Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Bigarren hizkuntza (H2) ikasteari dagokionez, ikasleen jarreren izaera instrumentala eta integratzailea izan dira gehien aztertu direnak, batez ere, Gardner eta Lambert-en (1959) lanez geroztik. Jadanik hasierako lanetan jakin zen bigarren hizkuntza ikasteko orduan motibazio integratzaileak instrumentalak baino eraginkorragoak direla (Gardner; Lambert, 1959), (Baker, 2003: 33). Hala ere, ez da ahaztu behar ez dela beti horrela izaten; izan ere, kanpo hizkuntzen edo nazioarteko hizkuntzen kasuetan batez ere, motibazio instrumentala indartsuagoa izan ohi da integratzailea baino.

Gaur egun nagusi diren motibazioen teoriak, honako ideien inguruan biltzen dira: itxaropen eta balioen teoria (motibazioa arrakasta izateko ziurtasun-mailak eman behar du); helburuen teoria (ikaste prozesuan helburu mailakatuaren bitartez moldatzen da motibazioa) eta norberaren balioaren teoria. Nolanahi ere, teoria desberdinetatik harago, erabat orokorra den ideia da bigarren hizkuntza ikastean ikasleek hizkuntza horretako hiztunen ondare kulturalaren zantzuak ere hartzen dituztela. Beraz, hizkuntza hori ikasteak hiztun-komunitate horren hainbat elementu kulturalez jabetzea ekarriko du.

Motibazio sailkapenetan hainbat definizio arazo ere sortzen ari dira. Kontuan izan behar da, gainera, kategoria horiek ez direla beti modu berean ulertzen, hau da, badira hainbat arrazoi instrumentaltzat edo integratzailetzat har daitezkeenak, baita ikertzaileen artean ere. Esate baterako, atzerrira bidaia egitea moduko arrazoiak Spolsky-ren ustez (1969), motibazio integratzailea islatzen dute eta Gardner-en ustez, instrumentala.

Bi joera horiek, nolanahi ere, ez dira halabeharrez aurkariak eta baztertzaileak; pertsona berberean motibazio instrumentala eta integratzailea osatzen dituzten arrazoiak continuum batean koka daitezke. Dena dela, ikertzaile gehienek bat egiten dute esatean orientazio integratzaileak beste komunitateko kideekin identifikatzeko nahia erakusten duela; ikasten ari den bigarren hizkuntza hori duen komunitateko kideekin harremanetan jartzeko borondate ona, afektiboki baloratzen dena, hain zuzen.

Hizkuntzaren irakaskuntzan motibazio integratzailearen kontzeptuan garrantzia hartzen duten faktoreak honakoa dira: H2 hizkuntza eta hiztunei buruzko interesa eta jarrerak, ikaste-prozesuari buruzko jarrerak eta motibazioaren intentsitatea.

Gardner-en motibazio integratzailearen ereduan (1985) motibazio integratzailea honako aldagaiekin elikatzen da:

  • Integratibotasuna: noranzko integratiboa, H2rekiko interesa, H2ren hiztunen aurreko jarrerak.
  • Motibazioa: H2 ikasteko desioa, ahalegina, H2 ikastearekiko jarrerak.
  • Ikasteko egoeraren aurreko jarrera: H2ren irakaslearen ebaluazioa, hizkuntza-ikastaldiaren ebaluazioa.

Ondorengo hamarkadetan eredu honek ekarpen ugari izan ditu. Horien artean leku berezia hartu dute Dörnyeiren lanek (1994). Ikertzaile horren ereduak motibazioaren kontzeptualizazioa hiru mailatan jartzen du:

  • Hizkuntza-mailan: joera integratzaileak eta instrumentaleko elementuak biltzen dira.
  • Ikaslearen mailan: bere ezaugarri indibidualak jasotzen dira, batez ere, norberarenganako konfiantza.
  • Ikasteko egoeraren mailan: egoera bakoitzari lotutako motiboak multzokatzen dira.

