Miren Hernández, 2000)
EUSKARAREN ALDEKO JARRERAKEUSKARAREN AURKAKO JARRERAK
LEHENEuskararen ezagutza: gure hizkuntza daEuskararen ezagutza: existitzen ez den hizkuntza da
Euskararen erabilera:
- Hurbileko komunitatean integratzeko baliagarria da
- Egunerokotasunean
Euskararen erabilera: hizkuntza mugatua da
Euskararen inguruko motibazioa: izaera eta izateko erari lotuta dagoEuskararen motibazioa: baliorik gabeko hizkuntza da
ORAINEuskararen ezagutza: ikuspuntu pragmatikoa, identitarioa, kulturala duEuskararen ezagutza: inposatua, onartua, errealitatean kokatua da.
Euskararen erabilera: pragmatikoa, militantea, egoera eta funtzio zehatzei lotuta dagoEuskararen erabilera: funtzio gutxiko hizkuntza da, eskolan ikasitakoa, gustukoa ez dena, erabiltzen ez dena, nahikoa ikasten ez dena...
Euskararen inguruko motibazioa: kulturala, politikoa, gizabanakoa, komunitarioa, pragmatikoa duEuskararen inguruko motibazioak: biolentzia eta politikari lotua dagoen hizkuntza da, arraroa, sentitzen ez den hizkuntza...

Euskararen inguruko diskurtsoak aztertu ondoren, 1. taulan ageri denez, euskararen aldeko jarrerak, lehen, motibazio integratzailearekin identifika zitezkeen bereziki, honako adierazpideen bitartez emanak: Gure hizkuntza da, hurbileko komunitatean integratzeko baliagarria da, izaerarekin lotura du. Aldiz, gaur eguneko balioetan ikuspegi pragmatikoa agerian jarri da.

Aurkako jarreretan euskara ukazioarekin lotzen zen lehen (ez da existitzen, edota existitzen bada, erabilera mugatukoa edo baliorik gabekoa da). Gaur egun, aldiz, euskararen ezagutza nabarmen zabaldu da, eta aurkako jarrerak bestelako ezaugarri negatiboekin adierazten dira: inposatua da, eskola-hizkuntza da, gustukoa ez den hizkuntza da, menderatzen ez dena, biolentzia edo politikarekin erlazionatzen dena... (Hernández, 2000: 67).

Beraz, bi joera nagusi ageri dira: euskararen inguruko sentimendu positiboak adierazten duen aldeko jarrera eta aurkakoa. Nolanahi ere, Hernándezek azpimarratzen du bi muturren arteko aldea gaur egun lehenagokoa baino txikiagoa dela; jarrera horiek continuum batean kokatzen direla, alegia. Halaber, kontuan izan behar da gazte gehiagok ezagutzen dutela euskara, baina ezagutzaren zabaltze horrek hiztunen motibazioetan aldaketak eragin dituela: euskara ezagutu arren ezagutza hori inposatua delako sentimenduak nabarmentzea, hizkuntza politizatuta dagoelako ideia agertzea edo sentitzen ez den hizkuntzatzat hartzen dela dioten adierazpenak jasotzea aldaketa horien lekuko dira.

Aipatu aldaketa oso agerian geratzen da EAEko gazteen euskararekiko jarrera ezberdinak aztertzerakoan. Euskara eskolan ikastearen ondorioz ezagutza asko zabaldu da, baina ezagutza-tipologia desberdinak eragin ditu:

"Euskararen hedatze-prozesua ziurtatu da baina, ezagutza behar bezala finkatzea lortu ez denez, euskararekiko motibazioetan eta euskararen erabileran izugarri antzematen da aldaketa: ikaste-prozesua era ezberdinetakoa izan daitekeenez, euskararen erabilerak eta euskararekiko sentimenduek forma asko har ditzakete eta, horrela, anbiguotasuna bultzatu. Hortik sortzen dira gaur egungo kontraesan nagusiak: euskara jakin bai baina erabili ez, euskara ondo jakin ez, baina motibazio altua adierazi, euskararekiko motibazio altua izan, baina euskara ikasi ez (Hernández, 2000: 79).

Horiez gain, ohikoak diren arrazoiak ere ematen dituzte gazteek euskara ez erabiltzeko. Horien artean honakoak azpimarra daitezke: ezagutza-maila nahikoa ez edukitzea, ingurune gaztelaniadun bat izatea (familia, lagunartea, auzoa, hiria...), ohiko harremanetan ezarritako ohiturak eta euskarak ematen duen marka ekidin nahi izatea, besteak beste.

