Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Jarreren gaineko ikerketak abiatu zirenetik oso eztabaidatua izan da jarrera eta jokaeren arteko harremana. Eztabaidaren muinean honelako galderak egon dira: jarrerak ezagutzeak jokaerak aurreikustea ahalbidetzen du? Iragar daitezke jokaerak? Hori izan da, hain zuzen, ikuspegi behaviorista eta mentalistaren arteko bereizgarri nagusietako bat; izan ere, lehen ikerketetatik agerian geratu zen, aitortutako jarreren eta behaturiko jokaeren artean alde handiak gertatzen direla (Baker, 1992:14). Sarri, alde nabarmena aurki daiteke pertsonek aitortzen dituzten jarreren eta atzematen diren jokaeren artean. Nolanahi ere, badirudi gizakiek jarrera eta jokaeraren arteko oreka mantendu ohi dutela (Lasagabaster, 2003: 49) eta, beraz, bien arteko harremana izan, badela.

Hizkuntza-jokaera: hiztunak egoera soziolinguistiko jakin batean egiten dituen aukera linguistikoak. Komunikazio-testuingurua, solaskidea eta interakzio-lekua zein den kontuan hartuz, hizkuntza jakin bat aukeratuko du, hizkuntza-erregistro jakin bat eta abar.

Hala ere, jokaerak iragartzeko orduan kontuan izan behar da giza jokaera partikular guztiak aldagai-sorta bakar batek eragindakoak direla eta, beraz, aldagai horietako bakar bat moldatzea nahikoa dela erantzuna aldatzeko (Ajzen, 1988: 45). Horregatik, jokaerak iragartzeko probabilitatea ez da oso handia izaten. Nolanahi ere, jarreren ezagutza ikerketa jarraituan oinarritzen bada, eta ikerketa horiek testuinguruko aldagai espezifiko eta orokorrak kontuan hartzen badituzte, jokaerak iragartzeko probabilitate handia izan ohi dute (Baker, 1992: 17-20).

Komenigarria da, bestalde, jarrera aitortuen eta jarrera ezkutuen arteko bereizketa egitea. Richard LaPierrek (1934) ondorioztatu zuen aitortutako jarreren fidagarritasuna txikia zela, hau da, galdeketa zuzenaren bitartez jasotako erantzunak ez zirela nahi bezain ziurrak, eta komenigarria zela jokaerak behaketa zuzenaren bitartez neurtzea. Izan ere, aurreikusi gabeko hainbat aldagaik ere eragina izan ohi dute galdeketa horiei erantzuteko orduan. Valencia eta Isasik (1992) ondorioztatu zutenez, honakoak dira, besteak beste, jarreren inguruko erantzunak ematerako orduan eragina izan ohi duten bestelako faktoreak:

  • Gizarte-presioa: gizartean onargarritzat hartzen diren erantzunak emateko joera izaten du inkestatuak.
  • Jarrerak portaera zehatzetan gauzatzeko zailtasunak: adibidez, nahiaren gainetik ezintasun psikiko edo sozialen eraginez.
  • Jokaera automatikoen garrantzia: hainbatetan jokaera ez da hausnarketa kontziente batetik eratorria, ohiturek eraginda gauzatzen den jokaera baizik.
  • Ikertzaileak baldintzaturiko erantzunak ematea: galdeketa egiten duenaren ezaugarriek (estatusa, sexua...) edo testuinguru fisikoak erantzuna baldintza dezakete.

Laburbiltzeko ondoriozta daitekeen ideia nagusia honakoa da: gai baten inguruko jarrerek ez dute zuzenean jokaera ziurtatzen, baina jokaera zehatz baterako prestutasuna eragiten dute.

Ideia horren arabera, Icek Ajzen eta Martin Frishbein (1980) ikertzaileen eredua interesgarria da, jarreretatik abiatuta neurri onargarri batean portaerak aurreikus baitaitezke.

Jarreretatik jokaeretara doan bidearen eredua (Ajzen eta Frishbein, 1980).

8. irudia