Harrez gero, ikertzaile berak, Istvan Ottórekin batera (1998), motibazioaren bilakaera hiru fasetan garatu behar dela azpimarratu zuen. Eredu horri erantzunez, lehen fasean, motibazioa sortu egin behar da; bigarrenean, motibazioa elikatu; eta, hirugarrenean, ebaluazioa egin behar du ikasleak. Azken finean Dörnyeik hezkuntzan aplikatzeko eredua diseinatu zuen honako unitate giltzarriak zehaztuz:

  • Motibaziorako oinarrizko baldintzak sortzea.
  • Hasierako baldintzak sortzea.
  • Motibazioa elikatzea eta babestea.
  • Atzera begirako autoebaluazio positiboa bultzatzea.

Euskal Herriko testuingurura etorriz, Sánchez Carrión "Txepetx"-ek, motibazioa honela definitzen du: Hizkuntza bat ikasteko edo hizkuntza horri atxikitzeko bultzatzen duten arrazoiak, nahiak eta interesak (Sánchez Carrión, 1991: 35), eta berebiziko arreta jartzen dio gai honi, hizkuntza ikasteko gutxieneko baldintzak motibazio kontzeptu honekin zer ikusia duelakoan, bai eta ondoren hizkuntza hori erabiltzeko orduan ere. Bere ikuspegitik, hizkuntza bat ikasteko edo hizkuntza bati eusteko eragina duten faktoreak hiru dira:

  • Motibazioa: hiztuna ikastera bultzatzen duen arrazoi edo interesa, nahikotasun-maila batera heldu behar duena, halabeharrez, ikasten hasteko. Txepetxek hauek bereizten ditu: motibazio barrukoak edo funtsezkoak, eta kanpokoak, kulturalak edo arrazoizkoak.
  • Ezagutza: hizkuntza horren funtzionamenduaren barneratze-prozesuaren ondorioa, hizkuntza erabiltzeko gaitasuna.
  • Erabilera: komunitateak momentu historiko batean dituen hizkuntza-funtzioetan hizkuntza horren erabilera-maila.

Hizkuntzaren jabekuntzaren eragile nagusiak. Txepetxen eredua (1991).

12. irudia

Txepetxek H2 ikasteko prozesua lehen hizkuntzaren jabekuntzaren prozesuaren alderantzizko bidean jartzen du. Lehen hizkuntzaren ikasketa-prozesuan motibazioa ez da kontzientea, baina bigarren hizkuntzaren jabekuntzaren abiapuntua motibazioa halakoa izango da. Txepetxen iritziz, azaleko motibazioak baino garrantzi handiagoa dute sakoneko motibazioek hizkuntzaren ikasketa-prozesua has dadin. Gainera, azpimarratzen du ikasketaren lehen helburua, halabeharrez, erabilerak izan behar duela, motibazio hori elikatzen jarraitzeko, eta etsipenezko sentimenduak sor ez daitezen (Sánchez Carrión, 1991: 45-47). (Txepetxen eskema berriz aipatuko da Hizkuntza Biziberritzeko Ereduak azaltzean).

Motibazioaren garrantzia bigarren hizkuntza ikastera bultzatzeko duen ahalmenean datza, zeregin horretan kemen nahikoa adierazten dutelako, behin aipaturiko nahikotasun-maila hori hartzen duenean (Martínez de Luna, 1996: 40).

  • Motibazioak nahikotasun-mailara iristean baino ez du jardungo ikasten pertsona helduak, baina hizkuntza horretan neurri bateko gaitasunaz jabetuz gero, motibazioak iraun beharko du, hizkuntza erabiltzeari ekin ahal izateko.
  • Ikasten ari den bigarren hizkuntza horretan pertsona nagusiak bat-bateko erabilerarako gaitasunik lortu ezean, motibazioa makaltzeko eta behera etortzeko arriskuan aurki daitezke.
  • Egoera diglosiko batean azaleko motibazioak eta sakonekoak ez dute beti bat egiten. Esate baterako, azaleko motibazioak menpeko hizkuntzaren alde izateko itxurarik badu ere, barneko motibazioak nagusia den hizkuntzaren defentsan jotzen du askotan. (Martínez de Luna, 1996: 42).

Baina motibazioak berebiziko garrantzia du, arestian esan bezala, ahulduta eta galduz doan hizkuntza baten berreskurapenean lehen hizkuntzari eusteko ere.