Euskararen marka identifikatzerakoan, euskara caseroa-rekin (baserritarra), gazte borrokarekin, edota gazte jatorraren (mendizaleak, kirolzaleak, kulturazaleak...) irudiarekin lotzen da. Aldiz, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemana aukeratzerako orduan ematen dituzten arrazoiak honakoak izan ohi dira: Horiek hizkuntza handiak eta boteretsuak dira, hiritarrak, konplexuak, irekiak, zabalak eta aukera ugari ematen dutenak. Euskara, aldiz, hizkuntza txikitzat, sinpletzat, mugatutzat edo gatazkatsutzat hartzen dute gazte horiek (Hernández, 2000: 81).

Nafarroan, erabileraz gain, euskararen ezagutza zabaltzea da kezka iturri berezia. Hala ere, euskaraz dakiten gazteek hizkuntza hori ez erabiltzera bultzatzen dituzten arrazoien artean antzekoak izan ohi dira: ingurune hurbila gaztelaniaduna izatea, ingurunearen presioa, ohiko harremanetako ohitura, euskarak ematen duen marka ekidin nahi izatea... Izan ere, Nafarroan, euskaraz hitz egiteak marka nabarmenagoa uzten du; hizkuntzarekiko konpromiso eta atxikimendu berezia adierazten du, eta, sarri, konpromiso hori zentzu politikoan ulertzen da.

Gazte nafarren artean euskara dakitenek eta euskara defendatzen dutenek beren identitatea euskarari oso lotua dute. Esan daiteke, beraz, motibazio integratzaileak nagusitzen direla eremu horretan. Alabaina, sarri, erabilera bigarren maila batean kokatzen dute, eta horretarako aurkitzen dituzten arrazoiak maila sozialekoak dira gehiago, maila pertsonalekoak baino. Bestalde, jakin ez arren, euskara defendatzen dutenak ere ugari dira. Talde horietako kideek ere, hizkuntza identitatearekin lotzen dute, baita konpromiso politikoarekin ere, abertzaletasunarekin. Azkenik, euskara bitartekaritzat dutenak ere badaude, motibazio pragmatikoak bultzatuta euskara ikasteko grina dutenak.

Euskal Herriko Iparraldeko euskararen inguruko jarrerak ezagutzeko interesgarria da Erramun Baxokek eginiko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren irakurketa (Bachoc, 2008).

Baxoken iritziz euskararen aldeko motibazioa, Iparraldean, nortasun kolektiboan bilatu behar da, motibazio integratzailean, beraz. Eremu horretan, gehiengo handi batek bere burua euskalduntzat dauka, bereziki euskara dakitenen eta bertan sortuak direnen artean. Kontuan izan behar da hemen biztanleriaren gehiengo handiak nortasun bikoitza duela adierazten duela: euskalduna eta frantsesa. Beraz, Iparraldean, gehiengo handi batentzat biak izango dira etorkizuneko hizkuntzak; euskara eta frantsesa.

Erramun Baxokek inkestatuen jarrera ondorioztatu du Inkesta Soziolinguistikoak jasotako iritzietako erantzun baikorrak eta ezkorrak aztertuz. Euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeari buruzko erantzunetan bildutako datuen arabera, populazioaren % 41,2 euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak dira. Kontuan izanda, inkestaren arabera, elebidun eragileek eta hartzaileek populazioaren % 31 osatzen dutela, agerian geratzen da euskararen aldeko jarrera dutenak euskaraz dakitenak baino askoz gehiago direla (Bachoc 2008: 74), eta horiengan ere, motibazioa integratzailea nagusitzen dela. Euskararen aldeko jarrera sorlekuak baldintzatzen duela ikusi du, gainera; bertan sortutakoek jarrera baikorragoak dituzte Euskal Herritik kanpo sortuak direnek baino. Bestalde, ikusi ahal izan da euskararen sustapenaren inguruan jarrera baikorrenak, esate baterako, barnealdean daudela.

