Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Hizkuntza edo aldaera zehatz baten inguruko jarrera hizkuntza horren ospeari lotuta egon ohi da. Ospea gehienbat onarpen ofizialetik (estatus ofiziala, babes instituzionala, babes ekonomikoa...) edota, identitate-emaile izaera tarteko, tradizio kulturaletik garatzen da, adibidez, literatura idatziak eta ahozkoak emandako estatusetik.

Hizkuntza ofizialen kasuan hizkuntzak berak ematen die ospe politikoa, ekonomikoa eta soziala hiztunei, eta hizkuntza prestigiodunen hiztunek beste hizkuntza batzuekin harremana dutenean (hizkuntza-ukipenezko egoeretan), ñabardurak sortzen dira.

Ukipenezko harremana hedatze-maila handiko hizkuntzarekin gertatzen bada, edo hizkuntza horrek mugaz haragoko beharrizanei erantzuten badie, hizkuntza horrekiko jarrera positiboak agertuko dira, ez baditu, behintzat, taldearen nortasuna edota identitatea arriskuan jartzen. Esate baterako, mendebaldeko Europan Bigarren Mundu Gerratearen ondoren ingelesak hartu duen onarpen-mailak sortu duen jarrera oso aldekoa izan da ia oraintsu arte, hizkuntza hori erabiltzeak dakartzan abantailak handiak direlako mendebaleko gizartean. Nolanahi ere, Frantzian bezala Danimarkan edota Norvegian ere, hain positiboak ez diren jarrerak azaltzen ari dira ingelesaren hedaduraren aurrean; bertako hizkuntzaren erabilera-esparru zenbaitetan ingelesak hartu duen lekua kezka eragiten hasi da beste hizkuntza horien hiztun-komunitatean.

Ukipenezko harremana ospe gutxiagoko hizkuntzekin bada, hizkuntza ofizialeko hiztunek sarritan axolagabekeria edo gutxiespenezko jarrerak erakusten dituzte hizkuntza eta hiztun horiekiko (Martí eta beste, 2005: 299). Besteren artean, hori izan da munduko hizkuntzen galera-egoera larria eragin duen arrazoia. Stephen Wurm-ek dioen modura,

"gaur egun galtze-arrisku bizian dauden hainbat eta hainbat hizkuntza ez leudeke ataka horretan harremana izan duten hizkuntza handi eta nagusi diren hiztunen jarrerengatik ez balitz, horiek uste baitute elebakartasuna egoera normal eta desiragarria dela, eta ondorioz, mendean hartutako hizkuntza zokoratzera behartzen baitute..." (Crystal, 2000: 95).

Estatus ofizialik ez duten hizkuntzei dagokienez, ospe kulturalak eta erkidego-identitateak garatzen dute hizkuntzaren aldeko jarrera positiboa. Hiztunak hizkuntzarekin harro sentitzen badira, besteei entzutean gozatzen badute, ahal duten guztietan ahal bezain modu sortzailean erabiltzen badute, hizkuntza horrek etorkizunerako kondizio egokienak izango ditu. Crystalek dioen modura, hizkuntzarekiko jarrera positiboak sustatzea hizkuntzaren etorkizuna ziurtatzeko helburu bat da (Crystal, 2000: 97). Baina komunitate batek bere hizkuntza ordezkatzeko presioak jasotzen baditu, nahiz eta hiztunek beren hizkuntzaz harro daudela adierazi edo aldeko jarrera aitortu, prestigio handiagoko beste hizkuntza baten aldeko ordezkatzeak gertatzen dira, arrazoi pragmatikoak direla medio (Martí eta beste, 2005: 301).

Nolanahi ere, kontuan izan behar da hizkuntzarekiko jarrerak ez direla komunitate osoan homogeneoak izaten. Alde batetik, hirietako eta landa-inguruneetako biztanleen arteko aldea nabaria izan ohi da, batez ere, urbanizazio azkarraren eraginez. Bestalde, belaunaldi gazteek errazago aldatu izan ohi dituzte euren hizkuntzaren aldeko jarrerak, ospe handiagokoa denaren alde eginez.

Norberaren hizkuntzarekiko jarrera negatiboek, sarri, hizkuntzaren ordezkatze-prozesuak eragindako lotsa-sentimenduetan dute iturburua. Egoera hori oso nabarmena da munduko hizkuntza indigena askotako hiztunengan, baina baita Europako herrialdeetan ere, gutxiengoen hizkuntzak estatuen asimilazio-politikapean daudenean. Gainera, hizkuntzen inguruko jarrerek hiztunen ingurukoak ere islatzen dituztenez, oso zabalduta daude hizkuntzen mailakatzean behealdean geratzen diren hiztunekiko jarrera negatiboak.

Historian zehar sortutako jarrera negatibo horien eragina modu ugaritan ager daiteke baztertutako hizkuntzetako hiztunengan: gutxiagotasun sentimenduak, lotsa eta konfiantzarik eza, ondorengoei norberak bizi izandako zailtasunak ekidin nahi izatea eta abar. Eragin hori norberaren hizkuntza ezagutzea ukatzeraino hel daiteke. Ezaguna da, esate baterako, migrazio mugimenduetan pertsona etorri berri askok euren herrietan osperik gabeko hizkuntzetan hitz egiten badute, hizkuntza bera ukatzea (Uranga eta beste, 2008: 15).

Jarrera negatibo horiek, hainbat kasutan, kide gehienek hizkuntza gordetzeari eta erabiltzeari uko egitea eragiten dute. Mundu zabaleko hizkuntzetako lekukotasun ugari jaso dituzte, besteak beste, Hagège (1982), Lastra (1992), Crystal (2000), Würm (2001), eta Martí eta beste (2005) ikertzaileek azken urteetan.

Jarrera negatiboek, esan bezala, hizkuntza alboratzea, bere transmisioa etetea edota ez ikastea ekarri ohi du. Horrela, hizkuntzaren ekoizpen naturala (hiztun erkidegoan hizkuntza belaunaldiz belaunaldiko iragaitea) eta erreprodukzioa (hiztun berriak irabaztea) galtzen dira (Europako Batzordea, 1996), biziraupenerako oinarrizko bi betebeharrak, hain zuzen.

Kontuan izan behar da, gainera, joera hori aldatzeko ahaleginak ere, oztopoz beterikoak izan daitezkeela. Norberaren hizkuntza ukatzerainoko lotsa sentitzen duen hiztuna edo komunitatea bere hizkuntzaren balioaz jabearazteak ez du arrakasta erraza izango. Zaila da hizkuntzarekiko gogoa sortzea etengabe bazterketara bultzatua sentitu den hiztunarengan, edota hilzorian dagoen hizkuntza batean hitz egiten duela esan zaion hiztunarengan (Crystal, 2000:102).