Hona Iñaki Martínez de Lunak aipatzen ari garen artikuluan laburbildu eta ondorioztatu dituen hainbat ideia:

  • Komunitate bateko kideak, arrazoi soziopolitikoak direla medio, hizkuntza-esparru batzuk beren ama hizkuntzaz bete ezinean aurki daitezke. Ondorioz, esparru horietan jadanik sarturik dagoen hizkuntzan arituko dira, beren jatorrizko hizkuntza alde batera utzita.
  • Jatorrizko hizkuntzaren erabilera gutxieneko maila batetik jaisten bada, ezagutzan eta bere aldeko motibazioetan ere beste hainbesteko beherakada gertatuko da.
  • Jatorrizko hizkuntza kulturarako bide baliagarria denean, hiztunak arrazoizko motibazioak eta arrazoi kulturalak erantsiko dizkio eta, hizkuntza-kontzientziak bultzatuta, hizkuntza horren ezagueran sakonduko du.
  • Hizkuntza-funtzio guztiak eskuratzean, hizkuntzaren ahalmen interaktiboa eta elkarren arteko harreman sozialak asetzen dira.

Azken urteetan egin diren lanetan, hizkuntzaren jabekuntzaren gaineko jarreren eta motibazioen inguruko ikerketek ere interesa izaten jarraitzen dute, ez bakarrik ukipenezko bigarren hizkuntzetara aplikatuz, baita atzerriko bigarren hizkuntzetara aplikatuz ere. Arratibel eta bestek (2001) azaltzen dutenez, motibazioa modu desberdinetan uler daiteke:

  • Motibazio integratiboa eta integralaren ordez, gehiago azaltzen dira motibazio intrintseko (barneko nahia) eta estrinseko (kanpoko beharra) modura.
  • Motibazioa testuinguruaren arabera alda daiteke.
  • Gizarteko egoeraren ondoan, orain gizabanako bakoitzaren testuinguruari garrantzi handiagoa ematen zaio.
  • Gizabanakoaren nortasunaren aldagaiak eta irakaskuntza-ikaskuntzaren aldagaiak duten garrantzia azpimarratzen da.

Josu Peralesek 1989an (Perales, 1998) Gipuzkoako euskaltegi publikoetan egindako lanean motibazioak sakon aztertu zituen. Hona hemen lan horren ezaugarri eta ondorio nagusiak:

  • Guztiz instrumentaletik guztiz integratibora doan continuum batean biltzen diren zazpi orientazioak hirutan birkokatzen ditu, eta instrumentalak, tartekoak eta integratiboak bereizten ditu. Zenbat eta gazteagoak izan ikasleak, hainbat eta era nabarmenagoan eragiten die motibazioaren noranzko instrumentalak; hori gazteagoak lana aurkitu beharrean egoteari egotz dakioke. Gizonezkoek joera handiagoa daukate tarteko orientazioa ez hautatzeko eta eskala osoan zehar sakabanatzeko, hots, elkarren antz txikiagoa dute eta emakumezkoak baino integratiboagoak izateko joera dute.
  • Noranzko integratiboak gehiago eragiten die Euskal Herrian jaiotako gurasoen seme-alabei Euskal Herritik kanpo jaiotakoenei baino. Noranzko instrumentala ikasle unibertsitarioei beste guztiei baino gehiago eragiten die. Zenbat eta euskaldunagoa izan lagunartea, hainbat eta noranzko integratiboagoa izango du motibazioak.
  • Langile ez-espezializatuek, etxeko langileek eta teknikariek noranzko integratiboak eraginda ikasten dute batik bat, eta irakasleek noranzko instrumentalak eraginda. Zenbat eta motibazio integratibo handiagoa izan ikasleak, hainbat eta gehiago saiatzen da euskara ikasten.
  • Noranzko integratiboak eragindako ikasleek instrumentalak eragindakoek baino puntu gehiagorekin ebaluatzen dute jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatea. Jarrera positiboak motibazio integratiboari loturik azaltzeko joera dago.