Euskara sustatzeko jarrerak adinaren arabera aztertzerako orduan, Baxoken azterketan nabari da nagusiek jarrera aldekoagoa agertzen dutela gazteek baino, eta hor jartzen du Baxokek bere arreta, hain zuzen ere: Gazteengan motibazioa sustatzen ez bada, hizkuntza-politikak ez du luzaz ondorio eraginkorrik emanen (Bachoc, 2008: 76).

Barne-motibazioa: norbanakoaren barnean norbere uste, afektu eta nahietatik sortzen den motibazioa da.

Kanpo-motibazioa: norberarengandik at dagoen presioa dela-eta garatzen den motibazioa da.

UNESCO Etxeak erdaldunen euskararekiko aurreiritzien eta jarreren inguruko ikerketa egin du (Amorrortu eta beste, 2009). Azterketa hori abian jarri zuten aipatu diren bi dimentsioak kontuan hartuta, hau da, dimentsio integratzailea eta instrumentala. Nolanahi ere, ikerketak berak eraginda, beste dikotomia-ardatz bat erantsi zioten. Dikotomia hori barne-motibazioek eta kanpo-motibazioek osatzen dute. Barne-motibazioak norbanakoaren barnean sortzen direnak dira, norbere uste, afektu eta nahietatik. Kanpo-motibazioak, norberarengandik at dagoen presioa dela-eta heltzen direnak dira. Gakoa da presio horrek nolako erantzunak eragiten dituen jakitea, kontuan hartuta presio hori desagertzerakoan erantzuna ere desager daitekeela (Amorrortu eta beste, 2009: 35-36). Hau da, adibidez, kanpo-motibazioak eremu jakin batean euskara erabiltzea eragiten badu, hau da, kanpoko presioak, nahikoa izan daiteke presio hori desagertzea eremu horretan euskaraz hitz egiteari uzteko.

Ikertzaile horien esanetan, barne-motibazioak zein kanpo-motibazioak balio integratzailea eta instrumentala izan ditzakete.

Ikerketaren alde kualitatiboak eman dituen emaitzen artean honako ideiak nagusitzen dira:

  • Euskararen balio instrumentalari dagokionez: euskarak ez du, izatez, balio instrumentalik, batez ere ingelesarekin alderatuz gero, baina azken hiru hamarkadetan balio instrumentala irabazi du. Balio hori handiagoa da lan-esparru jakinetan, irakaskuntzan esate baterako. Euskararen errekuperaziorako balio instrumentalak garrantzi handia du baina ez da nahikoa. Zaindu behar da balio instrumental horren handitzea kanpoko presioaren eraginez soilik ez izatea.
  • Euskararen balio integratzaileari dagokionez: euskarak badu norbanakoaren eta gizartearen nortasuna eraikitzeko balioa, hau da, euskal gizartean integratzeko balioa. Baina garbi dago euskara jakin gabe euskal lurralde osoan bizi daitekeela. Horren inguruan bi mundu egoera modura definitu duten kategoria agertzen da. Horren arabera, mundu bakoitzaren mugak euskararen ezagutzak jartzen ditu. Gerta daiteke bi munduko egoeran bizi den pertsona egoera horretaz ez ohartzea; euskararen mundu bat dagoela ohartzea eta ontzat ematea edota euskararen mundua dagoela onartuz ere, mundu horri urduritasunez eta gaitzespenez begiratzea.

Alde horretatik, esan daiteke ikerketa honek Hernándezek gaztetxoen hizkuntzekiko jarreren ikerketan ondorioztatu zuen antzeko ideia baieztatu egiten duela. Ikertzaile horrek dioenez:

"Euskal Herria eta bere hizkuntza-errealitatea zatituta agertu da historikoki bi talde ezberdinetan. Talde bakoitzak mundu bat osatzen du. Mundu homogeneoa, globala, autonomoa eta beste taldearengandik urrundua. (...) Zatiketa horrek bi hizkuntza-komunitate ezberdin nabarmentzeaz gain, bi unibertso ezberdinen existentzia azpimarratzen du" (Hernández 2000: 61-62).

Aipatzen ari garen Amorrortuk eta bestek buruturiko ikerketa berean Bai-bainako jarrera duten pertsona-taldea ere definitu da. Ikertzaile horiek honela definitu dute talde hori:

"Euskararekiko eta euskararen aldeko hizkuntza-politikari buruzko jarrera ez sutsua edo ez-grinatsua duten lagunak dira. Ikertzaileen hitzetan pertsona horiek iritzi-sorta konplexu eta zehaztua dute, zenbaitetan iritzi kontrajarriak dituzte eta euskararen aldeko konpromiso-maila epela. Euskararen alde jarreraren inguruko mailakatzean jarrera kritikoetatik iraganez, aurka kategoriara doan continuum batean kokatzen dira" (Amorrortu eta beste, 2009: 185).