Siadecok, 1996an egin zuen helduen euskalduntzeari buruzko azterketan, Euskal Herriko 20-39 urte bitarteko erdaldunek osatutako unibertsoa hartu zuen aztergai. Motibazioari buruzko datuak aztertuta, honela sailkatzen dira motibazio-motak:

  • Motibazio afektibo-ideologikoak (nahi dudalako, gure hizkuntza delako...)
  • Motibazio komunikatzaileak (euskaldunekin hobeto komunikatzeko)
  • Motibazio pragmatikoak (lanean behar dut, lana aurkitzeko, ikasgaia gainditzeko...)
Nafarroa eta Iparraldeko euskaltegietako ikasleek motibazio afektibo-ideologiko handiagoa agertzen dute beste guztiek baino. Arrazoi komunikatzaileak garrantzitsuagoak dira, oro har, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean. Motibazio pragmatiko altuena Gipuzkoan azaltzen da, zehazki, Donostian, eta baxuena, Nafarroan (Iruñean) eta Gasteizen, hau da, zonalde erdaldunenetan.

Maite Otegik Goierrin euskalduntze-alfabetatze lanetan diharduten euskaltegietako ikasleen motibazioak aztertu zituen. Emaitzen artean azpimarratzekoa da bai euskara ikasteari ekiteko, bai euskara ikasten jarraitzeko, motibazio nagusia integratzailea dela, baita barnetegikoen artean ere. Ikasle horiek, jarrera positiboa dute euskaldunenganako, baloratu egiten baitituzte. Honek, ikaste-prozesua errazago burutzen lagunduko die.

Motibazio-motaren arabera, nolabaiteko bereizketa egin daiteke ikasleen ezaugarrien arabera:

  • Eragile integratzaile sendoagoa dute gaitasun handiagoa dutenek, lurralde euskaldunagokoak direnek, adin nagusiagoarekin hasitakoek, lortzeko igurikapen handiagoa dutenek, euskara ikasteari kostu psikologiko txikiagoa hautematen diotenek, euskararen eta euskaldunen egoeran eragiteko borondate nabarmena dutenek, eragile instrumentala ere sendoa dutenek, erabilerari buruzko jarrera positiboa dutenek...
  • Eragile instrumental sendoagoa agertzen dute gazteek, gaitasun handiagoa dutenek, B edo D ereduan ikasi dutenek eta euskararen erabilera txikiagoa den lurraldeetan bizi direnek.
  • Ikerketa horretan ikasleek adierazi dituzten ikasteko arrazoietariko batzuk honakoak dira:
    • Integratu nahia, hizkuntzarekiko konpromisoa, konplizitatea.
    • Euskararen beharra lanerako. Motibazio honen balorazio soziala integratzailea baino ahulagoa da.
    • Haurrentzat euskara nahi duten gurasoak. Hauetako askok familia euskaldundu nahi dute, horren garrantziaz ohartu baitira.

Aipatzeko bestelako emaitza batzuk honakoak dira:

  • Denborarekin ikasleen euskarari buruzko jarrerak onerako aldatzen dira.
  • Euskara lanerako behar duten ikasleen artean, batzuk euskara maitatzera heltzen dira. Beste batzuek, aldiz, hasieratik amaieraraino gorroto dute eta titulua ateratakoan gaztelaniaz egiten dute.
  • Hizkuntza-politikari buruz iritzi kontrajarriak agertzen dituzte ikasleek: batzuek behartuta daudela uste dute eta horren aurka agertzen dira, ez baitzaie bide egokia iruditzen.

Amorrortu eta bestek (2009) eginiko lanean ere euskara ikasteko motibazioetan barneko motibazioak eta kanpoko motibazioak ageri dira. Barneko motibazioen artean nahi dudalako edo gogoa dudalako moduko formulazioak agertzen dira; baita identitate arrazoiengatik eta integrazio arrazoiengatik, kontzientzia linguistikoa edota politikoari erantzunez sortzen direnak ere atzematen dira, nahiz eta ez diren ohikoenak. Kanpoko motibazioen artean, balio instrumentalekoak nagusitzen dira: seme-alabei laguntzeko, lanpostuak lortu edo mantentzeko, eta balio integratzaile modura deskriba daitekeen gizartearen presioarengatik sortutakoak.