Esan daiteke (eta azpimarratzekoa da) euren euskararekiko jarrera ez dela aurkakoa, aldiz, euskararen aldekoak bai, baina ñabardura edota muga zehatzekin.

Bai-bainako jarrera: euskararekiko eta euskararen aldeko hizkuntza-politikari buruzko aldeko jarrera ez sutsua edo ez grinatsua da. Iritzi-sorta konplexu eta zehaztua, zenbatetan kontrajarria ere bai.

Talde honen aipua hona ekartzearen arrazoia, ikerleek eurek emandako hitzetan aurkitzen da:

"Jarrera epeleko pertsonak bereziki interesgarriak dira euskararen normalizaziorako (...). Jarrera epela edota konplexua dutenek, rol aktiboa joka dezakete euskararen normalizazioan, modu eta maila desberdinetan" (Amorrortu eta beste, 2009: 185).

Talde honetako kide gehienek honako ezaugarri nagusiak dituzte: ez-euskaldunak dira, hizkuntza nagusia gaztelania den ingurune soziolinguistikoan bizi dira eta euskararekin harremanetan dagoen mundua ezezaguna edo erabat urruna delako pertzepzioa dute.

Ikerketak emandako emaitzen arabera talde honetako kideek aitortzen dituzten euskararekiko jarrerak, oro har, aldekoak edo positiboak dira; ez dute zalantzan jartzen euskara babestearen eta mantentzearen aldeko ahalegina egin beharra, baina mugak jarri behar direla deritzote. Ondorengo zehaztasunak egiten dituzte ahalegin horren inguruan:

  • Hizkuntza-plangintza gaietan hainbat muga zehatz jartzen dute: lanpostu-lehian ez dute onartzen euskarak berezko baliorik edo betekizuna izatea.
  • Hizkuntza-plangintza desberdintasun soziolinguistikoak kontuan izan gabe egiten delako pertzepzioa dute, eta ez dute onartzen. Hizkuntza-politika, egitekotan, desberdintasun horiei egokitutakoa egin behar dela deritzote: Ez da berdin Barakaldo edo Zeanuri.
  • Inposizioaren pertzepzioa. Funtsezko adostasunaren eta norbanakoaren erabakia errespetatu beharra azpimarratzen dute. Azken finean zera diote: Euskarari lagundu bai baina ezin dela inposatu.

Halere, ikerketak ondorioztatu du parte hartu duten biztanleen erdia baino gehiago (% 55,5) euskararen mundutik hurbil sentitzen dela. Eta honelako ideiak azpimarratu dituzte:

  • Gainera, gehienak, gutxienez, seme-alabek euskara ikas dezaten ahalegina egiteko prest daudela aitortu dute.
  • Euskara ikasteko edo euskaraz mintzatzeko motibazioei dagokienez, barne-motibazioak nabarmentzen dira: jakin-mina, errespetua eta seme-alabei lagundu nahi izatea.
  • Kanpo-motibazioen artean emaniko arrazoietan motibazio integratzaileak ere agertzen dira: nire kide guztiek dakitelako, bestela, arraroa naizelako moduko adierazpenetan azalduta. Baina sarri "inposaketa" modura ere hartzen dira, lehen esan bezala.

Atal hau amaitzeko esan dezagun azken urteetan gero eta azterlan gehiago egiten ari direla Euskal Herriko hizkuntzen inguruko jarreren inguruan. Ez da eskuliburu honen xedea horien guztien zerrendatze zehatza eskaintzea. Nolanahi ere, Josu Peralesek 2001. urtean, BAT aldizkarirako idatzitako artikuluan, xehetasun handiz eskaini zuen horren lekukoa. Irakurleak XX. mendeko laurogeigarren hamarkadatik hasita gaurdaino egindako hogeita hamar ikerketa baino gehiagoren berri zehatza aurkituko du bertan. Era berean, 2006an David Lasagabasterrek ikerketa-lana jasotzen duen liburuan ere, bertako zein nazioarteko ikerketen inguruko erreferentzien inguruko bilduma oso interesgarria egin zuen.